Apirilaren 4an, Korrikan kari,
ehunka euskaltzale, ehunka korrikalari.
Lekukoa Hendaiatik dator,
harro eta alai, eta Irunera doa.
Zubian jende pilo bat aiduru,
bizkarrekoa jantzirik, zangoak prest.
Bazterretan polizia frantsesak, arrotz eta hotz,
heien ondoan militar frantsesak metrailetak eskuan,
poliziak bezain arrotz eta hotz.
Sua piztu nahian dabiltzala dirudi.
Euskal jendearentzat, berriz, ikusezinak dira,
Euskal Herria banatzen duen sasi-muga bezain ikusezinak.
Heldu da Korrika!
Hendaiatik dator, Irunera doa.
Zubia zeharkatzen hasi da.
Hura poza eta alegrantzia!
Zain zirenek lasterka egiteari lotu zaizkio,
lekukoa esku batetik bestera pasatu da.
Aurrera doa Korrika!
Aitzina doa euskara!
Hodei ororen azpitik
eta sasi-muga guztien gainetik.
Irrintzinak dira airean, baten gibeletik bestea,
eta hirugarren bat ondotik.
Kateak ez du etenik, euskal bihotzak bero dira,
zangoak lasterkari emanak,
irrintzinak etengabean dira entzuten
eta soldadu eta polizia arrotzak dituzte enerbatzen.
Badoa Korrika!
Iparraldetik Hegoaldera,
Lapurditik Gipuzkoara,
Hendaiatik Irunera,
lekukoa dantzan dabil, eskuz esku,
zangoz zango, mihiz mihi,
bihotzez bihotz.
Aitzina doa euskara!
Aitzina euskaldunon hatsa!
Oteizaren harri parean aldatu dute lekukoa,
eskuz aldatu da jakilea.
Harri hau gezurtia dela diote,
ezker-eskuin gezurra baitu zabaltzen:
France / España
baina lur azpian,
euskal lurra ferekatuz,
egia omen dauka zizelaturik:
Euskal Herria.
Tropela Irunera buruz doa.
Ika, ika, ika heldu da Korrika!
-entzuten dugu zubitik.
Bat korrika, bi korrika, hiru korrikalari,
zazpi euskal herrietan denok bai euskarari!
-erantzuten diogu jadanik gibelean
gelditu garenok.
Korrika badoa,
korrikalariak urruntasunean dira galtzen,
eta guri etxera itzultzeko unea zaigu iritsi.
hala eta guztiz ere, lasterketa ez da bukatu,
luzea izanen da oraino,
baina, jadanik, denok badakigu
biharko Euskal Herri askatuan
euskara dela helmugaraino iritsiko.
2017ko apirilaren 4an.
Joseba Aurkenerena Barandiaran