HERRI TXIKIEN OROIPENA ETA KONDAIRAK

Gizarte honetan, pertsona guztiak historia-egileak gara, norberak bere historia egiten duelako, baina, hala ere, denak ez gara historialariak, alegia, denok ez gara historian adituak eta historia-ikerketen egileak. Horrexegatik, gehienok, oso gutxi dakigu Euskal Herriko benetako historia nagusiaz, eta, zer esanik ez, historia xeheaz. Orain dela hamarkada gutxi arte, historiaren irakaspena Madrildik edota Paristik izan da bideratua, nahi eta nahi ez, eta orain ere, neurri handi batean behinik behin, halaxe jarraitzen du izaten.

Gure gizarte honetan, badaude pertsona batzuk esaten dutenak, gizakiok beti orainaldian bizi garela, eta izan ere, halaxe da, iragana dagoeneko joana baitugu, eta etorkizuna beti geroa delako. Baina, hala eta guztiz ere, etorkizuna, nolabait esateko, beti iristen zaigu, lehenago edo geroago, beti ere, jakina, bizirik diraugun neurrian. Eta iraganari buruz zer esan? Bada, nire iritziz, iraganak pertsonengan pisu ikaragarri handia duela, horrexegatik, neronek esanen nuke, egia baldin bada ere bizidunak beti bizi garela gure orainaldian, iragana eta etorkizuna ere oso gogoan hartzeko modukoak direla.

Euskarak badauka esamolde bat honako hauxe dioena: Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu. Bestalde ere, ezaguna da nola arraunlariak joaten diren traineruan aurreraka, baina atzerantz begira, eta, azkenik, badago ohiko beste egoera bat, munduan egunero milioika aldiz errepikatzen dena, eta hori ibilgailuak gidatzeko momentuan egiten dena da, alegia, aurrera ongi, egoki eta seguruago joateko, sarritan atzerako ispilura begiratu beharra dago, jakiteko atzean zer dugun.

Honekin guztiarekin, uste dut, ohiko usadioan behintzat, oso argi eta garbi gelditzen dela, gure orainalian eta geroan berebiziko garrantzia daukala iraganak, eta, hori dela eta, artikulu honetan tratatu nahi dugu pixka batean bada ere, azken urteotan, hainbat herri txikitan argitaratzen ari diren historia edota oroitzapen liburuak. Nik, esate baterako, oso ongi ezagutzen dut Auritz herriaren kasua, Nafarroan. Baina, dirudienez, beste herri batzuetan ere, antzeko zerbait egiten ari omen dira, herri horien oroipena bizirik iraunarazteko, konparaziora, Garraldan, Mezkiritzen, Nagoren, eta abar.

Nire ustez, oso lan mardul, dotore eta oparoak dira, balio dutenak horko historia horiek argitara atera eta hobeki jakin ditzagun. Nolabait esateko, orain arte ezkutatu zaiguna agerian uzteko. Izan ere, orain dela hamarkada batzuk arte, transmisio hori ahoz egiten zen, eta nahiko modu erginkorrean gainera, baina gaur egungo bizimodu moderno eta teknologia berriekin, ahozko transmisioak atzerakada arrunt handia jasan du, eta aldaketa nabarmena gertatu da: hitz asko, lanbide ugari, ohitura anitz, eta abar, hamarkada gutxiren buruan, desagertu edota zeharo eraldatu dira. Gainera, ziur asko, aldaketa hau oraindik nabarmenagoa izan da herri txikietan hiri handietan baino.

Auritzen, adibidez, Joxepe Irigaray Gil izan da liburuaren egilea, eta kolaboratzaileen artean, besteak beste, honako pertsona hauek aipatu ahal ditugu: Alberto Etxegoien, Jose Angel Irigaray, Enrike Diaz de Ultzurrun, eta bat eta beste. Landutako gaiak, beste mordo kozkor baten artean, honako hauxek agertzen zaizkigu: herriko historia orokorra, ekonomia tradizionala, euskara, feriak, azokak, komunikabideak, turismoa, arkeologia, argazki bildumak, paisaia, zubiak, herri bilbea, klima, eraikin barreiatuak, eliza, baseliza, kanpamentu militarrak, hilerriak, katearen etxea, errota, udaletxea, pilotalekuak, beste kirol batzuk, iturriak, garbitegiak, etxeak, jendea, eguneroko bizitza, eskolak, hezkuntza, erlijiotasuna, festak, bizimoldeak, ehiza, udatiarrak, elurteak, politika, gerrak, euskal jaiak, omenaldiak, eta abar, eta abar.

Zalantzarik gabe, esanen nuke, liburu hori argitaratutakoan, edozein pertsonak askoz ere errazago jakin ahal dituela Aurizko historia eta bere errealitatea, kasu honetan.