Katalina Erauso pastorala. Ate gorriko süjeta.

2016an bi pastoralez gozatu ahal izan dugu, Zuberoan atarraztarrek jokatu duten Jean Pitrau lehena eta Baiona aldean loratu eta plazaratu duten Katalina Erauso izenekoa. Oraingoan Katalina Erausorenaz arituko natzaizue. Hauxe izan da, gainera, jokatu den lehena, lehenbiziko emanaldia ekainaren 5ean eman baitzuten Baionako Lauga aretoan. Geroztik bi emanaldi gehiago egin dituzte, bigarrena irailaren 4an Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta hirugarrena irailaren 10ean Donibane Garaziko Jai-alai berrituan. Hiruak arrakastatsuak suertatu dira eta jende ainitz erakarri dute. Ni hirugarren emanaldira hurbildu nintzen, hau da, Nafarroa Behereko hiriburuan, irailaren bigarren larunbatean jokatu zuten saiora. Arratseko zazpietan hastekoa zen eta ni sartu nintzenerako jai-alaia aski beteta zegoen, beheko ezker aldean kadira franko hutsik gelditu baziren ere. Erran behar dut bertara hurbildutako gehien-gehienak baxenafarrak zirela.

Zazpietan, puntu-puntuan, eta pastoral martxaren doinuaz lagundurik, arizaleak jai-alaiko erdigunean kokaturik zeukaten oholtzara igotzen hasi ziren. Oholtzako erridau urdin, zuri eta gorrien gainean ohiko apaingarriak ziren, erdi-erdian eta leku nabarmena hartuz pastoralaren izena, honen ezker-eskuin Donostiako eta Baionako armarriak, euskal ikurrina gainean, ezkerrean Xiberoko bandera eta eskuinean pastoraletan beti jartzen den zurezko deabrüa. Oholtza janzten eta apaintzen zuten oihal zurietan ohiko lili eder koloredunak. Orkestra eskuin aldean ezarrita zeukaten, bigarren oholtza batean kokaturik. Horren gainean hogeita bost bat musikari, denak beltzez jantzita.

Arizaleak ohiko itzuli geometrikoak egin zituzten oholtza gainean, etengabe txalotzen zuen publikoaren esku-zarten artean. Lehen prediküaren tenorea zen.

1.- Nor zen Katalina Erauso?

Katalina Donostian sortu zen 1585. urtean –badira 1592an jaio zela erraten dutenak– diruz ongi zebilen familia batean. Gurasoak Migel Erauso eta Maria Perez-Galarraga ziren. Osora, bost seme-alaba ekarri zituzten: Migeltxo, Ixabel, Mariana, Jaxinta eta Katalina. Semea soldadu izan zedin bideratu zuten ttiki-ttikitik eta lau ahizpak, berriz, Antigua auzoko moja dominikarren komentuan sartu zituzten. Katalinak orduan lau urte zituen. Ahizpek moja jarraitu zuten hil bitarteko patuari segituz, baina Katalina ez zen bat ere gustura egokitu zitzaion bizimoduarekin eta hainbat liskar piztu ondoren, 1603an beste moja bat astindu zuen eta zigorturik zeukatela, gau batez, bere ganberako leihotik alde egin zuen. Baserritar gizonezko arropaz jantzi eta Gasteizera joan zen Frantzisko Loiola izenaz birbataiaturik. . Garai hartan hamabost urte zituen.

12

 

 

 

 

 

 

 

Katalina Erauso soldaduz jantzita.                                                                                                                Pastoralaren afixa.

Urte berean, itsasontzi batean Ameriketara jo zuen, Panama aldera hasieran eta Perura eta Txilera gero. Kontinente berrian soldadu ibili zen eta indioen aurkako borrokaldietan ospetsu egin zen bere ausardiaz eta adoreaz, baina baita bere krudelkeriaz eta odol-zalekeriaz ere. Alferez edo entseinaria izatera iritsi zen. Izaera liskarti eta borrokazalekoa zenez gero, hamaika kalapitatan sarturik ibili zen. Txilen zegoela, liskar horietako batean Migeltxo anaia hil zuen ezpataz. Bere autobiografian hilketa hau zuritu zuen, gaueko iluntasunetan anaia ez zuela ezagutu idatziz. Justiziari itzuriz, Argentinara jo zuen ondoren, eta Ande mendietan barrena ibili zen. Hortik berriz Perura eta Perutik Boliviara gero. Cuzko hirian, beste liskar horietako batean, soldadu espainiar bat hil zuen ezpataz; bera ere larriki kolpaturik suertatu zen. Apezpikuaren jauregian aterpe eta babesa bilatu zuen. Hilzorian zegoela, emakume zela aitortu zion apezpikuari. Ustekabeko berria laster espainiar inperio osora barreiatu zen.

