Aurreko egunean Unibertsitateko karpa famatua dela eta ez dela, gure bizilagunen ahotan zenbait kezka entzun ditzakegu, “unibertsitateko gazteek parranda besterik ez dute egiten”, “karpa egunean gehiegi edaten dute ikasleek”, “hara! Botilak eta botilak besterik ez dute eramaten poltsetan”
Gehienontzat aisialdi momentuak bereziak izaten dira, gehiago gozatzen dugu erlazio-espazioak sortzen ditugunean edo jai-ekitaldietan. Elkartzeko une hauek orokorrean barre egiteko, gozatzeko, dantzatzeko, deskonektatzeko, etab. izaten dira, eta nola ez da ba izango ikasleak zaretenentzat Unibertsitateko karpa!
Behin baino gehiagotan aipatu dugu aisialdi edo festa-giro momentutan gehiagotan ematen dela substantzien kontsumoa, legezkoak edo ilegalak, izan ere drogak gure gizartean paper garrantzitsua joka dezake gure deskonektatzeko eta gozatzeko nahietan, erlazionatzeko, beste pertsonekin hurbiltzeko… etab. gainera, ohartu bazara, gure kulturan ospakizunak ere drogen kontsumoarekin oso lotuta daude.
Ez dakit zehazki ikasle zaren artikulu hau irakurtzen zauden hori, edo gogoan duzun oraindik ikasle izan zaren garaia… ikasle, langile, etxekoandre, langabetua, jubilatua, edo dena delakoa, noiz ez duzu eskertu zure betebeharrak alde batera uzteko aukera? Eta zer egin duzu momentu horietan? Zein erabaki hartu dituzu zure aisialdi momentuak pasatzerakoan?
Ziurrenik, bueltatxo bat emango zenuen norbaitekin edo bakarrik, Barañaingo lakutik, edo balkoira irtengo zinen eta zigarro bat piztu, edo plazako tabernara jaitsi eta pote-pintxoa egin, norbaitekin elkartu, bizilaguna kritikatu, porro bat erre, eztabaidan hasi aspertu ez zaitezen, korrika egitera atera, ligatu, parranda egin… auskalo! aukerak, pertsonak bezain anitzak dira.
Hortaz, ez al zaizu iruditzen osasuntsua izan daitekeela unibertsitateko ikasleek karpa aprobetxatzea ondoko klasekoarekin hitz egiteko? Jakiteko zein jokotan ari diren irakasle-eskolakoak? Behingoz ulertzea zer egiten duen ingeniari agronomo batek? Edo gizarte langileen ikuspuntu kritikoa entzutea? Matematikei buruz solastu edo filosofiako batekin ligatzea?
Unibertsitatean gure bizitzan bezala, orekak bilatzea gomendagarria da; ez dadin bihurtu ikasle-fabrika batetan, geure lanetan bezala, lan egiteaz gain dibertitu ere egin gaitezke gure lankideekin, eta lan afariei buruz hasten bagara…
Argi dago Unibertsitateko karpan gazteek drogak kontsumitzen dituztela, izan ere gure gizartean drogak aisialdi espazioetan sortzen diren erlazioekin lotuta daude, lehen aipatu dugun moduan.
Zein prebentzio eredu jarriko dugu abian gizarte kontsumitzaile batean?
Ziur aski, aukera desberdinak etorriko zaizkizu burura hau irakurtzerakoan. Gomendagarria da pentsatzea; zer da lortu nahi duguna?
Prebentzioaz ari garenean, ekintza antolatuari buruz dihardugu, droga kontsumoarekin erlazionatutako arazoak ager ez daitezen, edo saiatzen hauek murriztu edo saihesteko asmoz.
Arrisku-Murrizketarako Prebentzio ereduaz hitz egiten dugunean ez dugu egiten “kontsumoaren aurkako prebentziorik”, hau berez ez delako benetako arazoa. Eta ez gara ari “droga-mendekotasunen aurkako prebentzioan”, izan ere, gure ereduarekin benetan hau saihestu daitekeen arren, errealitateari egokitzeko eta fenomenoaren tratamenduaren normalizaziorako bidean, droga-mendekotasunez soilik hitz egitea, edo droga-kontsumoaren fenomenoaz hitz egiterakoan, enfasia honetan bakarrik jartzen da. Eredu horiek hizpide izanda, alde batera uzten da fenomenoan elkarrekin bizi diren errealitate asko, baita honekin erlazionatutako arazoak.
Gure ikuspegiaren arabera, prebentzioa da “norberak bere burua zaintzea (osasuna sustatzea eta baliabide sozialak garatzea), sexualitatearen eta drogen erabilera arduratsua egitea, pertsonaren baliabideak indarrean jarriz testuinguruarekin eta substantzien erabileran arriskuak murrizteko”.