Lapurdiko Urruñan ez daude lotan eta euskal kulturari biziki atxikiak bizi dira. 2014an Kabalkada-zintzarrotsa arrakastatsua jokatu zuten, berrehun bat urruñarrek parte hartu zutelarik. Aurten ere, kabalkada berria prestatzen hasita daude eta agorrilaren 26an, hau da agorrrilak duen azken larunbataren gauean jokatu nahiko lukete.
Kabalkada izanen da, eta ez du zintzarrotsik edo toberarik ukanen.
Bi oreneko ikusgarria izanen da, karrikaz karrikako ibilaldia, kantuak, dantzak… eta euskal mitologiarekin lotua. Jadanik ehun eta berrogeita hamar urruñar inguruk izena eman dute eta jostunak jantziak egiten ari dira. Euskal pertsonaiak agertuko dira: Mari, Tartalo, sorginak, lamiak, jentilak, Amalur, Hodei, Sugaar, Ihiztari Beltza eta horrelakoak.
Kabalkada mitologiko honen helburua euskal nortasuna bultzatzea da, beraz, kabalkada identitarioa dela erran genezake, eta denbora berean, urruñarren arteko auzolana eta adiskidetasuna indartzea, baita ongi pasatzea ere, bistan da.
Urtarrilaren 18an, asteazkenarekin, arratsaldeko 8etan mintzaldi mitologikoa izanen da herriko plazan den Posta etxean, eta segidan Berttoli elkarteak antolatzen duen kultur ekitaldi honen aurkezpena. Hauxe izanen da urruñar proiektu berriaren abiapuntua. Beraz, ordura arte urruñar maiteak. Eta urruñar ez zareten horiek, kontuan har ezazue euskal kulturarekin uztarturiko hitzordu honen berri. Agorrilaren 26an elkarrekin ibiliko gira denok Urruñako karriketan.