Nerabezaroaren beste ezaugarri garrantzitsu bat dolu-garaia da. Aberastury eta Knobel psikoanalistek jada klasiko bilakatutako ikerlanean ongi azaltzen dutenez, hiru dira nerabeek jasan beharreko galerak: haur zirenean zuten gorputza, haur zirenean zuten identitate-rola eta haurtzaroan gurasoez zeukaten irudia. Horren garrantzitsuak ziren helduleku eta ziurtasun-iturrien galerak noraez-egoera batera darama askotan nerabea. Horregatik eta jadanik aipatuak diren arrazoiengatik, euren buruarekiko arrotz-sentimendu handia sortzen zaie barrenean, oro har bakardade-sentimendu handia dakarkiena. Arrotz sentitzen dira, eta garrantzi handikoa da une horietan guk euren arroztasun horretan onartzea eta lagun egitea.
Nerabeen errealitatea ulertzeak berebiziko garrantzia du, haien ondoan egoki kokatuko bagara. Bizitzen ari diren une existentzialak oso baldin-tzatuta dagoen errealitate hori baitago maiz daukaten jokabidearen oinarri-oinarrian. Baina, benetan helduen eta nerabeen artean askotan ezartzen den hesiaren eta ulertu ezinaren zergatiaren bila abiatu nahi badugu, helduon edo eskola-sistemaren ezaugarriei ere erreparatu behar genieke. Lehenik eta behin, garrantzitsua delako gogoratzea ez dagoela beste batekiko erlazioan gertatzen ez den gatazkarik, eta zentzu horretan beti hartu behar delako kontuan onerako eta txarrerako harremanean eragin dezakeen beste pertsona horren aldagaia. Irakasle garen aldetik, gure jokabideek eta jarrerek asko lagundu dezakete gatazka bat ekiditen, bideratzen edo areagotzen.
Gainera, geurea beste pertsona batekiko harremanean hazten eta garatzen den espeziea izanik, beste horren nolakotasunari begiratzea saihetsezina da, garapen-prozesuaren ondorioz sortu den produktuaren kalitatea ebaluatzeko orduan. Nerabeei dagokienez, beraz, geu gara fabrikatzaileak eta, beraz, erantzuleak, gizartearen ordezkari edo eragile garen heinean. Gure ikasgela orotan topatzen dugun nerabe arazotsuaren haragian gauzatzen da askotan geure gizartearena baino ez den munstroa. Ez dugu maite horrelakoek aurrean jartzen diguten ispiluan geure buruaren isla ikustea. Baina, gustatzen ez bazaigu ere, guri dagozkigun ardura eta erantzukizuna onartu behar ditugu, itzultzen diguten irudia geure haziera- eta heziketa-eredu eskasaren ondorio baino ez denez. Uzten dizkiguten seinaleetan irakurtzen jakinez gero, oso txikitatik adierazten digute haurrek gauzak ez doazela ongi; baina, gure itsutasunean, nerabeen indarrez jantzi behar dute krisiek, mezua irakurtzen hasiko bagara eta, gure gorrerian, garrasika ari zaiguna gizartea dela ohartuko bagara; ez dela zoriontsu eta beste bide batetik ibiltzen lagun diezaiogun ari zaigu otoika.
Heziketa-prozesuan zehar, haurrek gero eta gehiago topatzen dituzte euren beharretara egokitzen ez diren ekosistemak. Eta mina eragiten du horrek. Arinagoa edo bortitzagoa, ikusgarriagoa edo estaliagoa, baina mina, azken batean. Institutuetako ikasle arazotsuetako asko euren historia psikoafektiboan igarotako bidetik jadanik oso kaltetuta irtendako gaztetxoak dira. Ez denak, jakina. Eta zorionez. Baina asko bai, gehiegi. Ez nuke nahi arazotsuaren irudia denok buruan dugun ikasle disruptibo, erreaktibo eta probokatzailearena izatea soilik, nahiz eta bistakoa den profil horretakoak direla beti ikusgarrien egiten zaizkigunak; gure eguneroko eginkizuna gehien zailtzen digutenak, alegia. Erabat otzan eta arauaren segitzaile leial den horrengan, nekez jarri ohi dugu arreta, ikasle onaren potretarekin oso bat egiten duelako, eta sistemari gehien komeni zaion profil psikologikoa bikain garatu duelako, agian. Baina, gazte batek izan beharko lukeen horretatik hainbeste urrunduta, bizitasunaren prezio garestia eta bizipozerako eskubide oinarrizkoa ordaindu ditu arrakastaren trukean. Eta mingarria da hori ere.