Sendatu zelarik komentu batean egon zen eta 1620an Eropara itzuli zen. Espainiako Felipe IV.a erregeak harrera egin zion. Ondoren Erromara jo zuen eta Urbano VIII.a aita sainduarekin mintzatu zen. Harrigarria bada ere, gizon moduan bizitzeko baimena eman zion. 1624an bere autobiografia idatzi eta 1625an argitaratu zuen. Geroxeago, 1630. urtean, Ameriketara itzuli zen eta Mexikoko Veracruz hirian bizi izan zen, itzain lanetan, eta Antonio Erauso izena erabiliz, 1650ean hil zen arte.

2.- Pastoralaren hainbat kontu.-

Hauxe da pertsonaiaren historia eta hauxe da Maite Berrogain (sortzez Ithurbide) urdiñabertarrak bere pastoralerako süjeta bilakatu duen emakume harrigarria. Hau da, gainera, Maite Berrogainek idatzi duen lehen pastorala. Pastoral honetan bi errejenta aritu dira, biak emakumeak, Pantxika Urruti barkoxtarra eta Maitena Lapeyre mauletarra. Kantuen gidari Sophie Larrandabürü aritu da, jantzi kontuetan Jasone Salaberria, Johañe Etxebest dantza irakasle, Jean Laphitz musikari buru, eta Pierra Rousseu “Latxikana” eta Guillaume Irigoien kantu-egile. Horien guztien inguruan ehun eta berrogeita hamar lagun inguru, arizale eta laguntzaileen artean. Katalina Erausoren bizitza antzezteko lau neska aritu dira süjeta moduan. Haurra zenekoa Alaia Ithurbidek bete du, neskatila zenekoa Laida Abadia Laffitek, gazte zenekoa Miren Elkegaraik eta heldu zenekoa Graxiana Castillonek.

3
Artzainak oholtzan kantuz.

3.- Nire iritzia.-

Ikusi aurretik entzunak nituen pastoral honi buruzko aldeko iritziak. Hainbat adituri entzuna nien biziki ona zela, onenetakoa agian. Gidoia, egitura, kantuak, dantzak, süjetaren tratamendu berria… goraipatzen zituzten. Beraz, pastorala ikustera joan aitzinetik, aitortu beharra daukat nire baitan aldeko aurreiritzia egina nuela. Ikusi eta egiaztatu bat izan zen.

Baina oro ez da urre mundu honetan, eta aurkako zenbait iritzi ere entzunak nituela erran beharra daukat, batez ere, süjetaren desegokitasunaz.
Pastoraletan süjeta sona handiko pertsonaia izan da beti, garaiko balore eta doaietan sustraitua, Jakin badakigu, garai zaharretako süjeten artean Katalina Erauso baino hiltzaile eta gaizkile handiagoak izan zirela, Napoleon eta Xarloman, adibidez, baina garaiko gizartean ez zituzten horrela ikusten, miresmenaz baizik. Ez da holakoa izan Katalina Erausoren kasua, betidanik jakin izan baitugu liskarti eta aldarte txarrekoa izan zela, eta gainera, Amerikako indioak sarraskitzen ibili zela.

Alde horretatik begiratuta, Katalinak ez zituen pastoral bateko süjeta izateko orain arte erabili izan ziren baldintzak betetzen; baina, Maite Berrogainek, hori guztia jakinda, moja-entseinaria süjeta izateko hautatu zuen, eta nire ustez, trataera ezin hobeaz, jorratu du Katalina Erausoren inguruko trajeria.

