Euskal inauteria eta ikuskera zaharra

Gure arbaso zaharrek, laborantzatik bizi  zirenez gero, gogoeta sakona egin zuten urteaz, urtaroez, egunaren eta gauaren txandatzeaz, biziaren gurpilaz, eguzkiak urtean zehar egiten duen ibilbideaz, ilargiaren aldiez, egutegiaz, emankortasunaz, jainko eta jainkosez…  Eta horrela urtaroen banatzaile diren solstizio eta ekinozioetan euren jai erritual handiak ezarri zituzten. Jai horietan naturarekin biziki lotuak ziren dibinitateak gurtzen zituzten: In edo –Inko-, Egu, Eki, Ilargi… eta jai hauek horien ohorez burutzen zituzten. Eguzkiaren besta handia udako solstizioaren inguruan izaten zen, eguzki jaioberriaren besta neguko solstizioan eta In jainkoaren besta udaberriko ekinozioan. Horrela izaki, hainbat adituren ustez, inauteria azaltzeko dugu lehen hitza, INOTE litzateke, eta In jainkoaren garaia esan nahiko luke (In-o- +  -te).

Baina oroitu behar dugu garai zaharretan inotea Europa osoan zabaldurik zegoela. Jai bat baldin bada sustraitua munduan hauxe da, inauteria (gaurko izena erabiliz) –Lapurdin ihauteria deitzen duguna–, munduko bazter guztietan zabaldurik baitago. Bere errorik sakonenak antzinako denboretan gordetzen ditu, eta garai zahar haien oihartzuna ekartzen digu urtero, sentimendu zahar eta totemikoez jantzirik. Horixe baita azken finean inauteria, gure arbaso zaharren sinismenetara urteroko itzulera. Gure Euskal Herri zahar honetan inauteriak indar eta kolore handia hartzen ditu, eta garai bateko magiaren sua piztuta iraunarazten digu. Inauteria jai solstiziala da, neguko solstizioaren jaia, eta solstizioaren inguruko errito bezala ulertu beharra daukagu.

1.- Euskal ikuskera zaharraren ezaugarri nagusiak.-

a.- Oso kontuan hartu behar dugu gure mundu-ikuskera edo kosmogonia zaharrean osotasuna, dena, batasun bakar batez ikusten zutela: Egu (hastapenetan) Ortzi (berantago). Monoteista zen, nire uste apalez, baina osotasun horren barruan bazeuden bestelako izakiak eta indarrak.

b.- Euskal ikuskera zaharra manikeista zen, aurkakoen etengabeko borrokan sinesten baitzuten. Den guztia da bere aurkako zuzena duelako, eta ideia honen sinbolorik adierazgarriena esbastika dugu (gure artean lauburu deitzen duguna), bere bi mugimenduen aurkakotasunean indar baikor eta ezkorrak aurkitu egiten baitira. Euskaldunok beti izan gara arras manikeoak, eta ez bakarrik gure jainko-jainkosen aurkako dualismoetan (Eki/Ilargi, Mari/Maddu, Atarrabi/Mikelats…) baita bizitzaren, izatearen, agian hobeto esana, alderdi guztietan ere. (Euskara/erdara, euskaldunak/erdaldunak, Euskal Herria / Erdal Herriak…) Edo gutarrak edo bestelakoak, azken finean.

c.- Euskal panteismoa ere oso kontuan hartzekoa da, dena Egu edo Ortziren zati dela sinesten baitzen. Gure arbaso zaharren ustez, den-dena jainkoturik zegoen, ezagutzen dugun guztia dibinitatearen zati baita.

d.- Eternala. Beraien ustez, dena betidanik eta betiko baita, hori bai  etengabeko mugimenduan eta transformazioan. Hasierarik eta amaierarik gabeko gurpil ibiltariaz sinesten zuten, aho barruan isatsa sartzen zuen sugearen mitoaz.