Gure gazte gehienek euren nerabezaroaren denbora-tarte handiena institutuetako pareten artean igarotzen dute, edo institutuetan egiten zaien eskakizun erraldoiari aurre egin ahal izateko ikasi behar horretan. Lehen aipatutako guztiagatik, jakin beharko genuke honezkero gehiegizkoak direla in posatzen zaizkien baldintzak eta erritmoak. Askok krak egiten dute. Ezgai diren sentimendu erabat injustua erraietaraino txertaturik bukatzen dute eskola-ibilbidea, berez asebetegarria baino izan behar ez lukeen ikasketa-prozesua, alegia. Zinez uste dugu hori sentiarazteko eskubidea dugula?
Nerabeez osatutako gela batean sartzeko heldu batek izan behar dituen ezaugarri edo gaitasunen multzoa handia bezain askotarikoa da. Bere buruari begiratzen jakin behar du, ikasleekin suertatuko zaizkion gatazketan dagokion partea identifikatzeko eta onartzeko, bai eta dagokion hori aldatzen jakiteko ere, jakina. Adore puska bat ere behar du, noski. Ez luke inoiz ere ahaztu behar nahitaez eredu izango dela. Onerako eta txarrerako, den horren kutsadura moduko bat eragingo duela, alegia. Saiatu une batez, irakurle, institutu-garaian ezagutu zenuen eta bihotzean txertatuta gelditu zitzaizun irakasle horrek zeuzkan ezaugarriak gogoratzen. Ia ziur naiz gogora etorriko zaizun ezaugarrietako bat gutxienez gaitasun emozional edo gizatiarra izanen dela. Konfiantza ematen jakin behar luke, eta konfiantza-giroa ereiten. Ikasketa, dela akademikoa, dela beste arlo batekoa, konfiantzazko harreman batean baizik gertatzen ez den prozesua da. Mugak ere jarri behar dira, jakina. Baina beharrezkoak izango dira benetan garrantzitsuak ez diren edo are zentzugabeak ere badiren muga horiek identifikatzeko gaitasuna eta horien gainetik pasatzeko kemena eta ausardia ere, askotan nerabeen eta azken batean pertsonen eskubideen kontrakoa den sistema honen erabateko adiskide izatea ez baita gaixotasunaren zantzua baino. Oso kontuz ibili beharko dugu ikasleen estimuan eragin ditzakegun zauriekin, ez baitzaigu horrelakorik zilegi, inola ere. Eta kontuz ibili behar dugu kasu askotan hurbilegi eta eskura izango dugun boterekeriaren tentazioarekin ere. Errespetuz tratatuko ditugu ikasleak, bistan denez, eta ongi ulertu behar dugu, beraz, ez dela batere jarrera errespetuzkoa ikasleekiko ironia edo txantxa sarkastikoak erabiltzea, edo erasokorrak izatea, nahiz eta maila apal batean izan. Ikasleekiko errespetuaren barnean sartu beharko genuke gure eskaintza akademikoaren kalitatea ere. Ororentzat gertatu beharko luke posible ikasketak, denen eskura egon beharko luke hori lor-tzeak, eta denentzat erakargarria izan behar luke. Intelektualegiak, abstraktuegiak izan gabe, euren bizitzatan baliagarri izango zaizkien edukiak behar dituzte, sormenez moldatuak. Lotura estuak ezartzeko gaitasuna ere izan behar luke, batez ere helduekin loturak ezartzeko ezintasun nabarmena erakusten duten horiekin. Ikasleek erakusten duten horretatik harago eta urrunago begiratzen jakin behar du. Batez ere ikasleen heziketa pertsonalean jarriko du arreta beti, beste ororen gainetik. Arrasto polita uztea izango du azken helburu.