Lehengusua ospitalean dut. Nire lehengusua, Superman bera kikilduko lukeen bipila, aitzurraz Amazonasen arroa jorratuko lukeen laboraria, Perurenaren etxez aldatzea izerdirik bota gabe burutuko lukeen bizkorra; horixe, nire heroia, ospitalean dut. Ni baino gazteago izanagatik beti miretsi dut haren indarra, haren ausardia, haren trebezia lanabesekin. Nik herriko igerilekuan ez hondoratzea nekez erdiesten nuen bitarte negargarrian (niretzat, barregarrian barrideentzat) hura gauza zen Ebro osoa zeharkatzeko. Zuhaitzetarat igaiten zinezko artista zen nire lehengusua. Ni baino handiagoa den arren, beti arras arin ibili da adarrik adar, baita adaxkatxoetan diren ñimiñoenetan ere. Dena ongi egiten du nire lehengusuak.
Txikitan denboraldi luzeak emaiten genituen elkar ikusi gabe, uda baliatzen genuen elkarrekin ibiltzeko. Batzuetan Iruñerat etortzen zen bera bere bihotzeko herria negarrez utzirik. Hirian txirrindula zen gure jostailu nagusia. Gogoan dut zeinen artista zen ez erortzeko, gogoan dut nola moteltzen zuen lastertasuna oinetakoa gibeleko gurpilean paratuz. Saiatu nintzen bakarrean zangoa gurpilaren izpiekin nahasi eta sekulako istripua izan nuen, ene buru gero eta soilagoan aise antzeman daitezke eman zizkidaten punttuak. Hamalau, alajinkoa, hamalau! Anestesia eta guzti eman behar ukan zidaten josten ahal izaiteko. Gogorat etorri zait nola bermatu zen nire lehengusua azaltzerat zer egin behar nuen
-Balaztatzen hasi aitzin, koka ezak zangoa gurpilaren aitzineko burdinan. Gero atera haren tokitik eta para ezak leunki-leunki gurpilaren gainean. Ondotik zapa ezak gero eta azkarkiago.
-Eta ezustean balaztatu behar badut, ez badut denborarik aitzinetik zangoa burdina horretan kokatzeko…—galderak ongi zehazten zuen zer gertatu zitzaidan eta benetako erantzun ona behar nuela.
-… ez bahaiz gauza zuzenean balaztatzeko, hots, zangoa burdinan lehen kokatu gabe ezin balazta badezakek, utzi txirrindula eta jauzi egin ezak.
Hurrengo txirrindula halaxe hautsi nuen, hori bai, ez nuen puntturik behar ukan.
Bada, horixe da ospitalean dudan lehengusua. Antza denez halako arazoren bat omen dauka azukrearekin eta zango-behatz bat ebaki behar ukan diote. Azukrearekin!? Herrian jaten duten guzia herrian berean egiten dute, neholako kutsadurarik gabe, areago, duela urte mordoxka nekazaritza ekologikoari eutsi zioten. Eta orain azukrea?
-Kontu bitxia, bai—erran dit lehengusuak—udan Donostian ibili gintuan hondartzan eta zangoa zauritu nian ohartu ere egin gabe, ez diat minik sentitzen.
-Hori ongi duk, ezta?—nik alaitu nahian.
-Alde batetik bai, baina minik sentitu ezean, ezin alden haiteke min emaiten dianetik. Horrelaxe izorratu nian zango-behatza.
-Tira, lasai, orain azkazalak mozteko bat gutiagodaukak.
-Hori bai—erantzun dit lehengusuak betiko aldarte onean.
Etxerat abiatu naiz, kezkaturik lehengusuaren eritasunarekin, berrogeita zazpi urterekin azukrea! Lehendik omen zuen dieta zorroztu beharko du, zorrotzagotu-edo. Jota geratu naiz, nola ukatu. Lehengusuak nehoiz eritzen ez direnetarikoa iduri du, hain da azkarra…
Etxerat iritsi naiz. Adiskide batekin geratu naiz musika jotzekotan, hamaiketan etorriko zait. Bitartean, harekin jotzen ohi dudan gitarra gabe, udan Pontevedran erosi genuen gaita joko dut. Zeinen zaila den galiziarren gaita, Carlos Núñez aditzen dudalarik aise kontrola daitekeela iduritzen zait. Zeinen ustekabe gaitza gaita hain zaila dela ohartu nintzenean. “Gutienez ez diat albokarien teknika ikasi behar soinua etengabe atera dadin” pentsatu nuen, besapean jartzen den zahagiari esker etenaldiak egin ditzaket putzaldietan eta arnas hartu. Biga bortzetan saiatuagatik, aldiz, ez dut alboka ikastea lortu. Ea galiziarren “alboka” bereziaren teknika neure egiten dudan.
