Aitzin-aitzinetik gizatalde ezberdinek euren egutegiak egiteko zeruko astroak hartu zituzten erreferentzia gisa, eta beraien mugimenduan oinarriturik, beren denbora eta eguraldi neurketak atera zituzten. Batzuk eguzkiaren mugimenduaz baliatu ziren, besteak, berriz, ilargiarenaz. Azkenekoen artean gure arbaso zaharrak, garai bateko euskaldunak.
1.- Gure lexikoaren berezitasunak–
Gure egutegiari dagokionez oso lexiko berezi eta aberatsa daukagu. Ikerlari batzuen ustez URTE hitz berak euri edo uren sasoia edo denboraldia adierazi nahi omen digu. Eta HIL edo HILABETE HITZAK ilargiak zeruan zehar egiten duen ibilaldia osatzeko beharrezko denbora. Beste era batez esana, ilargiak jaioz geroztik, hazteko, betetzeko, ttikitzeko eta hiltzeko behar duen denbora zehatza litzateke. Oso kontuan hartzekoa da honako trilogia: HIL aditza, (H)ILARGI astroa eta HIL EDO HILABETE.
ASTE hitzari dagokionez, HASI aditzetik letorkigukeela diote. Eta agian, ilargiaren biziak dituen lau fase edo urratsei legokien kontzeptua izanen litzateke. Gaur Euskal Herrian, mendebaldeko beste herrietan bezala, darabilkigun egutegia latinoen eskutik etorritako eguzki-egutegia da, gregoriarra deitutakoa.
2.- Urtaroak eta aste egunak.
Euskal ilargi-egutegiaren defendatzaileek esaten dutenez, hasiera batean euskaldunek bi urtaro bereizten zituzten bakar-bakarrik: UDA eta NEGUA. Eguzki-egutegia zabaltzean egokitu beharrean aurkitu omen ziren, eta honela sortu ziren tarteko beste bi urtaroak: UDAberria edo NEGUazkena eta UDAzkena edo NEGUlehena. Oso kontuan hartzekoa da zuberotarrek udaberriari ematen dioten izena, BEDATSEA alegia, bedarraren (belarraren arkaismoa) hats(e)a balitzateke, hau da, belarraren hastea.
Asteari dagokionez badirudi antzinako euskal astea soil-soilik hiru egunez osaturik zegoela: asteLEHENA, astARTEA eta asteAZKENA. Eguzkiar egutegia sartzean, egokipenak egin behar izan ziren eta honela sortu ziren eguzki-aste bat osatzeko falta ziren beste lau egunak: OSTEGUNA/ORTZEGUNA/EGUENA (OSTI,ORTZI edo EGUren eguna), OSTIRALA/ORTZIRALA (OSTI edo ORTZIren egunaren hurrengoa), LARUNBATA (ez dut bere esanahia ezagutzen) eta IGANDEA (IGARO aditzetik dator, zazpi egunetako zikloaren igarotzea baita). Ostegun eta ostiralari dagokienez, garbi ikusten dugu OSTI/ORTZIren izena barruan, baina orain dator galdera, zein ORTZI aipatzen dute, jentila ala giristinoa ? Kontuan izan izen berak balio izan zuela sinismen zaharretako dibinitate handia eta kristau erlijioko jainkoa izendatzeko. Azkenean, JAUNGOIKOA hitza izango da geldituko dena, eta oihartzun jentilak bere baitan gordetzen zituen ORTZI (edo EGU) izena desagertuko dena, baina kristau fedearen lehen mendeetan Ortzi izan zen euskal kristauek erabiltzen zuten izena euren jainkoaz hitz egiterakoan. Eta ene aburuz, aipaturiko bi aste egunak garai horretan sortuak izango dira, fede berriarekin batera eguzki-egutegi erromatarra zabaldu eta gurera egokitu egin zenean.
Bestelako izenak badaude, eta horietako batzuk latinetik edo beste erdaretatik hartutako mailegu garbiak dira. Beste batzuk berriz, zahar-zaharrak ditugu: MARTITZENA (asteartea), EGUASTENA (asteazkena), EGUENA(EGU = ORTZI-rena) (osteguna), BARIKUA —baraua egiteko eguna— (ostirala), EGUBAKOITZA, NESKENEGÜNA (Zuberoan), ZAPATUA —juduen sabath-etik hartua— (larunbata), DOMEKA —Dominicus Dies = Jaunaren Eguna—, JAIEGUNA, IGANTEA (igandea).
3.- Hilabeteen izenak.
Hilabeteen izenak arras ugariak dira, batzuk nekazal munduarekin arrunt uztarturik daudenak, eta beste batzuk latinetik hartutako mailegu huts direnak. Azken horien artean aipagarrienak: MARTXOA, APIRILA, MAIATZA, ABUZTUA, SETEMERA —zubererazko iraila— eta abar. Ikus ditzagun hamabi hilabeteak banan-banan:
– URTARRILA. (Urte – hila) Urtearen lehen hilabetea baita. HILBELTZA, HILBALTZA eta BELTZILA esaten zaio ere, dirudienez eguraldiaren iluntasuna adierazteko. Nafarroako zenbait herritan IZOTZILA esaten diote, garai honetako horma edo izotza agirian uzteko.
