MANEX BERRIZ TXORIKUMEEKIN

Dagoeneko, behin baino gehiagotan esan dugun bezala, Manex baserritarra ez zen erraz etsitzen duten horietako bat, ez, alderantziz, tenkorra eta amorerik ematen ez duten horietako bat zen, ordea.

Gauzak horrela, jadanik udan sartuta, gure mutikoa berriro ere ohartu zen, etxe ondoko beste sagarrondo batean, beste karnaba bikote bat habia egiten ari zela. Beste bikote bat al zen, ala agian lehengo berbera? Horixe ez dugu jakiterik izanen. Baina kontua zera da, bi txoriek tinko jarraitu zutela lanean eta egun jakin batean bukatu zutela beren etxetxoaren eraikuntza. Gero, berriro ere etorri zen arrautzak errutea, txitatzea, kumeak jaiotzea eta hazkuntzaren prozesu osoa.

Horraino, Manexek erne baina lasaitasunez jarraitu zuen gertakari guztia, bai baitzekien horretan ez zegoela aparteko zailtasunik, aurreko kasuan frogatu zuen bezala. Beraz, estutasunik gabe itxaron eta, lehendabiziko aldian egin zuen bezalaxe, txorikumeak nahiko koskortuta zeudenean, kaiola berriz ere hartu, zuhaitzera igo, hegaztitxoak lapurtu gurasoak urruti ziren bitartean, eta espetxean sartu zituen, aurreneko saiakeran egin zuen bezala. Baina gauza bat oso presente eduki zuen, ordea, alegia, aurreko akats berbera ez errepikatzea. Horretarako, kaiola goiko adar mehe batean jarri zuen, enborretik urruti, eta gainera lokarri argal batetik zintzilik, era horretan, etxeko katuentzat ezinezkoa gertatzeko kaiolaraino iristea. Eta halaxe suertatu zen suertatu zenez; katuek behin ere ezin izan zuten kaiola ukitu.

Dena primeran zihoan. Txorikumeak ederki ari ziren handitzen, eta mutikoaren ustearen arabera, handik egun gutxi batzuetara bereganatu ahalko zuen kaiola, etxera eramateko.

Baina, zoritxarreko egun batean eguzkiak asko berotu eta ilunabarrerako egunduko ekaitza sartu zuen: tximistak, ostotsak, euria eta baita kazkabarra ere. Hozberoa ere asko jaitsi zuen bat-batean, eta zenbait minutuz gogotik eta indarrez bota zuen, hodeiak hustu arte.

Atertu zuenean eta denboralea urrundu bezain azkar, Manex urduri eta egonezinik atera zen etxetik, sagarrondo aldera joateko, ikusteko nola zeuden txorikumeak. Baina, susmatzen zuen hondamendia gertatua zen; bakar bat ere ez zen salbatu. Bota zuen euri eta kazkabar kopuruarekin, eta, gainera, indar bortitz harekin, karnaben kumetxoak zopa eginda gelditu ziren, batere babesik gabe: bustita, kolpatuta, itota eta hoztuta.

Hau beste porrot bat gehiago izan zen Manex gizajoarentzat. Dagoeneko ohitzen hasia beharko zuen galtzera. Ilunabar hartan ere, Manexek ez zeukan zergatiko handirik pozik eta alai etxeratzeko.

Xanti Begiristain Madotz.

Auritz, 2017-06-04