EUSKALTELEN DESENGAINUA

Espainiako hainbat telefonia mugikor konpainiarekin etsipen eta asperraldia jasan ondoren, egun batean erabaki genuen Euskaltelekin probatzea, eta hara gure harridura, telefonoz esan zigutenean konpainia horretatik bertatik, beraien lan esparrua Euskal Autonomia Erkidegora mugatzen zela! Zur eta lur gelditu nintzen ni behinik behin! Badakit, bai, zilegi dela eta eskubide osoa dutela horrela jokatzeko, baina, aizu!, nik pentsatzen nuen, EAEko senideak solidarioago eta sentiberagoak izanen zirela bigarren mailako euskaldunokin, hau da, Iparralde eta Nafarroako euskaldun errukarriokin, eta beharbada esku bat botako zigutela erdal ozeano honetan, guri laguntza pixka bat emateko, baina ez!, argi dago ez dela horrela, eta nik behintzat, egia esanda, ez nuen uste horretaraino iritsi ahalko zirenik, baina bai!, horrelaxe omen da eta halaxe onartu beharko dugu.

Segituan, Euskal Wikipedia entziklopedia askean begiratu eta honako hauxe jartzen zuen: Euskaltel S.A. 1995. urtean sortutako euskal telekomunikazio konpainia da. Lau alorretan banatzen du bere jarduera, telefonia finko, telefonia mugikor, Internet (zuntz optiko, 4G, ADSL, WIMAX eta satelite bidezkoa) eta kable bidezko telebistan. Euskaltelen egoitza Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dago, Derioko udalerrian.

Datuak, gutxi gorabehera ongi baldin badaude, errepara dezagun satelite bidezkoa ere jartzen duela; hortaz, pentsatzekoa da beren uhinak Iparralde eta Nafarroaraino iritsarazteko ez dutela batere arazorik eduki behar, baina, hala ere, zerbitzua ez digute zabaldu lurralde hauetaraino, inolako errukirik gabe gainera, beraz, susmatu beharko dugu, gu ez garela oso garrantzitsu, interesgarri eta errentagarriak konpainia horretako buruzagientzat; penagarria!

Euskal Autonomia Erkidegoan, pertsona batzuek joera handitxoa dute izen zabal eta entzutetsuak aukeratzeko, erakunde, konpainia, eta abar izendatzeko momentuan, baina gero, praktikaren benetako momentuan, ez dirudi oso kontsekuenteak direla izen horiekin. Hona hemen adibide gutxi batzuk: Euskadi, Euskal Herriko Unibertsitatea, Euskaltel, eta abar. Horiek guztiek, euskal hitz asko edukita ere, gero, errealitatean, Euskal Herri erdia baino gehiago baztertu eta zokoratuta uzten dute.

Ai, ama, hau desengainua! Zer etsipena! Zeinen dezepzioa! Nolako etsi gaiztoa! Bai lilura-galtzea! Sinonimoak bukatu zaizkit…