Zahagia puzten hasi naiz, gero atsedenaldiak izanen ditudan arren, hasmentan egin behar den betetzea gogorra da txoil. Ez dakit zergatik den, zahagia, galiziarrendako “fol” delakoa, besapean sobera estutzen dudalako edo nire birikek lehengo indarrik ez daukatelako, baina ezin bete dezaket airez. Behin eta berriz errepikatuagatik fol delakoa ez da betetzen. Ez dakit nehoiz galiziar fol-kik egitea erdietsiko dudan, zail aski dirudit. Ni, ordea, ez naiz amore agudo emaiten dutenetarikoa gaur, sekulako buruko mina sortzen bazait ere, zahagia beteko dut, alafedea!
Putz eta putz ari naiz, putz eta huts egia erran. Hutsik huts nabil, sagarditik ateratzen naizen bakoitzean sasian sartzen naiz. Uztear nagoenetan gaita saltzaileak oparitu zidan Ricardo Portelarencassette zahar bat entzuten jartzen naiz eta indarrak berpizturik nakio lanari. Burua lehertzear daukat, begiek beren betzuloetatik atera nahi dutela iduri du. Ziplo halako ezontsa nabaritu dut, sabelean ziztada modukoa sentitu, alegia. Eskuin eskua hartaraturik pikor bat antzeman dut xilkoaren gainean. Berez aski borobila den xorrototik bertze borobil bat atera da. Bitxia, zinez esku-behatz erakusleaz ukitu dudalarik barneratu baita. Atzo edan genuen arnoaren eragina da ala benetan suertatu da? Uneon ez da fitsik ere nabaritzen. Gogorat etorri zait behin Juliok ekarri zuen pilula bati esker atearen gibeleko aldean pareta ez kolpatzeko lurrean paratzen den mokorrarekin borrokan ibili nintzela gela osoan barna mugitzen hasi baitzen, edo nik halaxe ikusi nuelako… beharbada oraino hordi nago.
Aspirina hartu dut buruko mina xumetzeko. Putz eta putz segitu nahi dut gaitaren hauspoa ongi bete arte. Lehengo pikorra berriz agertu da, hor dago, harro, erronkaz, trufari ere. Ispilurat joan naiz, neure begitarteari so nago, ez dut deus berezirik ikusi, begiko niniek betiko neurria daukate, aurpegiko kolorea ere ez da zurbila. Ez dakit zer dudan, baina ez da normala lehen sartu ei dudan pikorra berriz agertu izana. Edo txoil txoratu naiz edo hemen zerbait gertatzen ari da. Senak pikorra berriz lehengo tokirat sartzerat bultzatu nau eta, miraria, berriz sartu da. Kontxo! Nolatan atera daiteke zerbait gorputzetik, gero berriz sartu, berriro atera eta hartzara sartu? Lasai, Mikel, ez duk deus gertatzen (neure burua lasaitzen saiatu behar dut), atzoko bestaren ondorioak dituk, doike.
Adiskidea etorri arte denbora puska baitago, gaitarekin segitzea xedatu dut. Oraingoan ni kataderan eta kantaderan partitura jarririk, notaren bat jadetsi arte jarraikitzeko prest nago. Nola edo hala; aldez ez bada, moldez, baina nota bat aditu beharko dut. Beharrean dihardut enegarrenez. Ez naiz ispiluaren aitzinean, baina ene mazelek DizzyGillespierenak dirudikete. Gorputz, arimaz eta mazelez ari naiz musika sortu nahian. Ezin diat gehiago, birikek ezin bota dute haize haboro, horrela segituz gero praketan kaka eginen dut. Ez nago, aldiz, garaitua izaiteko prest. Galizia maite dut, galiziako musika ere, egin beharko dut, beraz, hango fol(k) musika. Beroa sentitzen hasia naiz, bero gaitza, bero alimalekoa. Izerdi lapatsean naiz, izerdi eta pats, izerdi eta … huts gaitak ez baitu bere soinu zoragarririk atera gura. Arraioa, non dira irakasleak behar direlarik? Gaita joile izan nahi dut! Gaiteiro! Ona ala txarra, baina gaiteiro! Ez dut etsiko soinua sortu arte.