– OTSAILA. Hilabete honetan otsamak arreske jartzen dira, eta hortik datorkio izena. Zuberoan BARANTAILA deitzen diote. KATAILA oso zabaldurik dago, katamak arreske eta mauka biziz egoten baitira. Garai hauetan zezenak mendietatik larreetara jaisten zirela eta, zenbait tokitan ZEZENILA deitzen zaio. Asko aditzen den izena HILTXIKIA da, hilabeterik laburrena delako.
– MARTXOA. Latinetik hartutako mailegua. Gipuzkoako Goierriko zenbait herritan MARTSOA ahoskatzen dutelarik. EPAILA ere deitzen zaio, garai honetan egiten baitzen lehen belar mozte edo epaitzea.
– APIRILA. Latinetik dator. JORRAILA oso zabaldurik dago, hilabete honetan jorratu egiten baitzen. OPAILA ere erabiltzen da, hilabete honetan azienda eta barazki opak edo eskaintzak egiten zirela oroitzen digularik.
– MAIATZA. Bi aurrekoen antzera, hau ere mailegu latinoa dugu. Gure artean LORAILA deitu zaio, loreen lehen garaia dela adierazteko, eta baita ORRILA eta HOSTILA ere, lehen orri edo hostoak sortzen direlako
– EKAINA. Udaburua edo udako solstizioarekin lotutako garaia. Hortik datorkio izena: EKI + GAINA, biziaren eta eguzkiaren jainkoa den EKIk zeruko GAINA ukitzen baitu. Bestelako izenak: GARAGARRILA, garagarraren hilabetea, BAGILA, babarena, eta Zuberoan ARRAMAIATZA (maiatza berria alegia).
– UZTAILA. Uzten hila da, bere izenak garbiki esaten digun bezala. Zenbait tokitan GARILA deitzen zaio, gariaren garaia dela adierazi nahian. EREINARO Nafarroako iparraldeko eskualdeetan.
– ABUZTUA. Mailegu latinoa. AGORRILA eta AGORRA oso zabalduta daude, eta ematen duenez, lehorte edo agorteen garaia dela oroitarazi nahi digu. DAGONILA ere oso ezaguna dugu. Lopez Mendizabal tolosarraren ustez UDA-GOREN-HILA litzateke. Nafarroa Beherean TILISTARO deitzen diote, tilista edo dilisten garaia dela burura ekarriz.
– IRAILA. Iratzeak edo irak jasotzeko hilabetea litzateke. GAROILA deitzen zaio ere, garoak edo iratzeak sinonimoak izaki. Zuberoan SETEME(RA) mailegu latinoa erabiltzen da.
– URRIA. Urritasunaren hila. Zuberoan LASTAILA deitzen diote, garai honetan lastoa egiten dela gogorarazteko. Beste tokitan BILDILA deitzen diote, azken bilketen garaia dela garbi utzi nahian.
– AZAROA. Azen aroa. HAZILA deitzen zaio ere, hazia ereiteko garaia baita. GOROTZILA deitzen zaio beste zenbait tokitan, gorotza edo simaurra zabaltzeko garaia dela esateko. Beste izena: GAZTAINAZITUA, gaztaina heldua edo hazituaren garaia dela adierazi nahian.
– ABENDUA. Latinezko “adventus” (iritsiera)-tik dator. NEGUILA ere esaten diote, neguaren hasiera dela agertarazteko. Aurrekoarekin loturiko izena HOTZARO litzateke, hilabete honetan hotza azaltzen dela esan nahian. ILUNILA –iluntasunaren hila— eta LOTAZILA ere — hazilean ereindako hazia lotan dagoen hila— arrunt ospetsuak direlarik.
4.- Gure egutegiaren bestelako izenak.
Amaitu dezadan aipatuz urteko zenbait egun berezi izendatzeko darabilzkigun izen bereziak. URTEBERRI edo URTATS —urtearen lehen hatsa—, URTEZAHAR edo GABONZAHAR –urtearen azken eguna—, OLENTZERO edo GABON GAUA —abenduaren 24a— badirudi OLES egiteko AROA esan nahi duela, AGURTZEKO GARAIA alegia, bera baita jentilen sinismen zaharren oroimena eta fede kristaua uztartzen dituen eguna eta EGUBERRI —-abenduaren 25a— Ikusi ahal dugunez, nahasmen handiak, lokarri korapilatsuak gure egutegian erabilitako lexikoan errepikatzen zaizkigunak, baina denbora berean, bertan zerbait bitxia eta berezia dagoela argi eta garbi adierazten digutenak.