Urriaren 20an jakin genuen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuela, Kataluniak 2010ean zezenketak debekatzeko hartutako erabakia. Azalpena zera izan zen, Kataluniak baduela bai, Kataluniako aferei buruz erabakitzeko eskumena, baina, zezenketen gaiaren inguruan hain zuzen ere ez, gai horretan soil-soilik Espainiak omen du eskuduntza debekatzeko edo baimentzeko zezenketak, eta argudioa honako hauxe izan zen, alegia, zezenketak Espainiako Ondare Kulturala dela, hau da, Jai Nazionala.
Gaur egun, munduko edozein herrialde zibilizatu eta demokratikotan, uste dut jende gehienak onartzen duela, pertsonak animaliak ere bagarela, nahiz eta adimendunak izan, omen. Beste alde batetik, ea nor ausartzen den esatera animaliek -handienek behinik behin- ez dutela sentitzen. Guztiz nabarmena da, guk ezagutzen ditugun animaliak -katuak, txakurrak, behiak, ardiak, txerriak, behorrak, e.a.-, noiz dauden pozik, alai, triste, gaixorik, estresatuta, oinazez, lasai, gozamenez, urduri, eta abar. Gutxi gorabehera, pertsonak bezalatsu.
Baina, hara non, gure gizarte honetan berean pertsona batzuk oraindik gozatzen diren beste animalia batzuk urduriarazten, estresarazten, zauritzen, torturatzen, sufriarazten eta hiltzen. Giza jokamolde honek ez du ematen oso zibilizatua eta demokratikoa denik, baina, hala eta guztiz ere, hementxe bertan, gure sufrimenduetako Euskal Herri honetan, jende asko dago oraino bat egiten duena mota horretako praktikekin, eta oso urrutira joan gabe, hortxe ditugu adibide moduan, konparaziora, Iruñeko, Bilboko, Gasteizko, Donostiako, Baionako eta abarreko zezenketa sonatuak.
Euskal Herrian, azken hamarkada hauetan, pixkanaka-pixkanaka, iruditzen zait egin dela ahalegin handi samarra, hainbat eta hainbat joko lotsagarri gutxitu, baztertu eta kentzeko, esate baterako, antzara jokoak, oilar borrokak, ahari talkak, eta bat eta beste. Hemengo edozein herri edota hiritan, topatuko bagenu pertsonaren bat txakur edo katuren bat gaizki tratatzen kalean, adibidez, ostikoak ematen edota isatsa zapaltzen, seguru nago denok gaitzetsiko genukeela pertsona hori. Animalia batek -pertsona batek, kasu honetan- nola goza liteke beste bat gaizki tratatuz, denen aurrean, pentsatuko genuke gehienok, ziur asko. Alabaina, zezenekin ezberdin omen da. Zezenketak Espainiako Jai Nazionala eta Kultur Ondarea direnez gero, han, plazan, zezenek ez omen dute sufritzen, alderantziz, horretarako jaio omen dira, plazan, ikusle guztien aurrean, beren ausardia eta suhartasun osoa erakusteko, hau da, gozamenaren gozamenez orgasmoa lortu arte. Gainera, zezenketa zaleen arabera, horri esker irauten omen dute bizirik zezenek, hots, beraiei esker, bestela, zezenenak aspaldian egin izanen zuen, alegia, galduko omen ziren.
Izan ere, une batez, pentsa dezagun zeinen pozgarri eta atsegingarria izan behar duen zezen batentzat, jendez beteta eta iskanbilaz borborka dagoen plaza batera atera, eta hil arte gozatu odolustuz, lantzaren zanpatekoekin, banderilen takatekoekin, ezpataren zartadekin eta sastakaiaren eztenkadekin. Bai jaun-andreok, gozamen hutsa! Egundoko plazera!
Hamaika ikusteko jaioak gara! Ala oso espainiar sentitzen ote gara?