TORTURATU BEHAR DUTEN ZEZENARI

Gaur arratsaldean, Iruñeko zezen-plazan basaki torturatu eta umilatu ondoren, lasai-lasai eta patxada guztiarekin, jendetza handi baten aurrean erailko haute, sanferminak aitzakia hartuta, munduko gauzarik normalena eta naturalena balitz bezala. Inork ez dik deus ere aurka esanen; inork ez dik protestarik eginen. Ematen duenez, Europa demokratiko, aurreratu eta moderno honetan, horrelako ekintzak eta “jaiak” kultura ondareak omen dituk Espainian (eta Euskal Herrian, antza), eta, dirudienez, hori ez zaiek batere axola euskal abertzale independentistarik garbienei ere; bejondeiela!

Lehendabizi, goizeko zortzietan, une latz batzuk pasaraziko dizkiate entzierro delako horretan, baina kontua ez duk larritasun gehiagora joanen. Bitartean, hitzontzi sasi-jakintsuak hitaz luzaro mintzatuko dituk. Hor esanen ditek nongoa haizen, zenbat kilo dituan, zein kolore daukaan, Espainiako zer larredi gozotan bizi ahal izan haizen orain arte errege edota maharaja bat bezala, tauromakiako eskuzabaltasun handiari esker, hau duk, azken batean, zezenketariek egiten duten lan anker eta eskergaren bitartekotasunagatik jarrai dezakeela bizirik hire espezieak, bestela, badakik, munduko zezen guztiak aida batean desagertuko liratekek; beraz, toreatzaile hiltzaileei eskerrak eman behar!

Beste berritsu batzuk urrutirago joanen dituk oraindik, eta, esanen ditek zezenok suharrak izanik, horretarako jaioak zaretela, alegia, zezen-plazan torturaren aurkako borrokan duintasunez hiltzeko. Hori berebiziko ohorea omen duk zuentzat. Gainera, jakintsurik jakintsuenen arabera, hi bezalako animaliok ez omen duzue oinazerik sufritzen tortura eta ankerkeria horretan, zuok daukazuen ez zekiat zein dohain misteriotsu eta miraritsuri esker.

Hortaz, zezen otzan maitagarri hori, badakik, gaur arratsaldean Iruñeko zezen-plazan, ezten-hagarekin, banderillekin, ezpatarekin eta sastakaiarekin zuloz betetzen hautenean, eskerrak eman hire eraileei, orain arte bizi ahal izan haizen bezala bizi izan haizelako. A!, eta isatsa edota belarriren bat ere mozten baldin badiate hik azken arnasa bota baino lehen, esker onekoa izan hadi lur, zeru eta jainko guztiekin!

Hi ez haiz libratuko; gaur bertan akabatuko haute gaizkile ankerra bahintz bezala, baina, espero dezagun hemendik hamarkada batzuetara, bi hankako animalia irrazionalak pixka bat zentzatzea.