BEGITAKO ARAZOAK

Joan den urtarrilaren 23 eta 24an, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak, begitako arazoak gai hartuta, ikastaro bat antolatu zuen. Oso ikastaro egokia. Izan ere, ikusmenaren arazoak garrantzi handikoak dira. Begitako patologia arinak direla eta, pazienteak egunero aholku bila etortzen zaizkigu farmaziara, baita errezeta behar ez duten medikamentuen bila ere. Halaber, farmazialariok pazienteei askotan irakatsi eta lagundu behar izaten diegu medikuak agindutako medikamentua begietan nola eman edo nola ezarri, eta bai tratamendua ondo betetzearen segimendua egin ere, eta inoiz edo behin, gaitzaren sintomak direla eta, pazientea medikuarengana bidaltzen dugu.

Konjuntibitisa eta begiak gorritzen dituzten patologiak ohikoak dira. Gaitz horietan, bada, arreta jarriko dugu.

Konjuntibitisa begitako konjuntibaren hantura da, minik gabekoa, pazienteari ikusmena galarazten ez diona. Sintomarik ohikoenak, besteak beste, azkura, begi gorrituak, fotofobia, negar jarioa, hondar-sentsazioa betazalak mugitzean, makarrak eta esnatzean betazalak itsatsita izatea.

Konjuntibitisaren eragileak desberdinak dira: birusak eta bakterioak, substantzia narritatzaileak, gorputz arrotzak, urtaroko alergenoakk (polena) eta alergeno kronikoak (hautsaren akaroak, onddoak, lizunak, etxe-abereen ileak eta lumak, kutsadura, kosmetikoak, eta abar).

Konjuntibitisari aurka egiteko higiene-neurriak hartu behar dira, esaterako, begiak garbitu serum fisiologikoarekin, medikuak edota farmazialariak agindutako edo aholkatutako medikamentuak erabili, konjuntibitisaren kasuetan garbitzeko erabiltzen den eskuoihala pazienteak bakarrik erabil dezala, ez eman koliriorik edo ukendurik ukipen-leiarrak jarrita. Polenarekiko, animaliekiko edota hautsarekiko alergikoak direnak, berriz, pazienteek behin baino gehiagotan aditu dituzten prebentzio-neurri orokorrak hartu behar dituzte.

Konjuntibitisaren tratamendua eragilearen arabera izango da. Oro har, Infekziosoa bada, antimikrobianoak erabiliko dira; birala bada, aziklobirra; alergikoa bada, txertoa, kromoglikato disodikoa, hodi-uzkurtzaileak eta antihistaminikoak. Beste medikamentuak ere erabiltzen dira: astringenteak, anestesiko lokalak, antiseptikoak eta abar.

Begiak gorritzen dituzten patologiei dagokienez, begia gorritua izatea ohiko sintoma da zenbait gaitz oftalmologikotan. Eragile askok gorritzen dituzte begiak: mailatuak, gorputz arrotzak, begitako nekea, odoljarioa konjuntiban, urratuak, ukipen-leiarrak, erredurak, begi lehorraren sindromea, begitako herpesa, glaukoma eta abar.

Gaitz bakoitza bere tratamendua du. Pazienteak, askotan, gaitz horiei aurre egiteko, medikuaren, erizainaren edo farmazialariaren laguntza eta aholkuak beharko ditu, baita kolirioak jartzeko edo pomada oftalmikoak emateko edo begitako bainuak egiteko orduan ere, edo medikamentu bat baino gehiago begietan jarri behar duenean, edo ukipen-leiarrak erabiltzen duenean, edo medikamentu oftalmologikoak gordetzeko orduan.

Helduaroan, berriz, begi barneko presioa zaintzea aholkatzen da, glaukoma (begi barneko presio handia) saihestearren.

Pello Iturria Sarasibar