Gaur goizean nenbilen itsas bazter hartan,
Bidarteko hondartzan, lasai eguzkitan,
txoriak lerradurez egurats freskotan,
hiperboletan ari haizetxo leunetan
edo jarriak uhin punta zurietan.
Itsas ezponda pean, arroka hauetan,
ohiko leku hartan, ohiko ordutan,
nire maitearekin elkarrizketetan
geldi nintekeela une gozoetan
banekien jadanik bihotz taupadetan.
Harean elkarrekin karkaraz jolastu,
txori ‘ta arrainekin uretan bainatu,
itsas olatu leunak oihuka surfatu,
bozkarioz kantatu edota dantzatu
nahiko genukeen eta musukatu.
Jada zure ahotsa asmatua nuen.
Amets batean gisa etorria zinen.
Halere bat-batean lurra litatu zen,
ezpondatik arrokak bortxaz jausi ziren
‘ta errauts hodeitxo bat haizean sortu zen.
Malkoak begietan, maite galduari
han begiratzen nuen, nire buruari
galdetzen zer gertatu gure geroari?
Hau poza! Itsasotik, ‘ta milesker zuri,
hemen begira zeunden nire bizkarrari.
2016/08/31
Hatsaren Poesia – Olerki Bilduma – 2017