KRUGER-EN ONDOTIK

Kamioi bat gure aldera zetorren, beste norabidean, iparraldera, guregandik aski urrun. Eskuinean zen eta normala zen, Hego Afrikan izanez. Kilometro batzuk aurrerago ikusten genuen errepidea, aldapa leun batean behera zihoana. Bi ibilgailu baizik ez ziren ikustekoak, kamioi hori eta gure autoa.

Errepidearen bi aldeetan zerua urdina zen, hodeirik gabea. Dali-ren zenbait margolanetan bezala, errepidea zuzen-zuzena zen, paisaia bi alde simetrikoetan partekatuz. Zeruak lurraren ikuspena zapaltzen zuen pixka bat. Belar altuek, muga gabeko tapiz edo alfonbrek bezala, lurra zeruertzeraino estaltzen zuten.

Horrek guztiak lasaitasunezko inpresio handia ematen zigun, egun batzuk Johannesburg hiriburuan eta Kruger parkean pasatu ondotik.

Johannesburg-ek hiri handi baten burrunba eta trafikoa ditu. Horrez gain, aro honetan, duela hamarkada bat inguru, auzo bat ez zen bisitatzen ahal gidaririk gabe, beraz gainerako auzoetan urduritasun pixka batez ibiltzen ginen.

Kruger parkean, animalia basati lanjerosak gurutzatu arren, arriskurik ez omen zen. Hala ere piztiak erakusteko ibilgailuen gidariek, beti zuten eskutik hurbil kalibre handiko eskopeta.

Beraz, handik Durban-era gindoazen, bidean nonbait, zulu herrixka zahar batean gaua pasatzeko. Ordu luzeak jadanik autoz eginik genituen, Kruger parketik goiz goizean abiaturik baikinen. Ondorioz, trafiko gutxi zelako, pentsa dezakezuen bezala, pixka bat modu automatikoan gidatzen nuen : nork ez du sentimendu hori jadanik izan?

Hala ere, kamioira hurbiltzen ginenean, zerbait bitxia zela sentitzen nuen, oraindik izenda ez dezakedan zerbait. Kamioiari eta paisaiari begira, behin eta berriz, han nintzen deus egin jakin gabe.

Orduan, lehenik, kamioia apur bat motela zela konturatzen hasi nintzen. Baina zergatik abiadura moteldu errepide huts hartan?

Erdiatoi (kamioi erremolkedun ) handia zen, kamioi hura. Hemengoak baino handiagoa; uste dut kamioi amerikanoak bezalakoa zela. Motela baino motelagoa zela ikusi nuen, geldo-geldoa!

Eta emazteak, nire ezkerrean : “Zer pasatzen da? Zergatik moteltzen zara? Zergatik hemen?” galdetu zidan, apur bat urduri. Zeren eta, dudan izanez, oina altxatua nuen azeleragailutik, pentsatu gabe.

Eta orain ikusten nuena ez zen batere normala! Kamioiaren atzeko gurpiletatik abiatzen zen hodeitxo bat, ke hodeitxo bat, grisa edo beltza, ezkerretara, gure aldera! Burumuineko pentsamendu zurrunbiloan, sua kamioia hartzen ari zela iduritu zitzaidan. Besterik ez nuen ikusten errepidean edo bazterretan. Denbora berean, gure abiadura txikitzen hasia zen: 110, 100, 90 km orduko… Kamioitik berrogeita hamar metrora etorriak ginen, gutxi gorabehera.

Hantxe ikusi nuen, segundo lipar batean, ikusi eta ulertu. Errepidearen ezkerretik, belar altuen artetik, emeki-emeki eskuinetara mugitzen, adar pare bat, metro eta erdi bat lurraren gainean!

Ikusi orduko, dena ulergarri bilakatu zen! Kamioia tanpez gelditu zen behia saihesteko! Horregatik balaztaren kea, larrialdiz balaztatu behar izan zuelako. Kamioi gidariak denborez gelditu izan ez balu, behia hilen zuen, eta familia oso bat elikadurarik gabe utziko.!

Gerora ikusita, xantzaz ez nuen ezer egin eta 90 edo 80 km orduko abiaduraz jarraitu nuen, zuzen-zuzenean. Emazteak adarrak ikusi zituen bere leihotik hogei zentimetrora pasatzen, kamioia gurutzatu genuenean, ahotsik gabe gelditu zen!

Gau berean, trago galant batez, eguzkiaren azpian ospatu genuen kitorik zen beste bizitza baten gozatzea.

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (64. zenbakian)