e.- Animismoa beste ezaugarri handia zen, izadiaren izaki ezberdinetan pertsonifikatzen baitzituzten ulertzen ez zituzten era guztietako fenomenoak edo gertakizunak. (Sugaar = tximista, Ostots = trumoia, Ilargi = heriotza, Eki = bizitza, Gaueko = ezezaguna, Laino = gaitza, Eate = haizea…)

f.- Animismoarekin estu loturik naturalismoa. Bai gure asaba zaharrak animistak ziren naturan bilatzen baitzituzten euren eredu eta jarrerak. Animalien presentzia zabala, berriz,  oso loturik dago naturalismoarekin (Zaldiko edo Zamalzain, Zezen Suzko, Zezengorri, Hartza, Sugaar, Mari bele bihurturik…)

g.- Mundu magikoaren presentzia. Ez gara bakarrik harriak, landareak, animaliak eta gizakiak mundu honetan, ez, badira gizakiaren gainean dauden bestelako izaki magikoak ere. Esate baterako: lamiak, basajaunak, galtzagorriak, sorginak…

2.- Inauteria edo neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi luzea.-

Gogoratu beharra daukagu zer-nolako garrantzia duten kulturan eta herri guztien errito eta sinesmenetan solstizioek eta ekinozioek, hauen inguruan gauzatu baitituzte ez bakarrik beren tradizioak, eta baita aunitzetan egutegia ere, baizik eta urte osoan izateko eta bizitzeko beharrezko filosofia edo jokaera ere.

Udako solstizioa oso uztarturik dago biziarekin, berotasunarekin, eguzkiarekin, eta Neguko solstizioa bere aurakakoa izanik, heriotzarekin, hotzarekin eta ilargiarekin ere. Manikeismo hutsa. Neguko solstizioa nahitaez pasatu beharreko denboraldi luze iluna da. Ekiren erresumara iristeko iragan beharreko Ilargiren menpeko egoera. Negua joaten da pasatzen eta emeki-emeki eguzkiaren indarra gero eta handiagoa egiten da. Udaberriaren etorrera da, udaberriko ekinozioaren etorrera.

Ilargi ahultzen joaten da eta Eki, berriz, indartzen. Ekik gero eta indar handiagoa du eta honek ama-lurraren esnatzea dakar, biziaren berrindartzea, etengabeko gurpil ibiltariaren alde baikorra. Eta hauxe da inauterian urtero errepikatzen zaiguna. Hau dela eta, euskal inauteria leku askotan urtarrilean hasten da eta martxoan-apirilean bukatzen. Erritual luzea da neguko solstizioa eta udaberriko ekinozioa lotzen dituena. Neguarekin etortzen diren indar eta espiritu gaiztoak edo ezkorrak izutu behar dira, udaberriarekin etorriko diren indar baikorrei segida zabala eman ahal izateko. Eta hauxe da herri guztietako inauterietan, modu batez edo besteaz, egiten dena. Oroit dezagun adibide moduan, Ituren eta Zubietako joaldunak euren joare handiez edota eskuan daramaten zaldi-ilezko erratz horiek astintzen lortu nahi dutena: lurra esnatu eta espiritu gaiztoak euren herrietatik uxatu.

3.- Inauteria hitzari buruzko teoriak.-

Inauteri edo ihauteri hitzari buruz gauza asko esan diren arren, badirudi Julio Caro Barojak emandako interpretazioa dela zuzenena. Aipatutako antropologoaren irudikoz, hitz horren barruan hiru osagai edo elementu daude: IHO/IÑO edo IHAU/INAU aldaera, -TE atzizkia, eta azkenez, beste bigarren atzizki berantiarrago bat: -ERI. Aipaturiko lehen elementuak karnabal esan nahiko luke. Lehen atzizkia (-te) garaia edo tenorea adierazteko erabiltzen da usu (elurte, haizete, eurite…) Eta bigarren atzizkiari dagokionez, esan dezagun oso erabilia dela gaitza, bizioa, edota nolakotasun txarra adierazteko (birikeria, nafarreria, lirdingeria…)

