Badira hogei urte Burlatako Axular kultur elkartean izen bereko agerkaria sortu zenetik, beraz, hurbileko euskaldun eta euskaltzale gehienok ezagutzen gaituzue dagoeneko. Dena den, testu honen izenburua ikusita, ez ezazue pentsa urteurrena dela-eta gure buruaz aritu behar garenik, hamarkada batzuk lehenago Iruñerrian argitaratu zen Axular izeneko beste agerkari bati buruz baizik
Dakigunez, frankismoaren urteak jazarpen eta errepresio garaia izan ziren euskara eta oro har euskal kultura zerbait propio bezala sentitu eta maite zuten lagunentzat. Testuinguru horretan oso nekoso suertatzen zen euskaltzaletasun hori publikoki agerraraztea edo kalera ateratzea. Zorionez, beti egon da egoera zail hauei aurre egiteko zirrikituren bat aurkitzen duen jendea. Sentimendu eta ideia hauen inguruan antolatzeko bizi zen egoera latza ekidin nahian, Niza kafetegian bazkalondoko solasaldiak antolatu ohi zituen euskaltzaleen talde batek “Iruñako Euskalerriaren adiskideak” edo erdarazko “Real Sociedad de Amigos del País” deituriko bilgunea birsortu zuten.
Elkarte hau –Frantzian jaio ziren mota hauetako elkarteen eredua jarraikiz– XVIII. mendean sortu zen lehendabizikoz Nafarroako Erriberan, eta iraun zuen denboran eskualdeko azpiegitura berriak sortzeko lanean aritu zen batik bat. Mende bat beranduago Iruñean bertan elkargoa berpizteko saiakera bat egon zen, baina ez zen oso arrakastatsurik suertatu, taldea sei urtez besterik ez baitzen lanean aritu (1842-1848). Pasa den mendean, Bigarren Errepublikaren aurkako estatu-kolpeak heriotza eta espetxea ekarri zituen Nafarroako abertzale eta euskal mugimenduaren kideentzat. Ekaitzaren gogorrena pasa eta gero, bertan onik geratu ziren euskaltzaleek beraien jardunbide publikoa aurrera eramateko gerra aurreko tresna guztiak (alderdiak, elkarteak, komunikabideak…) suntsiturik ikusita eta berriak sortu ezinean, zokoraturik ikusi zuten euren burua. Lehen esan bezala, euskal kultura eta euskararen aldekoak taldeka biltzen ziren hizketan aritzeko hiriburuaren zenbait kafe-etxe eta tabernatan, baina hau ere arriskutsua suerta zitekeen, eta gainera, haien jardun edo lan publikoa ahalbideratzen ez zuenez, ezin zuen emaitza handirik eman.
Ataka larri honetatik ateratzeko, aipaturiko aspaldiko elkarte hori birsortzea erabaki zuten. Orduko agintariei estatutuak aurkeztu ondoren, hiriko liburutegi ofizial batean biltzeko baimena lortu zen. Bilgunea 1960. urtean legeztatu zuten eta Iruñako San Anton kaleko 3. zenbakiko lehenengo pisuan finkatu zen bere egoitza, gaur egun Ikastoleen Elkartea dagoen toki berean. Une horretan 27 kide ziren, baina sei urte beranduago 600 izatera heldu ziren. Haien helburu nagusiak hiru ziren: euskara, ekonomia eta foruak.
Eraberritutako “Iruñako Euskalerriaren adiskideak” elkarte honetako lehenetariko zeregin bat agerkari bat sortzea izan zen, eta halaxe sortu zen Axular izeneko buletina. Helburu horren atzean aspalditik zebilen Jose Agerre idazle, politikari eta euskaltzale nafarra, izan ere, gerra aurreko Napartarra, Amayur eta La Voz de Navarra zuzendari izandakoak, mezu idatziaren garrantziaz jabetua, ezinbestekotzat jotzen zuen argitalpen bat izatea. Zoritxarrez ezin izan zen horretan luzaro aritu, bihotzak huts egin zion eta. Dena den, argitalpenak bere bidea jarraitu zuen, eta hasierako zortzi orrialdeak, denborarekin biderkatzen joan ziren. Agerkaria hiru hilabetean behin plazaratzen zen, eta elebidunez egiten bazen ere, erdara zen nagusi. Bertan, olerkiak, bertsoak, kultura eta historia lantzen ziren gehienbat, baina buletinaren ardatza foruen eta euskararen defentsa ziren.
Elkarte honek antolaturiko ekintzen bidez, Iruñerrian euskaldunen birikek arnasa pixka bat hobeki hartu ahal izan zuten. Haiek antolatu zuten Santa Ageda bezperako koruak 1963. urtean, bai eta euskarazko lehenengo euskal meza ere hurbileko komentu batean. Kideek bultzaturiko beste ekintza batzuk hauek ziren besteak beste: lore-jokoak, mintzaldi zikloak, olerki eta bertso lehiaketak Nafarroan zehar. Era berean ere, garrantzi handia izan zuen talde honek herrialdeko lehenengo ikastolen sorreran. Bilgunea erreferente bat izan zen herrialdean euskara eta kultura maite zutenentzat frankismoaren egunerokotasun miserablearen azkeneko urteetan.
You must be logged in to post a comment.