AMAREN URTEURRENA

Urtebete da dagoeneko joan zinenetik, martxoaren 13 honetan, baina hala ere, oraindik atsegin handiz gogoratzen zaitut (zaitugu):

Mikak beren habiak egiteko hegan pasatzen zirenean, mokoan adartxo bat zeramatela:

-Begira, begira! Mika hori orain ere bazoak habia egitera! -esaten zenidan.

Eta beste horrenbeste, aurreko etxeko, laugarren solairuko balkoiko txaturra ikusten genuenean:

-Gaur ere hor zegok, ba, txakur txiki zorritsu hori! -aipatzen zenuen.

Berdin, Aimar Olaizolaren pilota partiduak ikusten genituenean ere:

-Begira, begira, Aimarrek nola altxatzen duen sudurra, tantoa galtzen duenean!; astakiloa ematen dik -botatzen zenidan, barrez-. Irabazi, irabazi ezak, Aimar! -jarraitzen zenuen.

Edota, Oinatz Bengoetxea frontoian jokatzen ikustean:

-Hara, hor ari duk berriz ere abarkadun txikia! -komentatzen zenidan.

Halaber, Juan Miguel Etxarri Mitxaus ordenagailuan kantatzen entzuten genuenean:

-A zer ahots ozena/orroa daukan Juan Miguelek, e! Berak bakarrik eliza osoa betetzen dik -zehazten zenidan.

Era berean, Euskal Telebistako eguraldiaren informazioa ematen zutenean:

Ondoréngo! -jartzen zenuen azentua. Eta geroxeago-, zer esan nahi du ondoréngok? -galdetzen zenigun sarritan, batere maltzurkeriarik gabe.

Gauza bera, ETB1eko eguraldiko iragarkian agertzen zen neska artzaina ikustean:

-Horratx! Hor zegok berriro ere neskatxa artzaina! -xuxurlatzen zenuen.

Eta Eguberriak baino askoz ere lehenago, aurreko etxe bateko, goiko balkoi batean, Bizarzuri ikusten dudanean, behin eta berriz galdetzen zenidana, etortzen zait burura:

-Zer arraiotarako jarriko ote dute hain goiz txotxongilo hori hor? Demonio ergelak!

Orobat, gure etxe ondoko hanburgertegian, mahaiak eta aulkiak espaloian jarrita ikustean, esan ohi zenuena gogoratzen dut sarritan:

-Zertarako aterako ote dute aulkiteria hori, eguraldi kaxkar honekin? Jendea zoratuta zegok!

Pagazin, hau da, Aurizko etxean nagoenean, eta behin ere ezagutu ez zenuena, honako hauxe esaten zenidalako, nahigabez:

-Ai, motel! Sentitzen diat, baina ez diat haraino joateko gogorik! Hobeki nagok hemen, lasai-lasai!

Eta, Iturramako etxetik atera behar dudanean ere, behin baino gehiagotan etortzen zait gogora, nola, atsekabez, esaten zenidan:

-Ai, seme! Berriz ere bakar-bakarrik utzi behar al nauk!

Berebat, aurreko etxeko bigarren solairuan, ustez hutsik gelditu zen etxebizitza bat ikustean, oso maiz, honako hauxe galdetzen zenuen:

-Noiz arraio alokatu behar dute, ba, etxe hori?

Ni etxera itzultzean, hauxe esaten zenidan behin baino gehiagotan:

-Hemen hago, hemen, Xantiko?

Elurra oso gustukoa zenuen, eta egiten ikusten zenuenean:

-Egin, egin dezala lasai! Nahiago nuke metro bat botako balu! -Eta atertzen zuenean-: hau pena! Zer gutxi jarri duen!

Ezinezkoa da, hemen idaztea burura etortzen zaizkigun oroitzapen guztiak, beraz, lekukotasun txiki honek balio dezala, ikus dezazun beti zaitugula gogoan. Musu handi bat.