Azaroan zehar, zoritxarrez, hiru pertsona zahar joan zaizkigu Etxarri Larraunen: Benantzio Eguzkitza, Mikaela Lasarte eta Beremunda Arano. Azken hau 92 urterekin. Asko daukat nik Beremundari eskertzeko.
Hasteko, txikitan, Behiko Bordatik Etxarriko eskolaraino oinez joaten nintzenean, Zapatenean gelditzen nintzen bazkaltzera, Behiko Bordaraino itzuli behar ez izateko, eta, horrela, kilometro gutxiago egiteko. Zapatenea aipatu dut, hau da, Beremunda bizi izan den Etxarriko etxea. Sortzez, Beruetekoa zen, oker ez banago, baina Etxarrira ezkondu eta Zapatenean eman du bere bizitza gehiena. Beste horrenbeste egin zuen bere ahizpa Joxepak, hau ere, orain dela urte gutxi hil zena eta Txalbenean eman zuena bere bizitzaren parte handi bat.
Kontua zera da, nik eskolarako bidean kilometro gutxiago egin nezan, gurasoek erabaki zutela, ibiltzeko eguraldi deserosoa zegoenean, herrian geldituko nintzela bazkaltzera. Horrela egin nuen hasieran Lopitxenean, izeba Rafaela Begiristain eta osaba Elias Etxarri Lekunberrira bizitzera joan ziren arte. Harrezkero, Zapatenean gelditzen nintzen Beremundarekin. Goizean, eskolarako bidean, amak jartzen zizkidan janariak eraman eta Beremundak berak prestatzen zizkidan balordurako. Bestela, eguraldi eramangarriagoa egiten zuenean, bi aldiz joaten nintzen oinez herrira eta beste bi aldiz itzuli Behiko Bordara. Horrela astelehenetik ostiralera.
Lerro hauek aprobetxatu nahi ditut esateko, Beremundak beti tratatu izan ninduela oso ongi eta txera handiz, lehenago izeba-osabak Lopitxenean, eta geroago Lekunberriko Zeztonekoek egin zuten bezalaxe. Hortaz, hemendik esan nahi dut, Beremundari beti gordeko diodala txoko bero eta maitekor bat nire bihotzean, izeba Rafaela eta Zeztoneko Pakitari bezalaxe.
Baina, idazki hau, aldi berean aprobetxatu nahi dut, gure herrietako eta Euskal Herri osoko euskaldunei merezitako omenalditxo zintzoa egiteko. Konparaziora, hasieran aipatutako hiru pertsona horiek, Benantziok, Mikaelak eta Beremundak, barruan euskal sena zeramaten, euskaraz pentsatzeko dohaina, euskaraz adierazteko trebetasuna, erdaldunen aurrean konplexurik gabe agertzeko ausardia, eta hori, tamalez, gaur egun, Euskal Herri guztian, gero eta gutxiago gelditzen da. Gero eta frantsestuagoak edota espainiartuagoak gaude; gero eta kolonizatuagoak.
Eta hau guztia pixka bat ilustratzeko, hona hemen adibide polit batzuk: Beremundak, behin batean, gure amarekin hizketan (Nieves Madotz Azkue), euskaraz gutxi zekienarekin, honako hauexek bota zizkion: <la mapa>; <la pijama>; <nuestro hombre ha ido a la borda>, eta abar. Bai, jauna! Euskal kontzepzioan horrela baita; gauzek ez baitute generorik, espainieraz bezala. Eta senarrari dagokionez, Beremundak “gure” moduan, “gure” bezala ulertzen zuen, hau da, etxeko denena bezala, eta ez bere jabetza bakarrik balitz bezala. Gizartea ulertzeko askoz ere modu eskuzabalagoa zeukan, eta ez erdaldunena bezain berekoia: “nire senarra; “nire etxea”; “nire alaba”, eta abar.
Beste behin batean, Bautista Lasartek honako hauexek esan zion gure amari: <estos polvos traeran sus barros> (hego haize handia zebilelako). Edo gure amak <buenos dias> esaten zionean, Bautistak: “igual” erantzuten zion. Eta bukatzeko, osaba Elias Etxarrik gure ama noizbait urduri ikusi zuenean, esan ziona: “¡tu tranquilo, no apurar!”.
Bai, jaun-andreak! Jende euskaldun peto eta jator horri guztiari, bioakio hemendik nire gorazarre eta goraipamena!