Kattalin Salaberri antzerkizalearen omenaldia

Jadanik, aurten, urriaren 29an, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) laugarren Antzerkizale Eguna ospatu du. Lehena Nafarroa Garaian ospatu zuten 2010. urtean eta orduz geroztik Gipuzkoan eta Bizkaian burutu dute. Aurten Lapurdin egin dute, Urruñan. Aipatu egun horietan antzerkizale bat omentzen dute beti. Lehena Iñaki Behobide izan zen, eta hurrengoetan Agus Perez eta Ramon Agirre omendu zituzten. Urruñan Kattalin Salaberri izan da omendu berria.

1.- Urruñako Antzerkizale Eguna.-

Eguerdiko 12,30etan hasiera eman zioten egun berezi honi. Urruñako pilota-plazako harmailetan Piarres Larzabalen argazki handi bat ezarrita zegoen. Jendea argazkiaren aitzinean ezarri kadiretan jarri zen eta erdian Daniel Landart antzerki-idazle eta antzerkilari handia. Landartek mintzaldi eder batez Larzabalen bizitza eta antzezlanak azaldu zituen bertan zirenak arras loriatuz. Segidan Joana Haltzuet gazte urruñarrak ohorezko aurreskua dantzatu zuen eta dantza burutu zuelarik, bertan zirenek lili eskaintza egin zioten Larzabali argazkiaren aitzinean krabelin gorri bana utziz.

12

Xapito azpian izan zen herri bazkariaren ondoren hiru antzezlan jokatu zituzten. Baionako Azika txotxongiloek “Herrialde urdina” eman zuten bertan ziren haur guztien gozamenerako. Gero Patata Tropikala izeneko haur antzerki taldeak “Ezer ez da dirudiena” zuen jokatu eta bukatzeko Donostiatik etorri Zurriola antzerki eskolak “Poesia mugimenduan” izeneko mimo poetikoaren antzekoa zuen eskaini.

Arratseko 8etan, Kattalin Salaberri omentzeko tenorea izan zen.
2.- Kattalin Salaberri, andereño eta antzerkizale.-

Kattalin Salaberri 1955ean Mugerren sortua dugu eta gazte-gaztetik euskal antzerkiaren gora-beheretan ibilitakoa. Hogei urterekin abiatu zen Daniel Landart kusiak eman urratsen gibeletik. Hastapenetan Hazparneko
Bordaxuri taldean ibili zen Ipar Euskal Herriko itzulia arrakasta handiaz eginez. Gero, Baionan jokatu zen Piarres Larzabalen Xirristi Mirristi antzezlan ospetsuan aritu zen.

Urteak aitzina joan ahala, gero eta antzezlan gehiagotan aritu da, hogei antzerki baino gehiagotan. Hauetako ainitz gazteen artean ematekoak ziren.
Aipatu behar dugu hau ez dela izan Kattalin Salaberrik egin duen jarduera bakarra. Lanbidez andereño Seaska sortu geroztik, Ikas euskal pedagogia zerbitzuan lan ugari eginda, bertso irakasle, ipuin kontalari, beste nolabait erranik, Salaberri anderea euskararen eta euskal kulturaren hedatzaile eta bultzatzaile aparta izan dugu.
3.- Omenaldia.-

Kattalin Salaberriren omenezko mintzaldia neronek eman nuen eta une oroz Kattalin Salaberriren talentu handia azaltzen ahalegindu nintzen.
Aipatu nuenez, honakoak dira Salaberri andereak egindakoak: transmisioa zaintzea, antzerkirako grina piztea eta zabaltzea, gustua lantzea, plazera publikoari umorez hedatzea eta euskal antzerkiaren geroa segurtatzea. Gaur, erretretan sartu berria bada ere, Eleka ipuin eskolan eta Mari bi sos antzerki taldean jarraitzen du.

Omenaldiaren bukaeran, eta ohorezko aurreskuaren ondoren, ohorezko makila eman genion eta bertan ziren guztien laguntzaz Jon Miranderen “Ene maite Kattalin” kantatu. Gero, bertan ziren guztiekin batera, argazki polita egin genuen Piarres Larzabalen argazkiaren azpian. Omenaldi hunkigarria izan zen, Salaberri anderearen merezimenduaren ainekoa. Antzerkizale Egunari bukaera emateko Imanol Carballok biziki kantaldi ederra eskaini zigun.

Buka dezadan artikulu hau omenaldian bukatu nuen hitz berberekin: “Milesker Salaberri anderea egin duzun guztiagatik, eta milesker ere, oraindik eginen duzun guztiagatik. Eskerrik ainitz, Kattalin.”

10

Ohorezko aurreskua

11
Daniel Landart eta Kattalin Salaberri erdi aldean.