Bigarren atzizkia ezarri gabe ere, erabili egiten da, bai Nafarroan eta baita Iparraldeko lurraldeetan ere, karnabala adierazteko. (iñotea, ihotea, iñautea, ihautea…) Badaude bestalde, lehen hitz horretatik eratorritako beste hitzak, normalean, burla, iraina edota kirtenkeriarekin loturik izaten direnak. Julio Caro Barojaren iritziz, inauteria sustraitua dago erokerietan edo eguneroko bizimodutik urrun dauden jarreretan. Hori dela eta, osagai hori duten hitzetan ezaugarri hori nabarmen gelditzen da. Ikus dezagun. INAKIN (iraina), INOZO (memeloa, lerdoa, ergela…), INULA, INUALA (kirtena, astapitoa, tontolapikoa…)


Bada, beste teoria bat inauteria izendatzeko euskaldunok dugun hitz zaharrena INOTE dela azaltzen duena. Hitz hau bi osagaiz eginik legoke: IN (euskal jainko zaharra, Inko ere deitua) eta –TE (aroa adierazten duen atzizkia). Eta teoria honen arabera, inote In jainkoari eskainitako aro sakratua litzateke. Inote hitzaren atzean azaldu den –ERIA atzizki negatiboa, giristinoek jarri omen zioten, jai jentila edo paganoa zela ongi azaldu nahian.

4.- Euskal inauteriaren hainbat pertsonaia.-

Azter eta aldera ditzagun orain lehenengo atalean ikusitako euskal kosmogonia zaharraren  ezaugarriekin euskal inauterian azaltzen diren zenbait pertsonaia eta osagai:

a.- Inauteri guztietan azaltzen dira pertsonaia ugariak, baina aunitzetan, ez beti, azaltzen da pertsonaia bat inauteri osoaren ardatza izaten dena (Miel Otxin Lantzekoan, Markitos Zalduendokoan, Trapujale Lezokoan…) Hauxe oso lotua dago euskaldunon monoteismo bereziarekin, aniztasunean finkatutako monoteismoarekin edo osotasunarekin, alegia.

b.- Manikeismoaren etengabeko presentzia. Alde ona eta alde txarra. Espiritu onak eta espiritu gaiztoak. Batekoak edo bestelakoak. Adierazgarriena Zuberoako maskarada dugu, bi aurkako muturretan banaturik: gorriak eta beltzak.

Ikus dezagun honetaz Juan Carlos Etxegoien Xamar idazleak berea den Orhipean izeneko liburu gogoangarrian esaten diguna: “Maskaradan bi pertsonaia mota daude: gorriak eta beltzak. Gorriak jende zintzoa, ona da; bere gain daude dantzaririk ikusgarrienak. Gorrien artean Txerrero, Gathüzain, Kantiniersa, Zamalzain, Entseinaria,(guzti hauek aintzindariak dira, dantzari nagusiak), Herriko Jauna, Herriko Anderea, Laboraria, Laborarisa, Marixalak eta Kükülleroak aurkitzen ditugu. Beltzak gorrien aurkakoak dira:  gaiztoak, ahalkegabeak, zikinak, ebasleak, gezurtiak, andrekariak, ardozaleak… xiberotar baten hitzetan: BELTZERIA TZAR HORI ÜRDAIKEIA BAT DÜZÜ, BASA DÜZÜ, BASA! Beltzen multzoan Kherestüak, xorrotxak — nagusi eta mithil–, bühameak, kauterak –Kabana kauter nagusia, Pupu eta Pitxu— bedezia eta bedezi lagünak daude. Gorrien eginkizuna dantzak diren bezala, beltzena jokoak egitea da.”

Eta hauxe dena errepikatzen da inauteri guztietan, bi aldeetako pertsonaiak azaltzen baitira. Zenbait tokitan pertsonaia ezkorrek indar handia hartzen dute: Altsasuko momotxorroak, Unanuako mamuxarroak, Lantzeko txantxoak, Lezoko zirikoak…

c.- Eternitatearen kontzeptua beti azaltzen da euskal inauterian. Hasi egiten da gero bukatzeko. Baina hasiera eta amaiera gurpil batean lotzen dira, etengabeko gurpil ibiltaria gogora ekarri nahian. Bukatzean beti pertsonaietako bat hil egiten dute, Miel Otxin fusilatu egiten dute, Trapujaleri lepoa mozten diote igitai batez, hirietako inauteri urbanoetan, Tolosan, Donostian… Sardinari su ematen diote. Baina heriotza honek berekin darama hurrengo urteko itzulera, su garbitzaileak ez du deusezten, berritzen baizik. Zuberoako maskaradetan gauza bera gertatzen da. Pitxu hiltzen dute denak bere gainean jarrita, itota eta zapalduta nolabait esateko, baina azkenean bedeziak (sendagilea zubereraz) berpiztu egingo du. Naturaren urteroko berpiztea sinbolizatzen du, neguko solstizioan lotan geratzen dena eta udaberriko ekinozioan berriro pizten zaiguna.

