AGUR DIASPORAKO JENDE MAITEA
Montebideorat iritsi bezain fite, denda bateko errotuluan URROZ irakurri dut, eta oroitzen naiz lehen aldiz Montebideon egon nintzelarik ere argazki bat atera niola kartelari.
Bai Uruguain bai Argentinan izen eskualdunak ugari dira; ez da harritzekoa, beraz, izen eskualdunak ikustea. Diasporako eskualdunekin elkartu naiz euskal astean.
Montebideotik Argentinako Chubut eskualdera iritsi naiz, Esquel hirira, eta herrian LOS VASCOS izeneko kale-kantoi bat ikusi dut. 1966an etorri zen Argentinara izo Dolores, eta 1977an fundatu zuen frantziskotarren misiolarien komunitate txiki bat Esquelen. Patagoniako hiri hartan dago geroztik, eta lehen aldiz joan zelarik, hirian LOS VASCOS izeneko lokal hura bera ikusi zuen. Berehala joan zen hara ea eskualdunik bazen edo bazekiten zerbait eskualdunei buruz, baina bertakoek ez zekiten zer zen “vascos” izena ere. Oraindik han segitzen du LOS VASCOS kale kantoiak. Hamarkadak daramatza izo Doloresek Argentinan eta bere Amaiurko eskuaran ez du nehoiz hitz egin; ahantzi ere egin du bere txikitako eta gaztetako eskuara, baina ongi ulertzen du eskuaraz mintzo banaiz.
Maputxeen lurraldean pilmaiken (enara) hau ibili da udaberrian ahotsa galdurik, iparra galdurik, norabide berriak deskubritzeko itxaropenarekin. Izo Doloresekin egon naiz egun gutxi batzuk bere etxean, eta huntaz eta hartaz mintzatu gara, familiaz batez ere, eta bihotzez mintzo ere. Bere bizitzaz hitz egin dit, nola eta zergatik erabaki zuen moja sartzea, eta hark zera bota dit: aisago da maite den Jainkoarekin espostea, maite den gizONarekin baino.
Izo Dolores aita zenaren arreba bat da, eta 1966tik bizi da Argentinan Frantziskotar misiolari gisa laguntzen eta erizain lanak egiten. 22 urte zituela, 1954an, erabaki zuen Amaiur sorterria eta familia utzi eta Iruñera joatea komentura. Iruñetik Guadalajarako Trillo herrira joan zen, eta han zela ama zena hil zen minbiziaz Iruñean 1964an, baina ezin izan zuen hiletara ere joan. Trillotik Iruñera joan zen ariketa espiritualak egitera, eta han esan zioten Argentinara joan behar zuela.
http://www.euskalkultura.com/espanol/noticias/lista-de-los-mas-de-1200-misioneros-y-misioneras-navarras-repartidos-por-todo-el-mundo … Maya Dendarieta, María Dolores Maya (Baztán) 15-01-32 Argentina
Patagoniako nere euskal txokotik SAN NICOLAS DE LOS ARROYOS hirirantz abiatu naiz, Bairestik igaroz. Hantxe Begoña Tiserak itxaroten ninduen pozik aireportuan, eta merezi nuen gisan harrera egin dit, idazle eta poetisa gisa baino lagun on gisa alegia.
HARRAPATARI edo nahikoa ilegal, San Nicolaseko euzketxean jende aunitz topatu dut, eta iritsi eta berehala han afaldu dut euskal etxeko kideekin. Javier Tisera olerkari eta kazetari “marginala” ezagutu dut, eta hark erran dit harrapatari dela, bere aiton-amonek erabiltzen zuten hitza erabili du bere burua identifikatzeko alegia. Bere poesia irakurri dut, eta nahikoa soziala eta lokala da, eta horregatik oso interesgarria San Nikolaseko herria ezagutzeko.
Mikel Ezkerro argentinar eskualdun historialari ospetsua ezagutu dut, eta harekin hitz aspertu bat edo bi izan dut. Casto Cantero Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeko kideari buruz hitz egin dit, eta 1930-1960 artean Irungo San Martzial jaiak antolatu zituela ere erran zidan. Mikel Ezkerro argentinarra Bilbon jaioa da baina 1939-1950 artean Argentinaratua. Geroztik, langile dabil euskal kultura eta historia diasporan zabaltzen.
DENOK BATERA ELKARTASUN-PAELLA GENERAL ROJO HERRIAN.
San Nikolaseko euskal etxea soziala da, kulturala baino gehiago. San Nikolaseko umeek jateko duina izan dezaten lan egiten dute, eta hilero janaria prestatzen dute haien sabelak betetzeko. Lan zinez ederra, eta Argentinako euskal astearen barnean ekitaldi polita eta hunkigarria izan zen, haurrek errepikatu nahi zutena alegia.
