Donibane edo San Joan ekainaren 24an ospatzen da, udako solztiziotik (ekainaren 21ean, normalean) gertu. San Joan bezperako gauean erritual franko ospatzen ditugu Euskal Herrian. Etxeetako ate eta leihoetan lizar edo elorri-zuri adaxka ezartzen da, eguzki berriak etxe horretan bizi direnak bedeinka eta babes ditzan. Herrietako plaza nagusietan lizar edo haritz handi bat jartzen da eta herriko dantzariek dantza erritualak egiten dituzte zuhaitzaren inguruan. Askotan lizar horietatik zintzilik San Joan gereziak ipintzen dituzte.
1.- Donibane gauaren inguruko sinesmenak.-
Herri, auzo, baserri guztietan sua pizten da. Suak eguzki berria omentzen du eta gizakion bekatuak garbitzen. Zenbait herritan patatak erretzen dituzte Donibane gaueko suan eta gero bertara hurbildu direnen artean banatzen dituzte denek jan ditzaten. Lehen, eta duela oso gutxi arte, oroitzapen txarrak ekartzen zituzten arropak edota objektuak surtara botatzen zituzten, eguzki berriak zorte hobea ekarriko zielakoan.
Suaren inguruko dantzak edota gazteek gainetik egiten dituzten jauziak ere ohikoak izaten dira.
Gau magiko horren inguruan hamaika sinesmen daude gure geografiaren luze-zabalean. Ikus ditzagun horietako batzuk:
-
Eguzkiak ekainaren 24ko egunsentia argitzen duenean, iturriek eta errekek jendea sendatzeko eta indartzeko ahalmena dute. Hori dela eta, jende askok egunsentian ura jaso eta etxera eramaten dute familia eta aziendak bedeinkatzeko.
-
Berdintsu balio du egunsenti horretan zelai eta larreak bustitzen dituen ihintzak. Hori dela eta, jendea oinutsik ibiltzen da ordu horietan edota abereak ateratzen dituzte urte guztirako indar daitezen. Esaten dutenez, lehen baziren biluzik ihintzetan iraulka ibiltzen zirenak.
-
Itsasoan biluzik, bizkarra emanez eta ilargiari begira sartzen denak gauza handiak egiteko aukera izanen du.
-
Pikondo baten azpian musika-tresna batekin jartzen denak berehala ikasiko du tresna hori jotzen.
-
Ekainaren 24a hasten delarik, leihotik begiratzen duten ezkongaiek euren bizitzako maitasuna nolakoa izanen den ezagutuko dute.
-
Zerbait ahaztu nahi badugu edo pertsona gaizto baten itzala guregandik urrundu nahi badugu, paper batean idatzi eta gaueko surtara bota. Papera surtara botatzean honelakoak esaten dira: “To zan, zaharra eraman zan eta berria ekar zan!” edo “Txarrak eraman eta onak ekarri!”
-
Emakume batek, biluzik eta bizkarra emanik, ispilura begiratzen badu kandela baten argipean, bere heriotzaren momentua ikusi ahal izanen du.
-
Ekainaren 24an goiz jaikitzen denak ez du logurarik izanen urte osoan.
2.- Donibane gauaren inguruko atsotitzak.-
Euskaldunon artean horren garrantzi handikoa den egunak atsotitz edo erran zahar ainitz ekarri ditu. Ikus ditzagun horietako batzuk:
– Donianeko euria gariaren galgarria.
– Egunik luzeena San Juanena, gaurik luzeena Santa Luziarena.
– Eguzkiak San Joanetan dantza.
– Gaur da San Juan, bihar juan zan.
– Gaur dala, bihar dala, Doniane etzi, San Joan biharamune.
– Iduzkia Donianetan zeru goian dantzari.
– Jondane Johanez kükü, Jondane Petiriz mütü.
– Jondoanez belea gorde eta Jondore Petiriz bildotsa.
– Jondone Baladi, gutaz urrikal hadi.
– Jondoni Joaneren euriak ogia itotzen eta arnoa urtzen.
– Jondoni Joaneko euria, ogien galgarria.
– San Joan bezpera, sarna fuera,. Ogi eta ardoa etxera. Atso zaharra
gangelpera. Neskatxa guztiak txokolate hartzera.
– San Joan eguna goizetik iluna.
– San Joan eguna, argitu orduko iluna.
– San Joan euri gabie, urtea ogi gabie.
– San Joan euritsu, urtea ogitsu.
– San Joan, artoa eta ogia kanpoan.
– San Joan, nekez etorri eta azkar joan.
– San Joan,nik ez daukat besterik gogoan, bi arraultza kolkoan, beste bi
gehiago altzoan. Artoak eta gariak gorde, gorde! Sorginak eta aztiak gure
artean beude! Sugeak eta apoak erre, erre!
– San Joanek esku batean suba eta bestean uda.
– San Juan egunak ostirala harrapatzen duen urtea urte gaztigatua.
– San Juan eta barikua, saldu idi zurixa eta ekarri artua.
– San Juan goizeko inontzagaz hankak busti ezkero, gatxak kendu.
– San Juan larraka (eguraldi txarra), urte guziko marraka.
– San Juan su, bazter guztiak mamitsu.
– San Juan, biba San Juan! Artuek eta garixek gora!
– San Juan, jan-edanak juan.
– San Juan, zelan etorria, halan juan.
– San Juanetako artoak behar du belea tapatu.
– San Juanetako euriak kentan dei ogi eta ez dei emoiten ardau.
– San Juanetako euriak, ez ardo, ez ogi, ez haragi.
– San Juanetan euri garoa.
– San Juanetan festak, alaitzeko mutil eta neskak.
– San Juanetan kuku, San Pedrotan mutu.
– San Juanetan sagartzeari hiru ale ikusten bazaizkio, urte horretan nahiko
sagar.
– Sua Gabonetan txapan, San Juanetan plazan.
– Udara, San Juanetatik San Pedroetara.