Gero eta haserreago nago, gitarra ere zaila da, baina edozeinek atera diezaioke akorderen bat; txistuarekin gauza bera, hagitz zaila da, baina edonork jo dezake, maila xumean bada ere, Agur Jaunak. Zer demontre du gaitak hain zaila izaiteko? Uneon pikorraz gain, mina ere sentitu dut xilkoaren inguruan. Biraoka hasi naiz, dakidan oro bota dut, aspaldian idazteko eta argitaratzeko asmoa dudan “Egoera berezietarako birao hiztegia” goitik beheiti errezitatu dut. Kokoteraino nago! Gaita menperatu behar dut, “hura ala ni” bada kontua ni izanen naiz; ni, neu, neroni, nihaur izanen naiz. Ni garaile; ni txapeldun, ni, Perurena handia harriarekiko lehian bezala, irabaztun. Benetakoa ala soilik nire irudimenekoa izanagatik, pikorra barnerat sartuko dut, lehen bezala, eta lehiarekin segituko. Erakusleaz barneratzen saiatu naiz orain, berriz, ez da sartu. Min handiagoa pairarazi dit ukitzeak. Pikorra tarrotu da. Ia xilkoaren parekoa da eta min emaiten dit. Min gogorra. Oka egiteko gogoa ere badaukat. Mina handituz doa. Lurrerat erori naiz. Ezin jaiki naiteke, ezin agondu naiz. Sakelatik telefonoa hartu eta 112 zenbakia sakatu dut. Anbulantziakoak etorri arteko denbora ateraino joaiteko baliatu nahi dut. Herrestan, baina iritsi naiz eta atea ireki.
Anbulantziakoak berehala ailegatu dira. Sendagileak gerribuelta osoa haztatu du eta diagnostikoa berehala bota du
-Litekeena da halako hernia bat edukitzea—azaldu dit eskuz sekulako mina emaiten zidan bitarte oinazegarrian—larrialdietarat eramanen zaitugu arta zaitzaten.
-Baina laster, otoi!
Erizaina eta gidaria saiatu dira ohetxoan jartzen, baina ezin izan dute. Bururat etorri zait dieta egiterat bermatu nintzen hondar aldia, enegarrena! Utzi egin nuen eta oraintxe zait damutzen ezin altxa bainazakete ohetxoaren gainerat anbulantziaraino eroateko. Ospitaleratzeko beharrak batek-daki-nongo indarrak ediren dizkit eta halaxe igaiten ahal izan naiz ohetxoaren gainerat. Han gaude lau espedizionariook helmugari buruz bixi-bixi.
Bidaia ere mingarria izan da, bideko zulo guziak pairatu ditut, denek eman didate min, den-denek. Larrialdietan sartu garelarik kontsultaraino eraman naute xuxen-xuxen. Han barne atorra erantzi eta sabela aztertu didate.
-Iduri du hernia bat daukazula, onena ekografia egitea izanen da. Hori hagitz mingarri suerta baitakizuke zipitzik ere ez sentitzeko sendagailua emanen dizugu. Egon lipar batez, oraintxe sartuko dizut.
Sendagilea ederki arduratu da nitaz. Ongi ohartu da ene egoeraz. Eskuetan xiringa eta botika dakartzalarik heldu da. Ziztada antzeman diat zaina zulatu didalarik sendagailua sartzeko. Min txikia izan da sabelekoarekin alderatuta. Laster iragan da.
Orain ez nago nehongo minak. Pikorra dagoen ez dakit, baina mina desagertu egin da. Sartu berri nauten gelan bi gizon daude, batak tramankulu zuria du eskuan bertzeak so egiten dion bizkitartean. Tramankulua duena irakaslea omen da eta begira daukana ikaslea. Ene gerribuelta osoan barna ukendu lirdingatsu bat ezarri didate, litroka azalera osoa ongi bustitzeko.
-Begira—erran dio eskuan tramankulua zuenak aldamenean zuen ikasle berriari—barneko atal guziak ongi daude, arazoa hemen dago, ikusten?
Ikasle berriak xilkoaren ondoan ukitu du.
-Ez dut ezer antzeman—ihardetsi dio sendagilegaiak aurkitu beharrekoa usaindu ere egin ez dutenen etsipenaz.
-Lasai, orain ez dago, desagertu egin da, orain ikusi edo antzeman behar duzuna da geratu den zuloa, bi, bi zulo dauzka gizon alai honek.