Euskal aste nazionalean gaztelania entzuten da batez ere, baita Argentinako euskalkia ere, baina eskuaraz ere bai, eta aukera on bat da diasporako eskualdunek eskuaraz mintzatzeko. Euskal aste honetara Begoña Tiserak San Nicolaseko euskara-irakasleak gonbidatu ninduen, eta etortzea erabaki nuen euskal astearen barnean antolatu zuen Mintzodromoan laguntzeko. Diasporako hainbat euskal etxeetako euskara-ikasleek nahiz Euskal Herritik joandako eskualdunok parte hartu dugu bertan eta ederra izan da zinez guztiok elkarbanatutako eskuara.
Euskal etxeetako abesbatzen gau-beila ere izan zen San Nikolaseko antzoki ederrean, eta Michel Etcheverry, Mikel Urdangarin, Xabaltx musikarien laguntzarekin. Itsasoan euria egiten duen bezala, itsasertzean hitzeman zidan hark ere eta hartaz oroituz, Montebideon zoriontsu ni gabe, kopla bat edo bi bihotzetik kantatzen diot, berandu bada ere. Herritik urrun nago, emakume libre baten moduan, ene bihotza libre ez bada ere, harena baita. Bat loturik deino ez gara libre izanen, eta nire aukera bakarra hura berriz ere maitatzea da. Le prefiero compartido que... kantuak dioen bezala. Ez dakit.
Visca Catalunya lliure! aldarrikatu zuen Mikel Urdangarinek kontzertuan, eta Rocka libre egiteko erran ere Xabaltxek bere erritmoan, baina nora zoaz, ene maite?
San Nikolaseko euskal etxea soziala da, kulturala baino gehiago, eta euskal etxeko kide bakoitzak bihotzez emandakoarekin egin dute aurtengo euskal aste argentinarra. Eskertzen diet egin didaten harrera bihotzekoa.
Izan ere, elkarrekin egin behar dugu mundu hau hobeagoa, poetikoagoa. ELKARREKIN/ TOGETHER film dokumentala aurkeztu zuen Angel Oiarbidek San Nikolasen, eta otro mundo fue posible, otro mundo sera posible lelopean batzeko aldarria egin zuen, bertzenaz jai dugula. Gure esku dago herri-ekimenaren izenean Angel Oiarbidek aurkeztu zuen dokumentala. Elkarrekin mundua aldatzeko gai gara!
2016an hasi zuten espedizioa Estatu Batuetan, Mainen, Plasentia irlan, Albaolakoek. Gure esku dagoren lankidetzarekin Albaolakoek sortutako dokumental arkeologikoa izan da, eta gustukoa izan dut. Hurrengo ortziralean azaroaren 17an Montebideon aurkeztuko du dokumental bera Angel Oiarbidek Universidad de la Republicaren Humanidades fakultatean.
Euskal Herriko populazioaren %70 baino gehiagok ez du diasporaren berri Deustuko unibertsitatearen ikerketa baten arabera. Eta diaspora, aldiz, guri begira dago urteetan. Maribe Tiseraren arabera, euskal etxeko euskara-irakaslea bera eta nire mintzalaguna, argentinarren ospe txarraz landa, funtsean eta benetan argentinarraren izaera solidarioa aldarrikatzen du hunkiturik; izan ere, argentinarrak bihotz osoz egiten ditu gauzak, eta tristurarekin begiratzen du Euskal Herrian dirua edukita zein gutxi begiratzen den diasporara. Diaspora guri begira beti, eta bitartean Euskal Herrian denok elkarren kontra.
2015ean Boisen autoritate euskaldun aunitz egon zen bilkura garrantzitsu batean, eta hortik sortu zen dokumentala bultzatzeko ideia; izan ere, JUNTOS O NO HAY NADA QUE HACER esan zuten eta badela garaia batzeko dokumental horren balioez ohartu ziren. Hainbeste kanpora begiratu gabe, Eskoziara edo Kataluniara, gure barnera begiratu behar dugu eta indarrak bildu. Bertan zen EH BILDUko Jasone Agirre, baina ez alderdiaren izenean, baizik eta kanpo-harremanetarako diasporaren arduradun gisa. Ez zen lehendakaririk agertu, soilik Eusko Jaurlaritzako ordezkari bat. Aspaldian ez dela lehendakari bat joaten euskal astera, eta horretaz kexu zen Begoña Tisera, baina garaiak aldatzen dira.
2014 urtean giza-katea egin zen Durango eta Iruñea lotzeko, eta bitartean gu elkarren kontra. Diaspora, berriz, elkarturik gure esku dago ekimena sustengatzen.
Dokumentalarekin batera, gure esku dagok beste mundu-eredu bat aurkeztu nahi du, orain hain modan dagoen win-win edo irabazi-irabazi harreman-motak bultzatuz. Eredu horren paraleloan urteetan eta mendeetan gailendu den eta gailentzen den irabazi-galdu eredua, konkistaren eta zapalkuntzaren ereduaren kontra.
Euskara orain arte iritsi baldin bada, garai desberdinetara aldatzeko gaitasuna izan duelako izan da. Helburu bera bisualizatu behar da, eta helburu hori handia izan dadila, utopiatik hurbil. Hartara Montebideoko Galeanok erran zuen bezala ibiltzen segitzeko motiboa izanen dugu egunero, eta BATZEN gaituzten gauzak bilatu behar ditugu beti.
