Ziurtagiriaren Elkarteak lan mundua euskalduntzeko estrategikoki lanean dihardu 2007tik, Bai Euskarari Ziurtagiria erreminta nagusi delarik.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zuen 2000. urtean, baina Ziurtagiriaren Elkartea da agiriaren kudeaketa integralaz arduratzen dena, 2007tik. Bere bitartez alor sozioekonomikoko entitateen arteko elkarlana sustatzen da, euskarak eremu berriak bete ditzan.
Bai Euskarari Ziurtagiria prozesu parte-hartzaile, dinamiko eta planifikatu baten emaitza da eta erabiltzaile guztien ekarpenak jasoz etengabe hobetzen ari da.
Urte hauetan Ziurtagiriaren Elkarteak proiektua sendotzeko, hobetzeko eta hedatzeko pausoak eman ditu, gizartearentzat egitura erreferentea sortuz eta hauspotuz.
Hala, proiektu ezberdinak garatzen ditu urtean zehar:
-
Ziurtagiria
-
Enpresarean
-
Lansarean
-
Lazarraga sariak
2013an egin zen elkartearen Hausnarketa Estrategikoa eta horri esker, elkartearen egitasmoa sendotu eta euskararen normalizazioaren bidean urrats biziak egiten jarraituko du. Helburua adostu da: “Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea”. Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du alor soziekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izateagatik, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.
Denok gara eragile, eta hor kokatu behar da Bai Euskarari Ziurtagiriak etorkizunean ere egin nahi duen ekarpena.
Iturria: http://www.baieuskarari.eus/