Abenduak 18an, igandearekin, Berbintzanako AUZO ETXEAn, Erlantz Urtasun historialariak Berbintzana Taldeak antolaturiko NAFARROAKO ANTZINATEKO HISTORIA, BURDIN AROTIK ERROMATAR ALDIA BITARTE ikastaroari zegokion bigarren hitzaldia eskaini zuen.
Aipatu hitzaldian, Erlantzek gure arbasoen eta erromatar munduaren arteko elkarbizitzaren lehen tartea azaldu zigun. Erran nahi baita militarki eta kulturalki Erroma garaiezinaren aldia, eta nola gure arbasoek hasieratik haien adiskide izaten aukeratu zuten. Izan ere, ez zuten erromatarren aurka borrokarik egin, areago, erromatarrek hainbatetan defendatu gintuzten, Numantziako gerlari ospetsuek gure hegoaldeko hiriren bat inguratu eta eraso zutenean kasu.
Erlantz Andeloko, Santa Krizko edota Kalagorriko auzokideak kanpotik etorririko erromatarrak baino erromatar hiritar bihurturiko bertoko baskoiak zirela ulertarazten saiatu zen, erromatar legioetan borrokan ari izan ziren baskoiak, haien hizkuntza, ohiturak eta arauak errespetatu zitzaizkien baskoiak. Erromatarrek idatziz “baskoiak” deitu ziguten. Ez dugu gure arbasoei deitzekotz lehenagoko izendapenik ezagutzen.
Zibilizazio hark ongizate maila eta merkatal salerosketa mogimendu itzela erdietsi zuela aipatu zigun, uste genuen lurraldea baino eremu zabalagoa gizatiarazten, eta gero, Inperioko hondamendia medio, ondorengo mendeetan ezagutuko ez zena: Santa Krizen apaingarri materialak egungo Turkiatik ekarri bide zituzten, edota Irungo kai erraldoiak, bainuetxeak, berogailuak…
Eta guregan eraginik ukan ez zuten erromatar konkista kanpainak eta parte hartu genuen haien arteko guda zibilak bereiztu zituen. Adibidez, Julio Zesarren aurka, Pompeioren lagunak eta haren aldekoak izan ginen, hain zuzen beharbada gure Iruñeari bere izena eman ziona, “Pompelo”, euskarari ere dagokiokeena, “-elo”k populazio gune garrantzitsua adierazten baitzuen, gure hurbileko Andelo (And+elo)k erakusten duen moduan.
Eta bertaraturiko batzuk ERETAS museoan dugun eta ERRENSA (euskaraz izendaturiko emakumezko sinesmena) zenari eskainiriko erromatar aldiko ara duela urte gutxi Larragako erdigunean, botika ondoan, agertu zela ohartu ginen.
Erlantzek aurkitzen diren hondarren inguruan politikariek duten ohiko jarduera kritikatu zuen, baita zenbait historialarirena, arkeologorena ere, Nafarroan agintzen duenaren arabera “historia” aldatzekotz gai baitira, Auñamendiz hegoalderantz nahiz iparralderantz aurkiturik eta sailkaturik zeuden hainbat aztarna “galdu” baitira, egun auskalo zein toki aberatsetan izanen diren…
Hurrengo urtarrilaren 22an, igandearekin, 11:30etan, Berbintzanako Auzo Etxean, ERLANTZ URTASUN ANTZANOk bere hirugarren hitzaldia eskainiko digu. Bertan erromatar inperioko bukaera azalduko du, eta nola gure arbasoek haien berezko erresuma sortu behar izan zuten. Bizirautekotz ez bertzerik.