ATE SEKRETUA

Ate sekretua zure gotorlekuan

ustekabean nik aurkitu nuenean,

liluratu ninduen zuzen zuzenean,

ezin asmatuzko altxorren azaltzean,

plazeraren izpiak zure begietan.

 

Urrundik ikusten ez ziren harresiak,

halere sasien atzetik susmatuak,

gero hesien gibelean ageriak,

azkenik erakusten hasi ziren mailak

eta zure baitan gidatzen eskailerak.

 

Bihotzeko taupadez, atean jo nuen

ez ninduzulako batere itxaroten.

Jakin gabe gako hitzak erran nituen

zeren kalakari bilakatua nintzen

baina zeinak ziren batere ez nekien.

 

Barnebide estu eta hezean sartu,

gela ilun batera ninduzun gidatu,

hormak, supazterreko argiak piztu

ondoren, zetaren leuntasuna hartu,

orduan zure altxor sotilak zabaldu.

 

Egiazko ‘ta baitako edertasuna,

tximeleta arintasunaz, zure poesia

sugar indarraz adierazten hasia,

eta zure sentimenduen noblezia

ikusi nituen eta zu, bihozbera.

 

Gotorlekuaren goiko dorre altua

betikotzat itsas argi gisa hartuta,

kapulutik ateratako tximeleta

itzultzekotan aurkituko dudala

iturri honi hitz leunak darizkiola!

Hatsaren Poesia – Olerki Bilduma – 2016