d.- Animismoa eta naturalismoa  ere garbi islatzen dira, animalia eta izaki magikoen itxura hartzen duten pertsonaietan. Aipa ditzagun inauteri askotan azaltzen den HARTZA esanguratsua, (ez ahantzi zuberotarren ustez, hartza dela euskaldunon arbasorik zaharrena), ZALDIKO nafarra edota ZAMALZAIN zuberotarra, Bizkaia aldeko lamiak, azeriak, basurdeak, astoak… eta abar. Arrunt garrantzitsua da pertsonaia hauen inguruan gauzatzen diren erritualak: ferratzea, zirikatzea, odolez zikintzea, barrenak ateratzea… eta abar. Hauetako zenbait sexuaren inguruko errito iniziatikoetan ikus daitezke, Zamalzainen zikiratzean, esate baterako.

Badirudi, bestalde, inauteria oso loturik dagoela lizunkeriekin eta haragi (txerrikia gehienetan) jatearekin. Aunitzen ustetan, inauteririk arkaikoena oso lotua dago elementu orgiastikoekin.

5.- Erlijio kristauaren interferentzia euskal inauterian.-

Esan dugu inauteria solstiziala dela, paganoa, arkaikoa, jentila Euskal Herrian, eta gure inauteriari dagokionez, aipatu ditugu garai bateko sinesmen zaharrekin lotzen dituen ezaugarriak edo bereizgarriak. Bai horrelakoxea da euskal inauteria eta begi bistan geratzen da, denon agerian. Baina paganismoa itzali zen aspaldi, euskal jentilak gorde ziren Kixmiren erlijioaren etorrerarekin eta ezartzearekin batera, eta hala eta guztiz ere, inauteriak gaurko egunetaraino iraun du. Nola daiteke izan?

Kristau erlijioak bestelako morala, bestelako ikuspegia ekarri zuen, baina Garizuma bat aurrera eramateko behar zuen atseden eta askatasunezko denboraldi labur bat aurretik, egoera estutasunez ito ez zedin. Hau dela eta, inauteria toleratu egin zuen, karnabala Garizumaren aurreko beharrezko denboraldi moduan. Hortik datorkio Gipuzkoako Arrasate herrian inauteriari ematen dioten izena, aratustea, haragia uztea alegia. Garizuman baraua eta abstinentzia aldarrikatzen zituzten, eta inauteria litzateke haragia uzteko denboraldiaren aurrekoa.

Baina toleratu egin bazuten ere, zehazki arautu behar izan zuten, denbora zehatz baten barruan sartuz. Hori dela eta, inauteria leku askotan Quincuagesimaren aurreko igandearen inguruko egunetan ospatzen dute.
(Quincuagesima Berpizkunde Pazkoren aurretiko berrogeita hamargarren eguna dugu, Garizumaren aurreko igandea).  Hau da, aipatu igande horren aurreko ostegunetik hasita, ondorengo asteartera arte. Gero, Hausterre etorriko da inauterian egindako bekatuak barkatzeko eta Garizuma arima bekataria arazteko. Ziklo bat bukatuko da besteari hasiera emateko. Eta hemen lotzen dira paganismoan aldarrikatzen zen etengabeko gurpilarekin, zikloak urtero errepikatu egingo baitira.

Inauteriak ekarri ditu gaurko egunetaraino jentilen mezu solstiziala, etengabeko gurpilaren oroimena eta  aurkakoen borroka sortzailearen oihartzuna, baina baita kristau erlijioaren mezu eta janzkera ugari ere. Eta azken honekin nahasirik iritsi zaigu XXI. mendeko gaurko egunetara.