Haurrak ikas zazue euskaraz mintzatzen, ongi pilotan eta oneski dantzatzen. Horrela hasten zaigu “Airetun txikitun” kantu ospetsuaren lehen kobla, eta erran behar dugu, bi lerrotan maisukiro laburbiltzen digula euskal arimaren funtsa: euskara, pilota eta dantza. Hurrengo koblan Gure kantu zaharrak kontserba ditzagun erraiten digu, euskal nortasunaren laugarren zutabea, hau da, euskal kantua, denon gogora ekarriz. Pilota hor dugu garai zaharretatik euskaldunon izaerari sakon estekaturik. Gure kirol nazionala dela erran genezake, bat ere beldurrik gabe.
Pilotariak heroiak izan dira euskaldunen artean, eta horietako ainitz, mito bilakaturik, igaro dira gure historiara. Urruñan izan dira eta badira gaur ere, pilotari on, ezagun eta famatuak direnak. Nabarmenena, zalantzarik gabe, Leon Dongaitz dugu, XX. mendeko lehen erdi-aldian Euskal Herri osoan ospetsu izan zen pilotaria.
Leon Sorzabal, Urruñan sortu zen 1886ko otsailaren 13an, pilotarien familia batean. Aita Jean Dongaitz zuen, XIX. mendean esku huskako txapelduna izan zena. Joseph eta Janbattitt anaiak ere pilotariak izan ziren. Dongaitz goitizena zen, sorleku zuten Dongaitzenia etxetik zetorkiena. Gazte-gaztetik pilotan aritu zen herriko beste mutikoekin batera, plazan den trinket zaharrean, ondoan zen pilota-plazan, eta baita Antton Abadiak 1851ko irailaren 18an, bere sakelatik ordainduz, zabaldu zuen pilota-plaza ederrean ere. 1902. urtean, Leonek eta Janbattitt anaiak Piztia eta Urzelai pilotari ezagunak garaitu zituzten. 1903an Urzelairi eta Porteñori gailendu zitzaizkien. Hortik aitzina, Ezpeleta, Kanbo, Donapaleu eta Donibane Lohizuneko frontoietan nabarmendu ziren. 1908an, Donostiako frontoian Primitivo eta Urzelai garaitu zituzten. 1913an, Donostiako trinket modernoa zabaldu zelarik, bertan aritu ziren partida gogoangarria eginez.
1920an herriko trinketa erosi zuen, gaur Dongaitz izena eramaten duena eta Jeanne alabak, Henri senarrarekin batera, kudeatzen duena. 1921ean, Donostian ere, Mondragonesen aurka aritu zen, pilotaren historiara pasatu den partida ahaztezin batean. Urte berean, eta aipatu hiriko Euskal Kirolen Astearen barruan, sekulako partida izan zen: Leon Dongaitz eta Zapaterito Mondragones eta Puxant-en aurka. Orduko kroniketan irakur daitekeenez, inoiz ez zen Donostian halako partidarik ikusi. Hortik aitzina, Trinketeko Erregea ezizenaz deitu izan zitzaion.
Hurrengo urtean, hau da, 1922ko abenduan, Elizondoko trinketean sekulako desafioa antolatu zuten. Joxe Joakin Larrañaga, Azkoitiko Txikito deitua, Leon eta Janbattitt Dongaitz anaien aurka. Badirudi Txikitok min hartu zuela eskuineko eskuan, baina amorerik eman gabe, ezkerreko eskuaz jokatuz, jarraitu zuen bi anaia urruñarren aurka ilundu zuen arte. Orduan, pilota ikusten ez zela-eta, partida bertan behera utzi behar izan zuten, garailerik eta galtzailerik gabe. 1924an Frantziako txapelketa irabazi zuen. 1930eko agorrilaren 24an, parte hartu zuen Ziburun Maurice Ravel musikariaren omenez izan zen partida entzutetsuan. 1946an, hirurogei urte zituela, Amotzeko trinketaren inaugurazioan izan zen, Iñazio eta Harranbillet pilotariei irabaziz. Laurogei urte zituela, Euskal Pilotaren Federazioak ongi merezitako urrezko domina eskaini zion.
Artikuluaren hasieran aipatu dut pilotariak heroi modukoak izan direla euskaldunentzat, hala da, eta gaur ere, neurri handia batean, horrela da oraindik. Gaur hedabideek, egunkariek, irratiek zein telebistek, partidak eta pilotarien balentriak zabaltzen dituzte. Garai zaharretan bertsolariak ziren, neurri handi batean, pilotarien berri ematen eta zabaltzen zutenak. Txirritak hainbat bertso egin zituen orduko pilota partidak kontatuz. Bertso berriyak izeneko sortan, Donostian ikusitako partida kontatzen digu. Badirudi Dongaitz berak eskatu ziola, lehen bi bertsotan horrela erraiten digulako: Frantses euskaldun batek / esan zidan atzo / parako al ditudan / dozena bat bertso/ Ez du arrokeririk / umila da oso / deliberatuko naiz / ori dela kaso /// Leon Dongaitz daduka / ark bere graziya / Urruñan jaiua da / an bertan aziya / trinketian jokatzen / ez da itsusiya / errespetokua / ta asko ikusiya. Osora hamabi bertso dira, eta bertan Atano bera desafiatzen du Dongaitzen izenean. Hamaikagarrenean urruñarra deskribatzen du honela: Petxu sanua eta / bi besoak fuerte / lanak ematen nitun / sasoi nuan arte / kanpeon pasa ditut / o(ge)i ta zortzi urte / ontaz aurrera noski / bentzutuko naute.
Pilotaz aparte, aipatzekoa da 1914ko apirilaren 26 eta maiatzaren 10eko hauteskundeetan hautagai aurkeztu zela Baionako barrutian, Sozialista Iraultzaileen zerrenda ezkertiarrean. 1979an, azken hatsa eman zuen. Pilotari honek segida izan du Urruñan, zubeldiarrak, ezkurratarrak, eta Urruñarrak Pilota Elkartean, modalitate ezberdinetan, aritzen diren hirurehun bat lagunak. Aipa dezadan, lerro hauetara ekarriz, Urruñarrak elkarteko pilotarien himnoa: 1.- Pilotariek muñoaren / kaskoan dagon plaza / baino gorago nahi dute / eraman herria // 2.- Pausu, Zokoa / Ithurbidea, apezaren / trinketea, pilota / plazatik Dongaitzera / denak ari gira pilotan // Errepika: Urruña / Urruña / Urruña pilotan / denak / elgarrekin / goazen aintzina! /
Etxahun-Iruri zuberotar koblakariak famatu egin zuen “Laida pilotaria” izeneko kantu ederrean honela erraiten digu lehen koblan: Zilhar finaren pare da pilotaria / Korpitza sano eta zohardi begia / Txerkatzen dü leialki plazan jokatzera / Bere Eskual Herria gora laidatzia. Laida Leon Dongaitz eta euskal pilotari guztiak!