Antimikrobianoen Zentzuzko Erabileraren Eguna, azaroaren 18an egiten da Europan, 2008tik. Europako Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak koordinatzen du kanpaina.
Azken hamar urteetako datuen arabera, antibiotikoekiko erresistentzia bakterianoa nabarmen handitu da Europan. Osasun Publikoaren arazo larria da, eta aurre egin behar zaio, behar diren giza-, zientzia- eta ekonomia-baliabideez hornituz.
Bakterio-andui antibiotiko anitzekiko erresistenteak gero eta gehiago dira, batez ere, ospitaletan. Hori dela eta, medikuak nolabaiteko antibiotiko bereziak preskribatzera behartuta daude, toxikoagoak eskuarki, eta askotan hauek ere ez dute eraginik. Infekzio-mota horiek izaten dituzten pazienteen heriotza-tasa %26-44koa dela jotzen da. Era berean, antibiotiko eraginkorrik ezean, ebakuntza zenbait ezin dira egin, ezta minbiziaren tratamendurik eta transplanterik ere. Bestetik, arazo horiek dituen paziente bakoitzaren kostua askoz handiagoa da.
Antibiotikoarekiko erresistentzia egokitzapen prozesu bat da. Bakterio-populazio guztietan badira bakterio batzuk antimikrobianoekiko erresistenteak direnak. Bakterio horiei mutante-erresistenteak esaten zaie. Antibiotiko batek bakterio sentikorrak diren guztiak suntsitu ahal ditu, bakterio erresistenteak garatzen jarraituko dute eta bakterio-populazio guztia ordezkatu ahal izango dute. Eskuarki, hori ez da gertatzen baina antibiotikoak gehiegi eta gaizki erabiltzeak mikrobioen arteko hautespen-prozesu gogorrak eragiten ditu. Horren ondorioz, populazio erresistenteak ugaritzen dira eta porrot terapeutikoa eragiten dute.
Gogoan hartu behar da antibiotikoak oso medikamentu baliotsuak direla gaixotasun bakterioanoei aurre egiteko. Birusak dira gripe zein hotzeriaren eragileak eta antibiotikoen bidez ez dira sendatzen. Antibiotikoek ez dute inolako eraginik birusen aurka.
Medikuak bakarrik erabakitzen du antibiotikoak noiz hartu behar diren. Medikuak agindutako dosia, hartzeko ordua zein tratamendu-egunak bete behar dira, eta zalantzan egonez gero, farmazialariarekin kontsultatu.
Antibiotikoak hartzeko orduak errespetatzen ez badira gerta daiteke antibiotiko horien kontzentrazioa egokia ez izatea, eta ondorioz eragina galtzea.
Tratamendua ez utzi agindutako garaia baino lehen. Sintomak desagertu arren bakterioa bertan egon daiteke kantitate txikitan eta infekzioa berrager daiteke. Gainera, tratamendua ez bukatzeak erresistentzien agerpena eragin dezake.
Antibiotikoen erabiltze zuzenak erresistentzien agerpena gutxiagotzen laguntzen du eta, era berean, infekzio bakterianoak kontrolatzen ahalbidetzen. Bestela, gerta daiteke urte batzuk pasatu ondoren, infekzio arruntak sendatzea zaila izatea.
Medikamentuen erebilera egokia guztion ardura da. Farmazian antibiotikorik ez eskatu medikuaren errezetarik gabe.
Nork bere kabuz edo etxekoek zein lagunek gomendatuta ez dira antibiotikoak hartu behar. Medikuak erabakiko du antibiotikoak noiz hartu behar diren.
Pello Iturria Sarasibar