Niri begira erran du, ohartu da nire aurpegiaz, nire lasaitasunaz, sekulako mina eduki ondoren geratu zaidan barre aurpegiaz, ekaitzaren ondorengo barrealdiaz konturatu da mediku aditu espezialista. Ni, horixe egia, bakean nago, bake santuan, eta barrean. Halako irri ergela sortu zait, dena zait bitxi, sendagilearen sudurrari luzeari deritzot, ikaslearenak betaurrekoak barik, largabistak dira; paretako horma-irudiko eskeletoari lehen ikusi ez ditudan titiak erreparatu dizkiot. Eder dago eskeletoa bere bi titiekin. Buruari so egin diot ea, egoera berezi honetan, hainbertze hezurren gainean Sofia Lorenen aurpegia irudika dezakedan. Alfer lana, ordea, nire mitoaren edertasunak ez omen du bat egin nahi hezur hutsa baizik ez den eskeleto honekin (titiak gorabehera).
Ikaslea zilborraren ondoan ukitzen ari da. Bi zulo ote dauden egiaztatu nahi du. Azkenean aurkitu ditu, haren aurpegiak ederki islatzen du poza. Nireak ere, doike. Lehen mina zegoen tokian orain kiribelak sentitzen ditut. Ez dakit zer gertatzen den, agian zaineratu didaten sendagailuaren eragina da, baina orain hagitz pozik nago, egundaino baino gehiago. Nork erran zuen larrialdietako kontsultak serioak zirela, benak baino gehiago? Irria dut nagusi gela honetan. Han, zain nagoelarik, bertze sendagile bat sartu da gibelean gazte taldea daramalarik. Ikasleak hauek ere, denek ukitu nahi dute hain bitxia, hain agerikoa eta, teoriaz behintzat, hain ebakuntza xumea behar duen “eragozpena”. Eragozpena, halaxe izendatu dute, lantegian bezala hemen ere ja ere ez naizela egiaztatzeak sekulako barre algara sortu dit, ni bezalakook, gurasoen herrian dioten bezala “nehorat ez doana” bezalakook ez daukagu eritasunik, ez, guk eragozpenak dauzkagu. Honetan mailaketa ere badago; bai, horixe!
Ikasle guziek ukitu didate sabela. Ondoren beren kaieretan oharrak idatzi dituzte, batzuek marraztu eta guzi, gero, aldiz, maisu handien antzerat, ez dizkidate zirriborroak ikusi, noizbait iduri hauek erakusten badituzte nehork ez du jakinen nor zen ohetxoan zetzana, horrelaxe sentituko ziren Boticelliren modeloak, norbaitek ba al daki Venusen Jaiotza delakoan agertzen den emakumearen izenik? Horixe jakinarazi nahi izan diet ikasleoi
-Irudian idatzi eriaren izena ere bai, orok jakin dezan: Mikel Beristain. Deitura ongi idatzi, e? aditu duzue? Be-ris-tain; ez Begiristain edo, behin jarri zidatena, Beriain. Ez! Be-ris-tain!
Medikuntza ikasleek kaierak bularrari kontra jarririk, alde egin dute. Lehengo sendagilea agertu da
-Eginiko frogek ez dute zalantza izpirik uzten, hernia daukazu, bi, zehazkiago erranik. Ebakuntza egin beharko dizugu, baina ez gaur. Orain ez duzu arazorik izanen, orain atera eta sartu egiten da gogortu gabe. Makurrena litzateke gogortuko balitz, badakizu zertaz ari naizen, ezta?—sendagilea ez da sobera fidatzen ulertzen ari natzaionaz.
-Baaaai, lasai. Iguriki beharko dut zuekiko hitzordua iritsi arte, gogortuko balitz bixi-bixi etorri beharko nuke.
-Horixe bera—sendagileak lasaiago erantzun du, ohartu da nik ikasi dudala egin beharreko prozedura.
-Eta horrela berriz sendagailu hori paratuko zenidakete edo, hobe, zergatik ez didazue kutxa bat emaitenhalako injekzioekin eta horrela ez zintuzketet berriz molestatuko?
-Baina…—orain zalantzak ditu ulertu diodanaz—hori da ulertu duzun guzia? Sendagailuak mina kentzeko balio du, ez drogatzeko. Ez dago horren errezetarik, ez dago hemen baizik erabiltzerik.
