Baiona: Lapurdiko hiriburua; Iparraldeko hiri nagusia. Gune metropolitarra (BAB. Baiona, Angelu, Biarritz). Erromatarren garaikoa. XI. mendetik aurrera apezpiku hiria. Bere goiburua: <inoiz ez zikindua>. Mendeetan zehar hiribildua (pribilegioak dituena). Setiatzeko 14 saiakera pairatua zituena. Walter Benjaminek esana da: <Baionak bisitariak harrituta uzten ditu, hiria bera ez da harritzen haietaz, ordea>. Baioneta arma han asmatu omen zuten.
Iruñea: hasieran herrixka baskoia. Gero Pompeiok hiri bihurtu zuena K.a. 74. urtean. Ondoren, musulmanen okupazioa jasan zuen. Geroago, Iruñeko Erresuma iritsi zen, Nafarroako Erresumaren hazia. Gaztelak konkistatua eta menperatua. Euskal abertzaleentzat, Euskal Herriko hiriburua. Iruñea, sanferminen oihartzuna. Ernest Hemingwayk handitu zuena. Kultura monumentuak: Katedrala, San Nikolas eta San Zernin elizak, Zitadela, Foru monumentua eta abar.
Baiona: Aturri eta Errobi ibaiak batzen dituena. Espiritu Sainduaren zubi ospetsua. Baiona Ttipia edo Burgu Berria: frankismo garaian euskal abertzaleen babeslekua izan zena. Euskal museo baliotsua. Gaztelu Berria. Harresiak eta gotorlekuak dituena. Paul Bert plazan, idi lasterketak egiteko tokia. Txokolategile ugariren kokalekua. Donejakue bideko erromesen geldilekua.
Iruñea: ipar-ekialdeko haizeak astintzen duena. Euskal toponimian aberatsa. Joan Amendux, Iruñekoa, 1564an, guk dakigula, goi nafarreraz olerkirik zaharrena idatzi zuena. Juan Beriain, 1621ean, zera izkiriatu zuena <Iruñean mintzatzen den euskaraz idazten dut, hiriburu honetako hizkuntza delako, eta Nafarroa osoan hobekien ulertzen dena delako>. XVII eta XVIII. mendeetan, ospitale zaharreko apezei euskaldunak izatea eskatzen zitzaien <por el crecido número de vascongados de esta ciudad>.
Baiona: erromatar, baskoi, bikingo, ingeles eta abarren bizitokia. XV. mendean izurritea pairatu zuena. Euskara, itsaldeko gaskoiera eta frantsesa dituena. Bere ereserkia: <Agur, Baiona! Agur Baiona, lili ttipia, Errobitik hurbil, Aturritik gertu, gaskoierari emana. Hiri xarmangarri eta alaia, askatasuna amesten dena>. Daukan esaera zaharra: <Baionan, emandako dena, bertaratzean, jasotzen da>.
Iruñea: XIX. mendean, napoleondar Reille jeneralak, euskal bando bat atera zuen euskaldunen aurka: <orobat emanen zaizkio bi mila duro edozein pertsonari, harrapatzen baditu edo hiltzen baditu Jefeak nonbratuak: Gorritz, Ultzurrun eta Txolin>. Joan Mané i Flaquer idazle katalanari, Iruñean, 1874an, neska batek hauxe kontatu zion: <aitona-amonek euskaraz egiten dute, gurasoek ulertu bai, baina hitz egin ez, eta nik ezta ulertu ere>.
Baiona: Santa Maria katedrala, gizateriaren ondarea. Askatasunaren plaza, hiriko zaharrena. Merkatari, arrantzale eta ubideen hiria izandakoa. Jaiak eta jaialdiak dauzkana. Eta azkenik, armagabetze, bizikidetza, zuzentasuna eta kalte-ordainen erreferente handia.
Iruñea: goi-lautada, erribera eta Arga ibaia dituena. Pertsona ospetsuak: Pablo Sarasate, Arturo Kanpion eta abar. Honako hiri hauexek ditu senidetuak: Baiona, Yamaguchi, Paderborn eta Kolonbiako Pamplona. Eta bukatzeko, Nafarroako bertsolarien finala, Korrikaren bukaera eta euskara, poliki-poliki aurrera doana.
Xanti Begiristain Madotz.
Iruñea, 2017-04-27.