Uda hartan, eta ikusita Manexek zer-nolako zaletasun eta grina zeuzkan txoriren bat kaiolan edukitzeagatik, egun batean, hiriburuko izeba Gotzonek papagaitxo bat ekarri zion kaiola eta guzti: horia, berdexka, isats luzea, oihu zoliak egiten zituena eta, antza denez, erraz bezatzen edo hezten den horietako bat. Manexek pozaren pozez hartu zuen oparia, eta, gainera, izeba maitagarriak horixe esan zion, alegia, txori hura oso mantso, bare eta otzana zela, hots, kaiolatik aterata ere, ez zuela ihes egiten, beti itzultzen zela bere etxetxora, hau da, jende artean eta eskuetan ibiltzen oso ohituta zegoela, azken batean.
Horiek horrela, handik aurrera gure mutikoak ia-ia egunero hartzen eta ateratzen zuen papagaitxoa kaiolatik, berarekin jostatzeko. Batzuetan, eskuetan zerabilen; hor janari pixka bat jarri eta bertatik jaten zion hegaztiak. Beste batzuetan, sorbaldetan, eta, sarritan, baita buruaren gainean ere. Hor, txoria gustura aritzen zen Manexen iletxoekin jostaketan: mokoarekin, orain ile-sortatxo bat hartu eta aztertu, orain utzi, orain ile bakanak mokokatu eta tenkatu eta abar; horrela, luzaroan, aspertu arte. Eta egoki iruditzen zitzaionean, burutik hegaldatu eta normalean kaiolaraino joaten zen, zizparen tiroa bezala, hegalak astinduz zalaparta batean.
Baserritar gaztetxoa horrela ohitu zen ibiltzera papagaitxoarekin etxeko sukaldean, pasabideetan, logeletan, egongelan eta abarrean, lasai eta patxadaz, hainbeste, non, egun batean, kalera eramatera ere ausartu baitzen.
Egia esateko, etxe barruan, papagaitxoa oso txintxo ibiltzen zen, eta, lehenago aipatu bezala, bukaeran beti joaten zen bere kaiolara: batzuetan, gainean pausatzen zen, eta beste batzuetan, atetxoa irekita baldin bazegoen, kaiola barruraino ere sartzen zen bere kabuz. Horrek guztiak, Manexi konfiantza oso handia eman zion txoriarekiko.
Kontua da, baserri hartan, udan, ohitura zutela, eguneko belarretako lanak bukatutakoan, afari-merienda egitekoa, kanpoan, etxe ondoko sagasti azpian. Hori horrela, ilunabar goxo batean, Manexek ausardia handiz, kaiola kanporaino eraman zuen, erabakitasunez. Etxekoek, harrituta, esan zioten:
-Baina, nora hoa? Zer egin behar duk?
Eta Manexek, lasai eta uste on osoarekin erantzun:
-Ba, etxean bezalaxe, papagaitxoa kaiolatik atera.
-Baina, hanka eginen dik, ordea! –ohartarazi zioten.
-Lasai!, nik bai baitakit zertan ari naizen.
Hala, bada, kaiola etxeko horman zintzilik ezarri, txoria hartu eta buru gainean jarri zuen, ohituraren arabera, etxeko guztien aurrean.
-Hi ganbaratik egina hago, motel! –esan zioten, berriz ere.
Kontua zera da, gezurra badirudi ere, txoriak hantxe iraun zuela zenbait minutuz, beti bezalaxe, Manexen kalparrekin jostaketan eta entretenitzen, hango inguruaz erabat ahaztuta. Mutikoaren familiakoak harri eta zur. Manex bera ere, harroturik eta gero eta konfiantza handiagoan ari zen mugitzen alde batera eta bestera.
Baina, halako batean, teilatu eta sagarrondoen gainetik, karnaba talde txiki bat pasatu zen hegan, kantari eta alai. Papagaitxoa, hura ikusita, ez bat eta ez bi, zurrunbilo zalapartari baten moduan abiatu zen ziztu bizian, gainerako gauza eta pertsona guztiak hantxe ahaztuta: Manex, haren ileak, bera kaiola eta abar. Mutikoa sor eta lor gelditu zen. Ez zuen holakorik espero eta ez zekien nola erreakzionatu ere; hobeki esanda, ez zuen batere erreakzionatu. Ahoa bete hortz gelditu zen, zer egin ez zekiela.
Handik gutxira, papagaitxoa intxaurrondoan pausatu zen, karnabekin batera. Manexek, orduan, itxaropen pixka bat sumatu zuen sabelean, baina, zoritxarrez, itxaropen hark oso gutxi iraun zion, bere txoria gainerako karnaba guztiekin batean, ospa egiten ikusi zuenean. Urrutiratuz joan zen, gero eta gehiago, gero eta gehiago, azkenean, begi-bistatik zeharo galdu arte.
Manexek, badaezpada ere, luzaroan itxaron zion papagaitxoari, ikusteko ea damututa-edo itzultzen ote zen haren kaiolara, baina ez, inondik ere ez zen itzuli, eta mutikoa hantxe gelditu zen, goibel, amorratuta, lotsa gorritan, atsekabeturik eta erdi negarrez, gora begira, zerurantz, kaiola hutsik aldamenean zeukala, eta, gainera, etxekoen adarra jotze, iseka eta trufa maltzurrak jasan behar:
-Ai, babalore halakoa! –aitak, barrez.
-Sasijakintsu ustezkoa! –amak, algaraka.
-Hi haiz hi txoroa! –anaia zaharrenak, iseka eginez.
-Ergela izan behar duk hori ez jakiteko –arrebak, harpa joz.
Ilunabar hartan Manex ohartu zen, oraindik gauza asko zituela ikasteko, eta apalxeago jokatzeak ez dakarrela kalterik.