Behin batean, udazkenean, Katixa oso haserre atera zen etxetik, amatxok errieta handia egin ziolako, gaizki portatu eta gero. Zigor moduan, amatxok etxe ondoko denda batera bidali zuen, mandatu bat egitera; ogia erosi behar zuen.
Baina, etxeko ataritik atera bezain laster, baratze ondoan pasatzen ari zen bitartean, bat-batean sagarrondo baten hosto bat sumatu zuen buru gainean. Gora begiratu, eta, sagarrondoaren urte hartako azken hostoa zela konturatu zen. Orduan bertan eta dendarako bidean, bera ohartu gabe, pentsatzen hasi zen a zer-nolako kointzidentzia handia gertatu zen momentu horretan.
Izan ere, Katixak bere logelatik egunero ikusten zuen sagarrondoan gertatu zena gertatzeko, gauza askok kointziditu behar zuten, sinkronizazio ugarik bat egin behar zuten, alegia, hosto hori noiz jaio, zenbat hazi, noiz heldu, noiz zahartu, noiz egon erortzeko zorian, behar zuen azken haize boladak noiz jo, Katixak berak une zehatz horretantxe bertan igaro behar izatea, eta abar, eta abar.
Katixak ez, ez zuen asko pentsatuko halakorik gertatuko zitzaiola. Dendara sartu eta saltzaileak ogia prestatzen zion bitartean ere, kontu horiek ari zen hausnartzen bera batere ohartu gabe, hau da, azken haize-boladatxo hura pixka bat aurreratu edo atzeratu izan balitz, ez zatekeen gertatuko gertatutakoa, edota amatxok errietarik egin ez eta okindegira bidali izan ez balu, edo pixka bat arinago edo motelago ibili izan balitz, edo une horretan makurtu izan balitz, edota hostoa lehentxeago edo geroxeago jaio izan balitz, eta abar, eta abar.
Ordurako, lehentxeago amatxorekin izandako haserrealdia, ahazten hasita zegoen. Behin ogia erosirik, saltokitik atera eta etxe aldera abiatu zen pozik eta alai. Une horretarako, konturatuta zegoen zenbat gauza gertatu ahal zaizkigun kointzidentzia hutsez, baina, aldi berean, kointzidentzia eta batera gertatze haiek guztiek beren arrazoi, zergatiko eta zioa zutela.
Baratze parean, sagarrondoari begira eta irribarre konplize bat egin zion. Etxera pozak txoratzen sartu, ogia mahai gainean utzi, eta, amari musu luze eta goxo bat eman ondoren, zera esan zion: “eskerrik asko, amatxo, dendara, ogi bila bidali izanagatik, asko ikasi baitut!!!”.