Umorea gauza handia da, ainitzetan bestela erran ezin daitezkeen gauzak azaltzen dituelako. Umoreari bekatu ttipi guziak barkatzen zaizkio eta umorez errandako kritikak ere atseginez entzuten ditugu. Lerro hauetara hiru istorio irringarri edo txiste ekarri ditut, hiruak Lapurdin entzundakoak.
1.- Eta Jainkoak munduko herriak sortu zituen
Denok ongitxo dakigu Jainkoak mundua zazpi egunetan sortu zuela, Biblian horrela kontatzen digute bederen. Ondoren gizona egin zuen haren antzera eta azkenean, gizona asper ez zedin, haren saihets batetik abiatuta, emaztea egin zuen. Horrela sortu omen zuen lehen giza bikotea, Adan eta Eba alegia. Hauek, debekatutako zuhaitzetik sagarra hartu eta jan ondoren, Jainkoak paradisutik zituen igorri eta emazteki guztiak betiko minez erditzera zituen kondenatu.
Urteak igaro ahala, gizakia izugarri ugaldu omen zen eta horregatik Jainkoak munduko lurralde zabalak sortzen ari ziren herrien artean banatzeko deliberoa zuen hartu, horrela saihestu nahi baitzituen mundu osoko geografian, hor eta hemen, gero eta gehiagotan, pizten ari ziren haserreak, kalapitak eta gerlak.
Hori dela eta, munduko herri guztiak zituen bildu ordoki zabal-zabal batean, eta berehala, banaketa egiteari ekin zion.
-
Txinatarrentzat lur zabal eta emankor horiek izanen dira! —erran zuen trumoizko ahotsaz mapa erraldoi batean gaurko Txina makila batez seinalatzen zuelarik— Lurralde hauetan zuen habia egin ahal izanen duzue.
Eta han ziren txinatar ugariek pozaren pozez erantzun:
-
Biba Jainkoa! Biba! Milesker zuri!
Txinatarrak isildu zirelarik, Jainkoak jarraitu zuen:
-
Errusiarrentzat eremu zabala atxiki dut, hotza baina izugarri zabala, heien herria hortxe bizi dadin luzaz! —eta makilaz gaurko Errusia seinalatu zuen mapan.
Errusiarrek bozkario handiaz ihardetsi zioten:
-
Biba jainkoa! Biba! Milesker zuri!
Gero Afrikako herrien txanda izan zen, gero Ameriketako herriekin zuen jarraitu, Asia, Ozeania, eta lau egunen buruan Europako hainbat herrirekin segitu zuen. Halako batean euskaldunen txanda iritsi zen.
-
Euskaldunentzat, munduko lur eremurik ederrena eta oparoena atxiki dut, denetik duen lur eremu ederra. Badu itsasoa, baditu mendi handiak eta elurtuak, oihan berde zabalak, belardi eta baratz zabal emankorrak, era guztietako fruta-arbolak, erreka kantariak, emari handiko ibaiak… Hori dena euskaldunentzat atxiki dut! —eta bere esku akituaz gaurko Euskal Herria seinalatu zuen mapan.
Euskaldunek pozez zoratzen erantzun zioten:
-
Biba Jainkoa! Biba! Biba Jainkoa! Biba! Milesker zuri!
Euskaldunen poz handia ikustean, Jainkoaren eskuinean zegoen goiaingeruak ahopeka honela erran zion Ahalguztidunari:
-
Jainko gurea, berorrek ez al du uste, euskaldunei gehiegi eman diela?
Eta Jainkoak, zuhurtziaz beterik, belarrira honela erantzun zion:
-
Isil, isil, utzi euskaldunak lasai, oraindik ez baitakite zer nolako auzoak izanen dituzten!
2.- Errekako ura
Zuberoan, Logibarreko aterpetik goiti, Hotzarterako bidean, doaz manexak. Iduzkiak indar handiaz jotzen du eta bazterrak sargoritzen. Ez dute urik eramaiten eta jadanik egarri dira. Zintzilikaturiko zubia, Holtzarteko zaldaina, urrunean dute ikusten. 420 metroko sakonean Olhado erreka ikusten ahal dute, ura borborka, jauzika, doa baina urrun dago Donibane Garazitik joandako zazpi mendizaleen egarria asetzeko.
Bidearen bihurgune batean, bortüetatik jaisten den errekastoa begi bistan agertu zaie. Garbi-garbia dirudi. Mendizaleetako batek plastikozko basoa bilatzen du zakuan eta errekako urez bete. Une hartan artzain xiberotar bat pasatzen da bidetik eta edateko prest den mendizalea ikusirik, honela erraiten dio:
-
Ez edan hortik, hogei metro gorago, behiek kaka egin düe errekan.
Mendizale garaztarrak, hori entzunik, edateari utzi dio. Baina inguruan azaldu berriak diren lauzpabost mendizale frantximantek ez dute artzain xiberotarrak erran duena ulertu, eta haserre bizian, frantsesez egiteko erraiten diote arras modu txarrean. Artzainak, frantsesez ihardesten die:
-
Ura pittat hotza da, bena besterik ez. Edan ezazue poliki.
3.- Medikuenean.-
Gizon bat medikuenera joan da eta sendagileari erraten dio:
-
Sendagile jauna, badut arazo bat.
-
Zein? —erantzuten dio medikuak.
-
Egunero, goizeko zazpietan, kaka egiten dut.
-
Eta zein da arazoa? —sendagileak ezin ulertuz.
-
Ni egunero goizeko zortzietan esnatzen naizela.