Gaueko hiruak, begirik ezin itxi, lorik ezin hartu. Hor konpon, kanpora noa, eta hor ikusten dut, borobila, ederra, zilarrezkoa, zoragarria, burutik behera izar erauntsi baten gisan erortzen zaidan zeruaren erdi erdian Ilargi.
Ze ederra den kauen! Ostia, ze ederra den zeru izartsua aintzira gainean, eta hor, maite dudan ilargia, eta loa kentzen didan gauetan madarikatzen dudan ilargi biribila, nitaz axolarik ez duen ilargi bete-betea bere biribiltasuna aintziraren ispiluan miresten ari.
Bost axola zaio baina Ilargiri nire atsekabea. Nola ez bada? Bera hortxe dago, distiranta, maiestatetsu, eta bere edertasunak bete-betean jotzen nau, muturraren erdian jotzen, min egiteraino jotzen nau bere edertasunak.
Maite dut alta nik ilargia, maite dut goitik behera maitasunez dutxatzen nauen zohardia.
Ongi hautematen dut zutaz, nitaz, hain liluragarriki minbera den osotasunaren parte garenekoaz mintzo den maitasun delakoa.
Edertasunez liluratzekoa da lorik gabeko gau hau, min hartzerainokoa, minbera izaten baita batzuetan edertasuna; nire eskaskeria, nire txikikeria eta itsuskeria agerian uzten baititu gordinki.