Ez du saindutzat hartu, inolaz ere, baina bai gure historian toki berezia bete duen emakumetzat. Eta horretan ez zaio arrazoirik falta izan. Gustatu ala ez, Katalina Erausok euskaldunen historian ongi finkaturik baitago.

Inork ez daki, teoriak badiren arren, zer zen Katalinaren bihotza horrela pozoitzen zuena eta zerk bultzatu zuen bere emakumetasuna ukatzeko eta gizon moduan ibiltzeko. Berak ere, ziur aski, ez zekien ongi zergatik. Baina horrela egin zuen eta garaiko gizon soldadu anker, odolzale eta gupidagabeen papera jokatu; Katalina ez baitzen horretan berezia izan, orduko soldaduen jarrera nagusia bereganatu hartu zuen, besterik ez.

Migeltxo anaia nahita hil ote zuen ala ez, ez dugu nehoiz jakinen. Berak bere autobiografian idatzi zuenez, gaueko iluntasunetan ez omen zuen ezagutu. Auskalo!

Bederatzigarren jelkaldian, maputxeen aurkako triskantzetan ibili zela aipatzen delarik, pastoral-egileak Atahualpa indio buruzagiaren hitzen zuzentasuna garbi uzten du eta publikoak horrela ulertu zuen, txaloaldi bero batez hartu baitzuten; eta Katalina, süjeta izanki, gaizkileei dagokien oihal gorriko atetik sartu zen. Orain arte, inongo pastoraletan ikusi ez dena. Publikoak normaltasun osoz hartu zuen. Agian, gehien-gehienak baxenafarrak zirenez, pastoralaren kodeak ez zituztelako ongi ezagutzen, baliteke. Alde horretatik pena da Zuberoan jokatu ez izana.

4
Azken kanthorea.

5

Azpeiti eta Azkoitiko dantzarien ezpata-dantza Katalinaren ohorez.

Hamahirugarren jelkaldian gauza bera gertatu zen. Katalinak liskar batean soldadu espainiar bat kalitu zuen eta bera, larriki kolpaturik, apezpikuaren jauregian aterpetu zen. Berriz ere, ate gorritik sartu zen.
Hamaseigarren jeladiaren bukaeran, Maite Berrogainek Guillaume Irigoienekin batera egindako “Ardi beltxa” kantua abestu zuten. Kanthore horretan garbi gelditu zen, berriz ere, Katalina ez zela saindu bat izan.

Hemeretzigarren jelkaldian, berriz, Katalina hiltzen denean, Maite Berrogainek ongi erakutsi zuen Katalina Erausok, bere bitasun horretan, bazuela alde gizatiar bat, eta ikus-entzuleek ongi ulertu zuten, esku-zarta handiez lagundu baitzuten Katalina paradisua irudikatzen duen ate zuritik sartzen. Beraz, Maite Berrogainek ongi gainditu du Katalina Erauso bezalako pertsonaia eztabaidagarri bat süjetarako hautatzean bere gain hartu zuen erronka. Bide berria erakutsi du süjetaren hautatzerako.

Aipatu beharra dago Maite Berrogain dugula hirugarren emakume pastoral-egilea. Lehena Itxaro Borda dugu, 2014an Baionan jokatu zen “Gerezien denbora” pastoral entzutetsuarekin. Bigarrena Annick Renaud-Coulon, 2015ean Irurik eta Zalgizek jokatu zuten “Pierra Lhande” eztabaidatsuarekin. Honek pastorala frantsesez idatzi zuen eta hainbat eskuk euskaratu eta moldatu zioten. Eta hirugarrena, arestian erran bezala, Maite Berrogain dugu “Katalina Erauso” pastoralarekin.

Pastoral-egile gehien-gehienak gizonezkoak izan dira eta gaur egun ere gehienak gizonak ditugu. Dena den, badira Zuberoan emakume adoretsuak, euskaraz alfabetatuak direnak eta etorkizun hurbilean pastoral berriak idatziko dituztenak.

Buka dezadan artikulu hau Katalina Erausori buruzko pastorala izugarri gustatu zaidala aitortuz. Lerro hauetatik bihoakie modu batean edo bestean pastoral honetan parte hartu duten guzti-guztiei nire zorionik beroena. Biba pastorala!