Artagelatik haserre atera da eta kanpoko bulegotxoan zegoen erizainari eman dizkio azalpenak
-… azaldu zuk zer egin behar duen, niri ez dit ja ere ulertzen, ez du sendagailu baregarririk emanen diodan jakin nahi baizik.
-Lasai, neroni mintzatuko natzaio.
Azalpen guziak eman dizkit erizainak, lasai ibili beharko dudala, ez dudala zamarik jasan beharko eta gero, astebete gabe, ebakuntza eginen didatela hernia kentzeko. Nik denari baietz erran diot jakinik (eta etsirik) ez dudala sendagailu baregarri barre eragilerik jasoko.
Orain kontua da etxerat itzultzea. Bikotekidea Zangozan dut, lanean. Ordulariari so egin diot, oraintxe bukatuko zuen lana, eskerrak! Onena hots egitea izanen da, ea nire bila etor daitekeen. Sakelakoa piztu eta dei egin diot
-Aupa, laztana. Hemen naun, ospitalean, agudo eta presaka etorri behar izan dinat sabeleko min gaitzak nengoelako. Ez omen dun kontu larria, hernia bat. Ebakuntza eginen zidaten hemen… paper honetan jarri didaten egunean—paperen artean bila ari naiz ea data edireitendudan—hemezortzian, goizeko zortzietan. Etor hinteke orain nire bila.
-Bai, baina ni Zangozatik ateratzen ari nauk orain, denbora beharko diat hartaraino joaiteko. Non egonen haiz?
-Ospitalearen ondoko aparkalekuan, eguraldi ederra dinagu gaur.
-Baina—neska-lagunakkezkaturik—ordu erdiz aparkalekuan, ez al da hobe kafetegian igurikitzea?
-Lasai, hemen ongi egonen naun, ez arduratu.
Eten dut. Ez dut kezkatu nahi. Hemen lasai egonen naiz, gainera, etxetik hain era lasterrean atera bainaiz ez dut xentimorik ere hartu. Jarleku egokia bilatuko dut eta hantxe aiduru egonen. Jarleku bat bilatu … aparkalekuan … ez dago bakar bat ere. Dena beribilez beterik dago. Non arraiotan jarriko naiz? Motoren bat balego gainean esertzeko. Bada, ez. Ez dago bakar bat ere. Itzulinguruka ibili behar Leire etorri arte. Egia erran eguraldia eder dago. Ia ez da hodeirik. Eguzki Anderea ederki ikusten da amarenganainoko bidaia oraindik hasi gabe duelarik. Aparkalekuan errespetatu zituzten zuhaitzak ere gogo onez hartzen ari dira gaurko beroa. Aldamenean dudan magnolio lerdenari hurbildu natzaio. Zeinen hosto ederrak dituen, eta zeinen garbiak.
-Aizu—beti bitxia iduritu zait zuhaitzekiko tratamenduarena, nola antzeman zer diren, nola jakin toka ala noka egin behar zaien?, onena zuka egitea, badaezpada ere, haserre ez daitezen—nolatan dituzu hostoak hain garbirik? Aspaldixko ez du euririk egin, beraz, dutxatuko zinen, ezta?
Magnolioari begira geratu naiz, erantzunaren zain. Ez dio ja ere, ordea. Haren gainean bele beltz itsusi bat pausatu da, keinuak egin dizkiot joan dadin, uxatu nahi dut, oihuka hasi egin ere natzaio
-Bele beltz putakume hori, joan bertze zuhaitz baten bila, ez al duzu ikusten hemen solasean ari garela?
Beleak ez dit batere jaramonik egin, areago, kaka egin du nire adiskidearen gainean
-Zu—honi ere zuka, ez bainaiz gauza haren sexua antzemaiteko—potroso! Zergatik ez duzu kakarik egiten zure amarenean?
Ondotik autoaren bila zihoan batek galde egin dit ea ongi nagoen
-Bai, lasai, goiko kakontzi hori joaitea nahi dut, begira nola utzi duen…—belea erakutsi diot
-Zurea da beheko kotxe hori?
-Ez, kotxea ez. Zuhaitza. Begira nola utzi duen bele horrek magnolioa.
Autoaren bila zihoanak alde egitea xedatu du. Sakelatik sudur-zapia atera dut eta hosto kakaztua xahutzen hasi naiz. Beheitiko hosto bat zikindu du, hobe, bertzenaz, batek daki nola garbituko nukeen goiti egon balitz hosto zikindua.
