Gaur Maria Curieri buruzko liburua* irakurtzen bukatu dut. Duela pare bat hilabete, kasualitatez, Bartzelonako “Encants”-etan topatu nuen liburu hau. Arrazoi desberdinengatik erostea erabaki nuen. Alde batetik, Maria Curieren pertsonaia interesgarria iruditu zaidalako beti, gehiegi ez ezagutu arren; bestetik, biografia bere alabak (Eva Curie) idatzia zelako eta bukatzeko, saltzaile ibiltariak 3 euro baino ez zidalako eskatzen.
Bartzelonatik–Irunerako trenean irakurri nituen, aparteko emakume honen bizitzaren, lehen lerroak. Segituan harrapatu ninduen bere konstantzia eta nekaezintasun paregabeak; Pierre Curierekin fisikarekiko, nahiz elkarrekiko, partekatutako maitasun eta grinak; lanarekiko zuen leialtasun eta konpromezuak edota famaren aurrean azaltzen zuen axolagabekeriak. Gertakariz beteta eta atsedenik gabeko bizitza izan zuen Mariak.
Baina liburua irakurtzen egon naizen denbora honetan Maria Curiek berriz bizitza hartu duelaren sentsazioa izan dut. Berriro fisikarekiko grina ezagutzen zuela, lehenengoz Parisera bidaiatzen zuela, Pierre Curie ezagutu, Radiuma aurkitu eta egunero laborategira lanera abiatzen zela iruditu zait. Bere istorioa irakurtzen eta gogoratzen nuen adinean, Maria berpizten joango balitz bezala. Orduan ipuin afrikar batek zioenarekin gogoratu nintzen: inor ez da hiltzen bizirik dagoenak gogoratzen duen bitartean.
Gogoratu, irakurri, kontatu, imajinatu, idatzi eta entzun dezagun ba, bizirik mantendu nahi degun hori.
*CURIE, EVA: La vida heroica de Maria Curie. Buenos Aires, Espasa- Calpe Argentina, 1937.