Farmazialarien Kontseilu Nagusiak antolaturiko sendabelarren gaineko ikastaroa oinarri hartuta, joan den ekainean, pisu egokia eta sendabelarrak izan ziren Elinberri-rako idatzi nuen artikuluaren gai nagusiak. Halaber, loezinaren, estresaren eta sendabelarren gainean idatzi nuen irailean, eta oraingo honetan, digestio arazoak eta sendabelarrak izango dira idazkiaren muina.
Digestioaren arazorik ohikoenak flatulentzia, dispepsia, goragaleak, idorreria, beherakoak eta behazun- zein gibel-asaldurak dira.
Flatulentziari aurre egiteko ezer baino lehen higiene eta jan neurriak hartu behar dira: mastekatu astiro, otoruntza oparoak ekidin, zenbait elikagai gehiegi ez jan, ezta edari gasdunak ere. Ondoez horren aurka olio esentzialetan aberatsak diren landareak erabiltzen dira, esaterako anis belarraren (Pimpinella anisum) eta mihiluaren (Foeniculum vulgare) fruitua zein olio esentziala. Halaber, sendabelar horiek eragin espektoratzailea dute, baita hilekoaren espasmo arinei zein bularreko haurren kolikoei aurre egiteko ere erabiltzen dira.
Dispepsiari aurre egiteko ere higiene eta jan neurriak hartu behar dira: jatekoa kontrolatu, jan astiro, mastekatu ongi, idorreria eta estresa ekidin. Txikoria-belarraren (Taraxacum officinale) sustraiak zein aireko atalak, boldoaren (Peumus boldus) hostoak eta negakinaren (Fumaria officinalis) aireko atalak oso sendagai onak dira dispepsiari aurre egiteko. Eragin farmakologiko anitz dituzte: behazun jariaketaren estimulatzaileak, gibeleko babesleak, diuretikoak, hanturaren aurkakoak, laxante arinak etab.
Goragaleen eta okaden aurka, jengibrearen (Zingiber officinalis) errizomak oso sendagai eraginkorrak dira. Zenbait ondoezen aurka erabiltzen da: digestio-aparatuko gaitzak, urdail-hesteetako espasmoak, haurdunaldiko zorabioak, bidaiek eragindako zorabioak prebenitzeko etab.
Idorreriari aurre egiteko ere higiene eta jan neurriak hartu behar dira: likido asko edan, ariketa fisikoa egin, zuntzetan aberatsak diren elikagaiak hartu, libratze-erreflexuen berreziketa egin. Idorreria kronikoa bada, muzilagotan aberatsak diren landareak erabiltzen dira, eragin mekanikoa dutenak, alegia: algak, ispagularen (Plantago ovata) haziak edota hazien azaleko geruza eta lihoaren (Linum usitatissimum) olioa. Ispagula ere hipogluzemiatzailea eta hipolipemiatzailea da. Likido askorekin hartzen da (5 g/150 mililitroko).
Noizbehinkako idorreria bada, laxante estimulatzaileak erabiltzen dira, esaterako, aloe (Aloe sp.), oskol sakratua (Rhamnus purshianus), frangula (Rhamnus frangula), arabarba (Rheum palmatum), pitusgarria edo kasia (Cassia angustifolia). Sendabelar hauek denbora laburrean hartu behar dira.
Beherakoak, berriz, ohi baino gehiagotan libratu behar denean izaten dira, hesteetatik gorozkiak azkar igarotzen direnean. Beherako funtzionalak gorozki bigunak dira, minik gabe libratzen direnak. Beherakoen aurkako higiene eta jan neurriak ere hartu behar dira: galdutako ura eta elektrolitoak berreskuratu eta jan-neurri egokiak hartu. Taninoak eta muzilagoak dituzten landareak eraginkorrak dira beherakoei aurre egiteko.
Behazunaren eta gibelaren asalduen aurkako sendabelarrak badira: astalikarduaren (Silybum marianum) fruituak eta orburuaren (Cynara scolymus) hosto basal lehortuak, esaterako.
Pello Iturria Sarasibar