NIRE URRUTIKO MAITEARI

Nire urrutiko maitea, nola zara, zu?

Nik, maite zaitut! Biziki maite zaitut! Izugarri maite zaitut! Sinestezina da nire maitasuna!

Baina beldur naiz! Amets batean naizen eta bat-batean, ustekabean, bukatuko den beldur naiz. Ez zenituen inoiz halako ametsak egin? Dena biziki ongi pasatzen da. Zerbait atsegina egiten ari zara eta luzaz irauten du eta bizitza biziki ederra da. Ez da ezer gertatzen ez zarela mundu errealean zure buruari esateko. Lagunak, lankideak, bulegoa, goizeko autobusa edo Topoa, etxebizitza, erosketak, bide-gurutzeko polizia, euria: guztiak ehuneko ehun normalak dira eta, bat-batean, tilin-tilin!!! Jaikitzeko ordua da!

Nola froga dezaket ez naizela amets batean? Lehenik, lasai-lasai eta urratsez urrats pentsa dezadan! Descartes-n arabera, pentsatzen badut, beraz existitzen naiz. Baina oraintxe, ametsetan edo errealitatean edo alegiazko errealitatean naiz? Joko zozo hauekin interneten, batzuetan, non naizen galdetzen diot nire buruari ! Baina Lara Croft ez zara! Ez zintuzket metrailadore astunarekin besoetan maite!

Modu logiko bat izan behar da, bai ala ez, errealitatean naizela eta, garrantzitsuena noski, zu ere asmatzeko. Adibidez, nire eskuetan dudan nire maite politaren argazkia: ametsetakoa ala egiazkoa da? Argazkiari su emango banio, nire hatzak erreko nituzke! Baina amesgaitz batean ere nire hatzak erre nitzake! Zer egin?

Bon! Beno! Urratsez urrats, hastapenetik: “Maite zaitut” hitzek, zer erran nahi dute?

Jadanik pertsona eta gauza asko maite ditut edo maite izan nituen nire bizitza motzean. Sortu nintzenetik hona, oso desberdinak izan dira.

Gauzetatik, gehien gustatzen zitzaidana, txikitan, nire txirringa zen. Zoro bat bezala, abiadura handiz pedalei eragiten nien leku guztietara, eta gurasoei sekulako izialdurak eman nizkien!

Orain, nire ordenagailuarekin pasatzen dudan denboraren arabera, gehien maite dudan gauza izan behar da. Zoritxarrez, zurekin baino denbora gehiago pasatzen dut tresna madarikatu honekin! Batez ere lanagatik, egia esan, baina lagunekin loturak atxikitzeko erabilgarria da ere bai. Gutun hau idazteko, adibidez!

Orduan, maite zaitudan modua ez da modu material hau! Gizakia zara, nire gurasoak bezala. Ditugun gizaki hurbilenak gurasoak dira, normalean? Ados? Zergatik, zure iritziz?

Amaren sabelean nintzelarik, bere odola, oxigeno eta elikadura ekartzen baitzidan, maite nuela asmatzen dut. Lotura edo harreman hau dezente gogorra zen, noski: ni bizirik irauteak horretatik dependitzen zuen. Sortu ondoren, ninitan, gehien gustatzen zitzaidana bere bularra zela ziur da. Baina bere ahotsa ere bai, lasai lokartzeko euskal sehaska kantuak kantatzen zizkidanean.

Eta gero nire aitaren beso gogorrak! Mendietan eta hondartzetan, botatzen ninduen airera eta ni irri karkailaka ari nintzen, elurretan edo itsasoan bukatu arte!

Beste gizakiak ere asko maite ditut, Aire Ahizpek dioten bezala: “Konplize ditut eta, maite ditut denak…”.

Baina maitasun hori ez da zurekikoa bezalakoa.

Besteek ez dute umorerik, zure umore arin eta azkarra bezalakoa, niri irri edo irriño eragiteko.

Besteek ez didate laztan amultsurik ematen, oreka galarazi arte.

Besteek ez dituzte haien begiradak nire begien hondo sakonenean murgiltzen, nire arima zundatzeko.

Maite zaitut! Nire maitasuna onartzen ote duzu? Nahi duzu? Baietz asmatzen dut, nire zain zaudelako. Baina noiz arte onartuko duzu egoera hau?

Zer egingo dugu arratsean, bihar, etzi, etzidamu eta gero? Eta noiz da “gero”: urte bat, bi urte, gure bizitza osoa, hil arte? Eta gutarik, nor biziko da gehien? Zer egingo dut ni baino lehen hiltzen bazara? Zu gabe bizi naiteke?

Zer pentsamendu zurrunbilo, bat-batean! Zoro bilakatzen ari naiz. Ezin dut hori guztia aurreikusi, antolatu, asmatu… Hori da, beharbada, guztiek amodiozko zorotasuna deitzen dutena. Eta bihotz taupada hau, berriz hasten da! Nire bularra atabala bezalakoa da eta nire ikaskideek taupada entzuteko lotsa dut… Lasai, lasaitu behar naiz, ala ez dut eguna pasatuko.

Baina… hori da froga! Ametsetan, bihotz taupadarik ez dugu. Burumuinak bere lana egiten du eta bihotza gidatze automatikoan da. Ametsen irudiak, duela gutxi irakurri dudanaren arabera, esnatzearen aurretik azken segundo frakzioetan burumuin kontzientean sortzen dira. Orain, errealitatean naizela badakit. Eta existitzen zara! Zer zoriontasuna!

Fite-fite ikusi behar zaitut, taupada honekin bukatzeko. Eta gainerakoa, zurekin batera ikusiko dugu, bihar, etzi, etzidamu eta gero! Azken finean, beharbada, hori da maitasuna: gertatu behar dena gerta dadila! Eta nolanahi, zu eta biok ongi aterako gara!

Herrira itzuli bezain laster, zure mugikorrera deituko dut!

Ahal bezain laster zure arnas leuna nire lepoan sentitu behar dut! Lehenbailehen zure eskua nirean tinkatu behar dut! Ezer egin baino lehen, zure irria entzun behar dut! Zure aurpegia ikusi behar dut!

Musu beroenak! Asko!

Zure urrutiko amodioa, orain ongi esnatuta.

(2014ko Hendaiako Euskarazko Maitasun Gutun lehiaketari ekarpena, moldatua.)