Txikia nintzenean arazo larriak nituen Errege magoekin. Denek existitzen zirela esaten zidaten, baina, hala eta guztiz ere, nik gauza susmagarri batzuk sumatu eta ez nintzen guztiz lasai gelditzen.
Konparaziora, ilbeltzaren bosteko gauean, hau da, Errege magoen bezperan, oheratu baino lehen, gurasoek balkoi aldera ematen zuen gela nagusian, gailetak eta pattarra jartzen zizkieten, eta gau magiko hartan miraria gertatzen zen, alegia, biharamun goizean gailetak janda zeuden eta pattarra edontzietatik desagertua, baina zalantza egiten dut balkoiko atea irekita uzten ote zieten.
Gure etxera, hots, Behiko Bordara, balkoitik zehar sartzen omen ziren Errege magoak jostailuak eta opariak uzteko, eta, izan ere, ilbeltzaren seiko goizean, eguna argitu orduko, hantxe agertzen ziren eskatutako jostailuak eta beste opari batzuk, baina nik inola ere ezin nuen ulertu nola sartu ahal ziren Errege magoak etxeraino, batere arrastorik utzi gabe.
Behin eta berriz, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege magoak gamelu gainean etortzen zirela esaten ziguten, eta, jakina, nik, inozoa ez izanik, biharamunean etxe inguruari erreparatzen nion, ea nonbait aurkitzen ote nuen gameluen oinatzen bat, batez ere, balkoi azpian, eta are gehiago oraindik, elurra zegoen egunetan, baina guztiz alferrikakoa izaten zen, izan ere, inon ez bainuen inolako hanka aztarnarik aurkitzen, nire zoritxarrerako, eta nire frustrazioa urtez urte ikaragarri joan zen handitzen.
Artean, badaezpada ere, gameluak etxeraino hegan joan ahal izatearen posibilitatea mantentzen eta baloratzen nuen, izan ere, agian, gertatu ahalko zen Iparburuko elur-oreinekin bezala, esaten baitzen, haiek hegan eramaten zituztela haurren Eguberrietako opariak; auskalo!
Kontua da, zorigaiztoko egun batean, Etxarriko Gortzeneko Seberianok esan zigula, Errege magoak gurasoak direla. Mundua goitik behera erori zitzaidan! Zalantzak orain askoz ere handiagoak ziren, baina, hala eta guztiz ere, oraindik egin nahi izan nuen azken proba; kotoiaren proba. Alegia, hurrengo urtean, inori deus ere esan gabe, balkoian, hau da, Erregeek igaro behar zuten lekuan, hari mehe, fin eta ia ikusezinak jarri nituen, ni inork ikusi gabe, biharamunean ikusteko zer gertatzen zen.
Zorigaitzez, nire susmorik okerrena egiaztatu zen: hariak hantxe zeuden balkoian, denak osorik, bakar bat ere hautsi gabe, eta, modu horretan, guztiz ezinezkoa zen handik barna hiru Errege magoak sartu eta atera ahal izatea. Hantxe bukatu zen bat-batean eta betiko, nire Errege magoekiko magia, aztikeria eta sorginkeria guztia. Han galdu nuen, nolabait esateko, haurtasuna.