Estatu osoak eta gehiagok segur aski izan du, Altsasun urriaren 15ean gertatu zenaren nolabaiteko berri, baina, Iruñean urriaren 25ean, hau da, hamar egun geroago, arratsaldeko ordu biak aldera, Espainiako Poliziaren komisarian gertatu zena, ordea, hedabide handi horiek ez dute asko zabaldu. Izan ere, Iruñeko Chinchilla kaleko komisaria horretan eta azaldutako orduan gutxi gorabehera, ziegara eramateko zain zegoela hil zen gizonezko bat, kalabozora eramatekoak zirela. Geroago jakin genuen hildako gizona senegaldarra zela, eta, lekuko batzuen arabera, poliziek hartu zutenerako konorterik gabe omen zegoen, eta furgoian sartu omen zuten zaku patata balitz bezala.
Orain, egun batzuk igaro direnean, azter dezagun pixka batean gertaera baten eta bestearen tratamendua hedabideetan. Altsasukoan, hedabide batzuei kosta ahala kosta interesatzen zitzaien sinetsaraztea, 50 pertsonak baino gehiagok aurrera eramandako terrorismoko segada maltzur eta antolatu bat izan zela, nahiz eta Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren txosten ofizialek aurkakoa esan. Hedabide, alderdi politiko eta pertsona askorentzat ekintza terroristarena azpimarratzea eta fermuki sinetsaraztea, gero errudunak Madrilen epaituak izan daitezen, guztiz funtsezkoa omen da, nahiz eta, ikusi dugun bezalaxe, hasieran 50 erasotzaile gaizto eta arriskutsu izatetik 8ren bat izatera pasatu omen diren.
Lehenengo kasuan, eta bere larritasuna batere ukatu eta gutxietsi gabe, zaurituak, kolpatuak eta irainduak izan dira, eta bigarrenean, ordea, gizon bat hila, baina, jakina, azkeneko hau ez zen guardia zibila edo bere bikotekidea, eta ondorioz bere biziak askoz ere gutxiago balioko zuen, eta, gainera, etorkina izanen zen, beltza, ez aberatsa, pertsona arrunta, gehienentzat -gehienontzat- ezezaguna; nolabait esateko, ezdeusa zen. Eta, nork babestu zituen bere giza eta osasun eskubideak? Poliziek furgoian sartu zutenean konorterik gabe baldin bazegoen, zergatik eraman nahi ote zuten ziegara eta ez ospitalera, esate baterako? Argituko ote digute kasu hau batere modu zientifiko eta sinisgarrian? Horra hor galdera. Denborarekin ea zer jakiten dugun, baina, berriz ere argi eta garbi gelditu zaiguna da, gertaera guztiak ez direla berdin tratatzen, epaitzen, baloratzen eta aztertzen.