Bretoi far-a

Bretainian, ohiko bixkotx herrikoi bat da far-a. Txikitan, Bresten, amatxik egina gozatzen genuen guk –arreba prima, ni bigarrena eta anai gazteagoak–. Bakoitza bere txandan, oporretan, Parisetik etorria, han zegoen egunetan.

Gu bezain zintzoak bazarete zuen aitatxi-amatxirekin, nire errezeta emanen dizuet oroitzapen hauen bukaeran. Estatu sekreturik ez da, ziur aski, baina egiten dudan bakoitzean arrakastatxoa lortzen dut. Izan ere, erretretarekin far-a egiten hasi nintzen. Nire gaztaroan amak ere egiten zuen, bretoia izan ez arren, baina gero pixka bat desagertua zen nire ohiko janarietatik.

Duela hiruzpalau urte, egun batean, Miarritzeko mintzalagunek erran zidaten: “Zu, Eric, bretoia zara! Far bat egin beharko diguzu!”. Errezeta bat hartu nuen Internetetik, apur bat moldatu eta aitzina! Lehen far hori jan genuen elkarrekin Miarritzeko “Bar du Polo” ostatuan, osteguneko kafea hartzeko hitzorduaren karietara. Orain kasik astero emaztearentzat prestatzen dut, baita ospakizun guztietan ere: noizbehinka mintzalagunekin, mutxiko kurtso urte bukaeran edo “Erregeen” afarietarako, eta abar. Erraza zait zeren eta buruz egiten baitut orain.

Gure haurtzaroko Brestera joateko, trena hartzen genuen Montparnasse geltokian, hara gurasoekin joanak. Garai hartan trenek ikatz lokomotorrak zituzten. Bai! 1951n sortu nintzen eta tamalez, gutariko gazteenek ez dute plazer txiki hori gozatu, zortzi edo hamar bat orduren buruan, aurpegia kedarrez beltzaturik, amatxiri musu baten ematea!

Bretoiaz hiruzpalau hitz baizik ez genekien guk, haurrek, zeren eta aita ere ez baitzen bretoieraz mintzatzen. 1917an sortu zen. Bere gurasoak frantsesdun izan aurretik bretoidun izan ziren. Aita babestu nahi izan zuten, hortakotz ez zioten bretoieraz irakatsi. Eskolara joateko eta ikasketak egiteko, frantsesa ezinbesteko araua zen, Frantziako gainerako lurraldeetan bezala. Garai hartan, zailegia zen bai janaria lortzea, bai elebidun izatea. Lehen Munduko Gerlaren ondotik, berreraikitzeak lehentasuna zuen eta gizon ugari desagertua zen.

Segidan, garai hartako bizimodu xumearen adibide bat emanen dizuet. Aitatxi-amatxiek etxea zuten Bresteko goiko auzo batean, “Pilier Rouge” izenekoan, Puebla karrikan, portu eta gerla-ontzitegitik pixka bat urrun. Ez dakit zein adina zuen etxeak baina iturririk baizik ez zen sukaldean eta beste bat koraleko horman. Komuna etxearen kanpo aldean zen, etxeko hormari atxikia halere, ez baratzeko muturrean. Uste dut etxe hau, salbuespena salbuespen, ez zela Bigarren Munduko Gerlaren garaian, Brestek jasan zituen bonbardamendu erraldoietan suntsitua izan. Pariseko gurasoen apartamentuan bai etxeko ura bai barneko komuna genuen eta hola zen Bresteko gerlaren ondoko eraikin berrietan ere. Beraz gu haurrei, pixka bat exotikoa zitzaigun aitatxi-amatxirenean egotea eta pegarretik hartua urez garbitu behar izatea!

Hiztegiarekin bukatzeko, guretzat “mamm-gozh” zen amatxi, “tad-kozh” zen aitatxi eta petit guinaouec” ginen, bihurriak ginelarik. Eta Parisera abiatzen ginenean, oporretako bukaeran, “Kenavo!” zen “Ikus arte!”. Eta kito bretoiaz!

Bistan da galdetuko didazuela zergatik orain, erretretan eta denborarekin, ez naizen bretoiaz ikasten saiatzen! Eta egia erran, nire lanbide osoan, tokiko hizkuntzak ikasten saiatu nintzen, ondorio desberdinekin. Baina ahaleginak alferrik ez egiteko, beharrezkoa dena da hiztunen topaketa, hauekin hizkuntza praktikatzeko. Eta hemen Euskal Herrian bizi eta biziko naizelako, omen erretretaren bukaera arte, logikoena dut euskaraz ikastea. Ziur aski bretoidun bakar batzuk daude Euskal Herrian (bat topatu nuen 2013an Urepeleko AEKren udako ikastaldian!) baina salbuespenak dira, nire ustez. Bretainia berean tokiko hizkuntzaren hiztunen kopurua Euskal Herrian baino biziki apalagoa izanez gero, hemengo bretoidunak arraroak direla erranez asmatuko nuke. Horrez gain tokiko kultura euskararen inguruan antolatua da, ez bretoiarenean!


