Etorkizuna eraikitzen ari gara. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen Hausnarketa Estrategikoa (2014-2016) burutu dugu 2013an zehar. Ez da hutsetik abiatu, bere garaian “Ziurtagiriaren Elkartearen estrategia, 2009-2012” onartu baitzen; bertan, Ziurtagiriaren Elkartearen misio, balio eta ikuspegia definitu ziren. Halaber, 2009an, Berrikuntza Agendaren definizioa egin zen eta estrategian egokitzapenak txertatu ziren.
Horrela bada, Hausnarketa Estrategikoaren bitartez, egoera zertan aldatu den aztertu da, batetik. Bestetik, aurrera begira Ziurtagiriaren Elkartearen helburua eta lan ildoak zeintzuk izango diren zehaztu da.
Prozesu parte-hartzailea bultzatu dugu, guretzat berebiziko garrantzia baitu inguruan ditugun erakundeek bertan parte hartzeak eta, horregatik, hainbat interes-talde identifikatu eta hausnarketa prozesura gonbidatu ditugu: zuzendaritza taldea, Elkartean bertan lanean ari diren pertsonak, Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak, aholkularitza sektorean ari diren enpresak, Kontseiluko bazkideak, administrazioak eta abar. Horien ekarpena jaso nahi izan dugu oso baliagarria baita Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen etorkizuna eraikitzeko unean. Interes talde bakoitzak bere bizipenetik aztertu du proiektua, ekarpen zein ikuspegi-aniztasunari esker egitasmoa aberasteko eta sendotzeko.
Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen Hausnarketa Estrategikoari esker, gure egitasmoa sendotu eta euskararen normalizazioaren bidean urrats biziak egiten jarraituko dugu.
Helburua adostu dugu: “Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea”. Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izateagatik, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.
Denok eragile gara, eta hor kokatu behar da Bai Euskarari Ziurtagiriak etorkizunean ere egin nahi duen ekarpena. Baina hori ez da nahikoa. Horretarako, gainera, alor sozioekonomikoan aritzen den aktore bakoitzaren zereginak ondo finkatu behar dira. Garrantzitsua da lan mundua euskalduntzeari begira zeresana duten aktoreak ezagutzea eta horietako bakoitzak zein funtzio bete behar duen argitzea. Guztion arteko elkarlana, osagarritasuna eta laguntza guztiz beharrezkoak dira.
Etorkizunean Bai Euskarari Ziurtagiriak urrats biziak ematen jarraitu nahi du, eta jarraituko du, alor honetan esku-hartze zuzena duten aktoreekin. Erronkari erantzukizunez heldu nahi diogu, euskaraz lan egin nahi dugulako, euskaraz kontsumitu nahi dugulako, euskaraz saldu eta erosi nahi dugulako. Euskaraz bizi nahi dugulako.
Iturria: http://www.baieuskarari.eus/