MANEX BELARRETAN

Uztaileko egun batean, goiz-partean, Manex bizi zen baserrian, belar lanetan ari ziren jo eta su, belar giroa, hau da, eguraldi eguzkitsu eta beroa aprobetxatzen ari ziren denak emanda. Mutikoak ordurako, gainditua eta nahiko ahaztua zuen tirabikearekin jasan zuen porrot txikia.

Egun hartan, baserritik goiko aldean zuten belardi aldapatsu batean tokatzen zitzaien lan egitea; izena Goiko euntzea zuen. Hain maldatsua zen Goiko euntzea, non behi gurdia orekatu eta kargatu ahal izateko, belar soroan, goiko aldean gelditzen zen gurpilaren parean, alegia, lurrean, zulo bat egin behar izaten baitzuten, gurpila sartu eta erosoago lan egin ahal izateko.

Goiz hartan, Manex anai-arreba eta gurasoekin, lehendabizi, belarra zabaltzen aritu zen, eta geroago, belarrari buelta ematen, ahalik eta azkarrena lehortu zedin. Goizerdian, denek atseden polita hartu zuten, aldapa erdi erdian, hesian bertan zegoen haritz handi baten itzal azpian, iturritxo baten ondoan. Iturburua lurrean berean zegoen eta hantxetik bertatik hartzen zuten ura pitxer baten bidez. Ura hotz ateratzen zen iturri hartan, gutxi, baina goxoa suertatzen zen, batez ere, bero handiko egunetan, egun hartan zegoen bezalaxe. Hala eta guztiz ere, kontu handiz ibili beharra zegoen ura pitxerrarekin hartzeko momentuan, putzu txikitxo hartan izainak bizi izaten baitziren.

Dena den, harako hartan, baserritarrek ez zuten batere arazorik izan izainekin. Ur gardena oso gustura edan zuten denek, ase arte; inor ez zen egarri gelditu. Ura edaten bukatu ondoren, haritz handiaren itzal azpian kokatu eta pausatu ziren denak, atsedenaldian jarraitzeko, eta, geroxeago berriz lanari ekiteko. Horretan ari zirela, pitxerra erabili zuen anaia batek, aldarte onean, txantxa bat egiteagatik zer bururatuko eta, pitxerrean gelditzen zen azken ur hondarra ez al zion, ba, bota Manexi goitik behera? Azken hau biziki haserretu egin zen, baina txikiena izanik, ez zuen modurik ikusten nolabaiteko mendekurik hartzeko, eta, gauzak horrela, erabaki zuena zera izan zen, lehenago ebaki eta itzulikatutako belarraren gainean etzatea, eguzkitan. Niki bustia erantzi eta hantxe etzan zen ontzen ari zen belarraren gainean.

Esan liteke mutikoa gustura gelditu zela etzanda, ahuspez, bizkarra lehortzen, goxo-goxo eta epel-epel, erdi lo. Baina, halako batean, erdi lo erdi esna zegoela, zaratatxo iraunkor txiki eta leuna entzutea iruditu zitzaion, sabelaren azpian. Burua altxatu, begiratu, eta, arraioa mila demonio!, ez al zuen ikusi, ba, sugegorri bat ateratzen, urdail azpian zituen belarren artetik? Jauzi batean zutik jarri eta oihuka hasi zen:

-Sugea, sugea! Lagundu! Azkar! –larri eta estu.

Lehenago pitxerreko ura bota zion anaiak berak, jaiki, bigoa hartu eta egundoko makilakada eman zion sugegorriari bizkarrezur erdi-erdian. Sugea bizirik, bai, baina ibili ezin zela gelditu zen, bizkarrezurra hautsita. Geroxeago, buruan beste hainbat kolpe emanda, azkenean, sugegorri gaixoa hilotz gelditu zen. Manexen anaia hark berak, suge hila bigoarekin hartu eta euntzean goitik behera, bortizki jaurti zuen, urrutira. Zoritxarreko sugegorria hantxe joan zen airean, hegan, nonbait erori eta galdu zen arte.

-Ai, ai, ai, oilobustia halakoa! –bota zion lehengo anaiak berak Manexi.

Manexek, orduko hartan ere isil-isilik gelditu behar izan zuen, txintik ere esan gabe, eta beste guztien aurrean gainera, koldar baten moduan.