Joan den ekainean, Elinberrin esaten genuen Farmazialarien Kontseilu Nagusiak sendabelarren gaineko ikastaro bat antolatu duela. Kanpainaren helburua farmazialariak populazioari landarez egindako medikamentu tradizionalei buruzko informazioa ematea da. Ekainean, bada, pisu egokia eta sendabelarrak izan ziren idazkiaren muina. Oraingoan, loezina, estresa eta sendabelarrak izango dira, eta hurrengo batean, digestio arazoei eta sendabelarrei buruz idazteko asmoa dut.
Loezina loaren asaldura, kalitate txarreko loaldia edo gutxi lo egitea da. Faktore eragileak desberdinak dira: larritasuna, estres egoera, sentimendu-krisiak, familiako edo lagun baten heriotza, lan- edo ekonomia-arazoak eta abar.
Badira sendabelarrak loezinari aurre egiteko: pasiflora, Kaliforniako mitxoleta, belar bedeinkatua (baleriana), garraiska, izpilikua, elorri zuria, lupulua eta beste.
Loaren arazoei aurre egiteko, ezer baino lehen, higiene- eta jan-neurriak hartu behar dira, hala nola, lotara joan baino 6 ordu lehenago kafeina duten elikagairik edo edaririk ez hartu, lotara joan baino ordu batzuk lehenago nikotina saihestu, lotara joan baino 6 ordu lehenago edari alkoholdunak ez hartu. Era berean, afari arinak egin, eta gutxienez oheratu baino 2 ordu lehenago afaldu. Logela egokitu: argia, zarata eta muturreko tenperaturak minimizatu. Halaber, lotara joan aurreko 6 orduetan ariketa fisiko handirik ez egin. Ohean bakarrik egon lo egiteko, lo egitea saiatu bakarrik logura garenean. Ohean ez irakurri, ez jan, ez telebista ikusi. Esnatzeko ordua mantentzen saiatu, baita asteburuetan eta oporretan ere, zenbat denbora lo egin dugun kontuan hartu gabe.
Insomnioa duten pertsonak egunezko lo-kuluxkak saihesten ahalegindu behar dira, baina logura menderaezina bada, ordu erdi baino gutxiagoko lo-kuluxka egiten ahal da, betiere, oheratu baino 6 ordu lehenago.
Estresa, berriz, gorputzaren asaldura bat da, fisikoa edo psikikoa. Organismoari neurriz gaineko errendimendua eskatzen zaionean gertatzen da. Arrazoiak desberdinak dira: zenbait egoeraren perzepzio ezkorra, dieta desorekatuak (dieta desorekatu batek estres fisikoa eta immunodepresioa eragiten ditu, eta estres fisikoak, berriz, estres emozionala eragiten du). Halaber, ariketa fisikorik eza, eta gizarte harremanik ez izatea, edota estresa kanporatzeko egokiak diren jarduerak ez egitea.
Estresari aurre egiteko badira sendabelarrak. Asteniari eta nekeari aurre egiteko erabiltzen dira. Bi aipatuko ditugu: ginseng-en sustraiak eta eleuterokoko-ren sustraiak.
Nerbio-depresioa da beste gaixotasun bat. Asaldura afektiboa da. Zenbait ezaugarri ditu: gogogabezia, gizarte harremanik ez izatea, autoestimazioa galtzea, tristura, etsipena, babesik gabe egotea, neurriz gaineko nekea. Sintoma batzuk baditu, hala nola lehenago atseginak ziren jarduerak orain atsegingarriak ez izatea, goizean ohi baino lehenago esnatzea, goiza pasatu ahala umorea okerrera egitea, jateko gogoa galtzea, pisua galtzea eta libidoa galtzea.
Depresioari aurre egiteko bada sendabelar bat oso ezaguna, Hypericum perforatum (milazuloa, hiperikoa, Santiago belarra) du izena. Landarearen sumidadea erabiltzen da. Depresio arinaren zein ertainaren aurkako eragina du.