Aitatxirekin arrantzatzera nindoan batzuetan, Bresteko merkataritza portura. Bai oinez, bai autobusez gindoazen. Garaiko populuaren bonet beltza buruan, aitatxik kanabera eta zumezko kutxa eramaten zituen, amu eta guztiarekin. Kaitik arrantzatzen zuen eta arraintxo batekin etxeratzekoan pozik zegoen. Bazkarian, batzuetan, arroka arrain horiek jaten genituen, hezur bete “vieille” edo “gobie” batzuk, sinpleki zartaginean erreak, gurinarekin bistan da. Oliba olioa ezagutu nuen berant-berantago Euskal Herrian! Hau dena kontatzen dizuedanean, ikusminez, irekitzen dut “Google maps”eko “Street view” eta han dago aitatxi-amatxiren etxea. Ez dirudi aldatua, batere, salbu hormaren koloreaz. Zementu grisa zenak orain abrikot kolorea du. Gaurko jabeek etxeko ura eta egiazko bainugela instalatuta ukanen dutela, espero dut!

Amatxirekin, beste gauza zen. Bai mezara, bai erosketara elkarrekin joaten ginen. Bi munduko gerla ezagutu ondotik, sinesteduna bazenez, ez dakit, baina gu, haurtzaroan halakoak ginen. Amagatik, katixima segitzen genuen eta Bresten ere, mezara joan behar zen. Hala ere, horri buruz aita biziki diskretua izaten zen eta berantago, gure gaztaroan, utzi zigun gure erabakiaren egitea.

Amatxik, aste egun batzuetan, gurekin arroltze eta barazki batzuk erosten zituen karrika merkatu txiki batean Pilier Rouge-ko auzoan. Etxeratu eta gero, noizean behin, far-aren egiteko momentua zen. Amatxik esnea eta beste osagarriak nahasten zituelarik, kolorezko arkatzez, sukaldeko mahaian eserita, bretoi zeruak margotzen genituen Mediterraneoan bagina bezala, urdin biziz eta aitatxik leunki ohartzen: “Ziur zara horrelako urdina ikusi duzula portuan?”. Eta bero-beroa far-a labetik ateratzen zuenean, amatxik galdetzen zigun: “Poxi bat dastatu nahi duzu, petit, bazkariaren aurretik?”

Udako oporretan, Bretainiako kostaldean, Porspoder herrixkan alokatzen zuten aitatxi-amatxiek gela bat hotel txiki batean. Sukalderik ez zuten beraz, baina han, arrantzatzen genuen egiazko itsasoan, bazterreko arroketatik eta zerbait harrapatuz gero, hoteleko sukaldariak erretzen zigun, halako itxura irribarretsu batekin.

Ororen buruan, ordua da zuen pazientzia sariztatzeko, far-aren errezetaz.

Hartzen ditut:

– zopako koilara bat banilla likido Bourbon naturala

– 4 arroltze (lodiak hobe)

– 250g aran melatu

– 200g irin arrunt

– 200g azukre errauts

– 75cl esne (zernahi motakorekin funtzionatu behar du baina, batez ere, erdi deskrematua aurkitzen dut dendetan eta erabiltzen)

– labeko Pyrex plat obal ertain bat (35 x 24 x 6 cm inguru).

1 – Bezperan, aran melatuak ezartzen ditut gutxi gorabehera litro erdi bat uretan, Cognac edo Armagnac pixka batekin (bizpahiru koilara).

2 – Labea martxan ezartzen dut 200°ko tenperatura lortzeko.

3 – Aranak ezartzen ditut iragazki (pasadera) batean likidoa berreskuratzeko (hurrengo far-aren aranak trenparazteko) eta aranak urgabetzeko.

4 – Esnearekin nahasten dut irina irabiagailu elektrikoaz, gogorki.

5 – Horri gehitzen diot azukrea eta berriz irabiagailuz gogorki nahasten dut.

6 – Horri gehitzen diot arroltzeak eta banilla eta berriz irabiagailuz gogorki nahasten dut.

7 – Aranak ezartzen ditut platean, hondoan barreiatuak (hastapenean, horren aurretik guritzen nuen plata baina orain ez). Isurtzen dut esnea motelki, aranak ez bultzatzeko zoko batera. Ohiturarekin, hori dena egiten da 15 edo 20 minututan, 2tik 7ra. Beraz, orain labea bero-beroa da!

8 – Plata ezartzen dut labean 35 minutuz erretzeko.

9 – Labea, atea ireki gabe, itzaltzen dut eta far-a beste 35 minutuz uzten eta ateratzen. Epel edo gelaren tenperaturan jaten da.

Goza ezazue!

PS: bistan da, far-ak ez du euskal bixkotxa ordezkatuko baina egiteko orduan hura baino errazagoa da! Erranen didazue!

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (64. zenbakian)