-Ongi, ez?—magnolioarekin ari naiz—hobe, ezta? Zer? Ez diozu deus? Lasai, badakit zeinen nazka handia emaiten duten txorien kakek. Eta badakit zeinen gozagarria den norbaitek garbitzen zaituenean. Neska-lagun eta biok elkarrekin dutxatzen gara.
Gibelerat bihurtu eta gazte talde bat ikusi dut niri so. Irritsu. Gure elkarrizketa aditzen ari dira. Kuxkuxero halakoak!
-Ez duzuea fitsik ere egiteko? Hau da zuen eginbehar bakarra, elkarrizketa pribatuak aditzea?
Irribarretsu joan dira gazteak. Nik, garbiketa amaiturik, hizketan segitu dut zuhaitzarekin. Haren gustuez galdetu diot, haren senideez, haren adiskideez. Zereginotan dihardudaino Leire agertu da
-Hara! Hemen haiz. Zer moduz?—galde egin dit bere irri zoragarria beribilaren leihotik darakuskidan bitarte poz pizgarrian.
-Hemen adiskide batekin solasean—eskuzmagnolioa erakutsi diot.
-Adiskidea joan zaik, Mikel, hor ez zegok nehor—Leirek begiradaz norbait ote zen aztertu ondotik.
-Ez, hauxe, hauxe, magnolio hau. Ene adiskidea dun. Berriki bele beltz sasikume batek kaka egin zion gainean eta nik xahutu egin dinat.
Leirek barre egin du, eta gero keinu bat niri beribilera nadin. Magnolioa agurtzerat joan naiz. Ondotik iragaiten ari zen ikasle itxuradun bati axota eskatu eta magnolioaren enborrean nire telefono zenbakia idatzi dut
-Hobe zaudelarik, deitu—erran diot magnolioari berriz elkar ikusteko parada ukanen dutenen adiskideen agurra erabilirik—egonen gara.
-Baina—Leireharriturik—baina, zertan ari haiz? Zer idatzi duk hor?
-Ene telefono zenbakia—ikasleari axota itzuli ondoren—noizbait elkartzea nahi badu hor din nire zenbakia, nola deituko ninduke bertzenaz?
-Baina, baina—orain Leire koleratu xamarrik—ene bada. Hago, hago kotxearen barnean ni itzuli arte.
Magnolioraino joan eta nik artez idatziriko zenbakia ezabatu du. Bere zorroan zeraman azkazalak moztekoari ateratzen zaion lixarekin den-dena desagerrarazi du. Nigana itzuli da, orain mendiko sermoia aditu beharko dut
-Baina, baina—halaxe hasten da nire Leire ederra urduri dagoenean, gauzak errepikatzen, alegia—zer, zer?
Pentsakor geratu da Atarrabiak eman duen neskatikorik ederrena. Nire altzoa begiratu eta paperak kendu dizkit, sendagilearen txostena.
-mmm…mmm… jakina! Hauxe duk azalpena—orain lasaiago mintzatu da—morfina eman ditek. Beno, morfinaren deribatu bat zehazkiago erranik. Hi airean hago, ezta? Hegalean bezala
-Ni? Ni arras ongi nagon, laztana. Sekula baino hobeki—nire irririk zabalena eskaini diot.
-Bai, drogaturik hagoelako.
-Ni? Drogaturik? Nik ez dinat arno baizik edaten, badakin—nire ohorea zikindu balidate bezalako haserrea erakutsiz.
-Ez nahita, laztana, eman diaten sendagailuari esker. Hi jota hintzen, ezta? Minak jota. Eta gero, seguru asko, halako pilulaaa—paperetan begiratu du—ez, pilula ez, halako txertoren bat ziztatuko zitean eta, bat-batean, mina desagertu duk.
-Horixe, sekulako sendagailua dun. Hagitz ona. Errezetarik ez zidaten eman nahi izan, horixe kontu txar bakarra.
Leirek pott eman dit eta beribila piztu du. Etxeari buruz joanen gara. Pozik egonagatik ezin ken dezaket magnolioa, horregatik, neska-lagunak lehen abiadura jarri aitzin, autotik jaitsi eta magnolioa besarkatzerat joan naiz. Leireren aurpegia ikusi dut, ez dago haserre, orain ezker esku eta kopeta bolantearen gainean jarri ditu eta eskuin ukabilaz berau, bolantea, kolpatzen ari da. Barrez lehertzen ari da, beharrik!
Haren baitaraino joan naiz. Uhala paratu eta abian gara. Magnolioari hondar soa egin diot. Laster arte, aixkide!