Aurreko idazkian esaten genuen azken hamar urteetako datuen arabera, antibiotikoekiko erresistentzia bakterioanoa Europan nabarmen handitu dela, Osasun Publikoaren arazo larria dela, eta aurre egin behar zaiola, behar diren giza-, zientzia- eta ekonomia-baliabideez hornituz.
Europako zenbait herrialdetan frogatu da ospitalez kanpoko antibiotikoen kontsumoa gutxitu denean, erresistentzia ere gutxitu egin dela. Oro har, antibakterianoen aurkako errezeta guztien %80-90, Lehen Mailako kontsultetan preskribitzen dira, batez ere, arnas aparatuko infekzioei aurre egiteko. Medikuak ahalegintzen dira diagnostiko zuzena egiten eta tratamendua egokia errezetatzen, eta farmazialariak, antibiotikoak dispentsatu baino lehen, medikuaren errezeta eskatzen.
Europar Batasunean, 2015ean, komunitateko (ospitalez kanpoko) erabilpen sistemikoen antibiotikoen kontsumoa, herrialdeen arabera, desberdina izan zen. Holandan, 10,7 dosi zehatzak eguneko (dosis diarias definidas, ddd) 1.000 biztanleko, eta Grezian 36,1, bi muturrak izan ziren. Europaren batezbestekoa 22,4 da, Espainian 22,2, Britainia Handian 20,1, Portugalen 20,3, Frantzian 29,9, Italian 27,5, Errumanian 33,3, esaterako.
Espainian, Grezian, Italian, Belgikan, Portugalen espektro zabaleko antibiotiko asko hartzen dira, aminopenizilinak batez ere (Europar Batasunean ddd 48, Espainian 65). Herrialde horietan, pneumokoko zein estreptokokoekiko erresistentziak handiak dira. Iparraldeko herrietan, aldiz, espektro laburreko antibiotikoak gehiago hartzen dira.
Europako Osasun Komisioak antimikrobianoekiko erresistentziari buruzko eurobarometroa egiten du, 2009tik. Azkena, Europako 28 estatuetan, 2016ko apirilean egin zen. 27.969 elkarrizketa, (Espainian, 1.053, %9,3), elkarrizketatuak 15 urte baino gehiagokoak. Oro har, jakite-maila eskasa da. Europar guztien %34k, azken 12 hilabeteetan, antibiotikoren bat hartu zuen (Espainian %47k, Maltan %48k, Suedian %18k, Herbeheretan %20k, esaterako).
Europar guztien %93k antibiotikoa errezeta medikuaren bitartez lortu zuten (Espainian %94k, Suedian %98k; Grezian %79k, Bulgaria eta Letonia %87k).
Gripeari edo hotzeriari aurre egiteko antibiotikoek balio duten galderari, berriz, europar guztien %43k ongi erantzun zuten (Espainian %48k).
Europar guztien % 37k (Espainian %26k) jakin bazekiten abeltegietako animalien hazkuntzarako antibiotikoak erabiltzea Europar Batasunean, debekatuta dagoela.
Antibakterianoekiko mikrobio-erresistentzia gutxitzeko lehian, helburuetako bat farmako berriak garatzea da. Hau da, orain arteko antibakterianoen ekintza-mekanismoekin zerikusirik ez duten ekintza-mekanismo desberdinak dituzten farmako berriak garatzea. Helburu zailak ordea. Antibiotiko berriak garatzeko orduan estrategia erabat aldatu behar da. Azken berrogeita hamar urteotan antibakterianoen ekintza-mekanismo desberdinak dituzten antibakteriano berriak oso gutxi garatu dira. Industria farmazeutikoak, mundu mailan, 2003tik 2013ra bitartean, ikerketa eta garapenean inbertitu dituen 38.000 milioi dolarretatik 1.800 milioi (%4,7) bakarrik mikrobioen aurkako ikerketan inbertitu ditu (Panorama Actual del Medicamento 2016; 40 (399) 1079-1093).
Pello Iturria Sarasibar