Udaberri hartan ere, egunek eta asteek aurrera egin zuten beti bezalaxe, eta horrela, ezinbestean, udaberriaren bukaerara, eta, jakina, udaren hasierara hurbildu ziren Manexen baserrian. Mutikoak, beti bezalaxe, badaezpada ere, erne jarraitzen zituen inguruko txorien mugimenduak, eta, hala, egun batean, bat-batean ohartu zen, karnaba bikote bat bere habia iruten ari zela etxe inguruko sagarrondo batean. Bihotzak jauzi bat egin zion pozaren pozez.
Izan ere, Manexen baserri inguruan sagasti eder bat zegoen, birraitonak aspaldian jarria. Baratze eta etxearen arteko sagarrondo batean ari ziren egiten habia, hain zuzen ere karnaba haiek, goroldio, artile, liken, belar eta abarrekin; egia esanda, karnaben habia oso da polita. Baserritar txikiak, egunero-egunero jarraitu zuen habia egitearen prozesu osoa, arreta eta interes handiarekin. Gero, karnaba emearen arrautzak errutearen garaia iritsi zen. Geroago, arrautzak txitatu eta txorikumeak jaiotzea. Ondoren, txoritxo jaioberriak hazteko denbora etorri zen, handitu eta gero, habiatik alde egin eta bizimodu eta abentura berri bati ekiteko.
Baina, ez pentsa ez, denbora tarte luzetxo hartan zehar Manexen burmuina geldirik, lo edota alfertuta egon zenik, ez. Alderantziz, bien bitartean bere ideiak, kalkuluak eta burutapenak garatu eta aurrera eramateko baliatu zuen. Oraingo honetan, bere asmoa, karnaben kumeak hartu -lapurtu, hobeki esanda- eta kaiolan sartzea zen.
Gauzak horrela, Manexi tenore egokia iritsi zela iruditu zitzaionean, txorikumeen gurasoak janari bila urrutian zeudela aprotxetxatuta, etxera azkar-azkar joan, kaiola hartu, sagarrondora igo, txoritxoak eskuratu eta kaiola barruan sartu zituen. Berehala, zuhaitzaren enbor eta adar sendo batzuen artean kaiola ongi bermatu, eta handik ziztu bizian ospa egin zuen, karnaba amak eta aitak jana ekarri eta eman ziezaieten. Izan ere, Manexen asmoa zera zen, gurasoek janaria ematen jarraitzea kumetxoak handitu arte, eta orduan, kaiola etxe barrenera eramatea.
Pentsatu eta gertatu. Esan bezala, mutikoaren lantegia oso ongi zihoan; primeran. Txorikumeen gurasoek eten gabe jarraitu zuten jana eta edana ekartzen deus gertatu izan ez balitz bezala, eta kaiolako kumetxoak egunetik egunera ari ziren handitzen eta sendotzen. Manexek, jakina, ez zien begirik kentzen; disimuluz, baina egunero oso sarritan begiratu eta behatzen zuen nola zihoan hazkunde aldia. Pozak txora-txora eginda zegoen; kriskitinak jotzeko moduan. Zoriontsua zen.
Egun batean, ordea, eta jada txorikumeak nahiko handituta zeudenean, mutikoa jaiki eta goizean goiz, poz-pozik, beti bezala, sagarrondo aldera joan zen ikusteko nola zihoan bere proiektu garrantzitsua, baina, bat-batean, ia-ia bihotzekoak jo zuen, kaiola lurrean, sagarrondoaren azpian ikusi zuenean, lumaz inguratuta eta txorikume bakar bat ere gabe. Beldur-ikara eta atsekabe hartan, Manexek ingurura begiratu eta segituan ikusi zituen baserriko katuak, bazterretan, goxo-goxo etzanda eta patxada ederrean, erdi lo, sabelak beteta. Orduantxe konturatu zen zer-nolako akatsa egin zuen! Izan ere, kaiola, katuentzat oso leku irisgarri batean jarrita zuen, enborra eta adar batzuen artean, eta hortik etorri zirren Manexentzat ezbehar guztiak.
Berriz ere bihozmina eta nahigabea; sufrimendua eta pairamena. Beste behin konturatu behar izan zuen zeinen zaila zen txoriak edota txorikumeak harrapatu ondoren, bizirik iraunaraztea. Argi zegoen, holako zerbait lortu nahi baldin bazuen, jarraitu eta oraindik gehiago findu beharko zuela bere teknika.
Xanti Begiristain Madotz.
Auritz, 2017-06-02.