Harritzekoa izan zen dokumentalaren aurkezpenean instituzioetako ordezkaririk ez egotea ia, garai batean lehendakaria joaten baitzen beti Argentinako euskal astera, baina garaiak aldatzen dira, dena aldatzen da, norbera izan ezik. Horregatik, erakundeen pare, formakuntza jarri behar dugu. Zer egin dezakegu batu gaitezen?
Jasone Agirre han zen, baina ez preseski Ehbildu-ren ordezkari gisa, baina diasporaren arduradun gisa baizik. Berak ere zioen diaspora ez dela ezagutzen Euskal Herrian, eta “diasporaren eguna” proposatu zela orain dela urte batzuk, 2006an edo. Ordezkari katalan batzuk ere egon ziren, eta eskualdunen inbidia dutela diasporari begiratuz gero. Izan ere, euskal diaspora lan handia egiten ari da urte hauetan guztietan. Euskaldunek ez dute zer inbidiatu katalanei.
Dokumentalaren ondoren, herriko plazan Donostiako danborrada egon zen, eta gero antzokiraino joan ginen kalejiran. Han, euskal dantzen jaialdia zegoen, eta Argentinako euskal etxe bakoitzak euskal dantza bat aurkeztu zuen. Oso ederra izan zen!
Eta bururatu zitzaidan dantzatzen duen herri batek nolatan ez duen euskal balet nazional bat. Zergatik ez?
San Nicolas hiriko plazan Argentinako eta Euskal Herriko bandera handi bana igo zituzten, eta bakoitzaren ereserkiak entzutean, GORA ETA GORA euskal ereserkiarekin hunkitu nintzen, Euskal Herritik kanpo ikurrin handi bat plazaren erdian goratuta ikusirik, eta a ze polemika sortu zen Donostiako Gipuzkoa plazan ikurrina handi bat eskegi zelarik.
Montebideoko itsasertzean eman zenidan hitza,
zu ikustera etorri naiz handik hona
itsasertze batetik bestera
malko bat erori zait itsasora
eta zuhaitzak soilik besarkatu ditut
zu gogoan…
Hitz horiek idatzi nituen Mikel Urdangarinen “Margolaria” diskoa gogo-bihotzean, ene maite galduaz oroitzean.
Igande eguerdian meza egon zen erretako elizaren kanpoaldean, eta omenaldia egin zitzaien 1936-37an hildako apaiz euskaldunei.
Argentinarra berez solidarioa da, eta dena bihotzez egiten du. Euskal herritarrek ez dute hori ikusten, diasporan egiten den lan handi hau, euskal kultura zabaltzea eta euskara ikastea alegia, eta horrek tristetzen du Bego Tisera euskara-irakaslea.
Mezaren ondoren, plazan dagoen Gernikako arbolaren aldamenean, landaretxo batzuk landatu ziren eta Gernikako Arbola kantua abestu. Ondoren, euskal dantzari guztiak batera dantzan ikusteko aukera izan genuen San Nicolas erdian.
Entre asadito y empanada
ensaimada y frutilla,
euskal jaia!
Entre kaixo! Eta aupa!
Irrintzi eta dantza
euskal jaia!
Entre casas pintorescas vascas nos cobijamos
en la casa vasca de San Nicolas
en la semana vasca entre edificios mudos
y catedral quemada.
Euskaldunberri, euskaldun peto
eta baskoen artean
mintzodromoa eta erromeria!
Bukatu da jada euskal jaia aurtengoz.
Iragan asteburua euskal giroan murgildu naiz Argentinan, eta ondoren Montebideon egon naiz. Han ez dut inor itxaroten, baina bere bila joan naiz, nahiz eta ez nauen erantzun. Nire bihotza hots taupadaren hotzez hotz kanpoko eguzki berotan. Euskal Herrira itzuli aitzin, ene Montebideoko haritza besarkatu dut eta joan da adarrak airean erroak ene bihotzean dituela.
Bigarren aldiz egon naiz Bairesko Retiro autobus geltokian. Lehen aldian negarrez urrundu nintzen maitearengandik, ez bainuen fisikoki beragandik aldendu nahi. Berarekin bizi nahi nuen hasi berri genuen maitasunezko bikote-harremana. Nere bizitzako bikote bakarra. Montebideon euskal aldaxka zaintzen duen Leonat Egiazabalekin egon naiz eta San Nicolasen utzi nituen bezala, hari ere Hatsaren Poesia liburu bi eman dizkiot.
Ez dakit hirugarren aldiz etorriko ote naizen hona Euskal Herritik. Ez dakit ezer. Nik soilik maite dut ikaragarri, bihotzez. Nik soilik hitz magiko hauek idazten ditut.
Nik soilik San Nicolasen Mirarien Ama Birginari bisita eta desioa eskatu diot. Nik soilik nigan sinetsi behar dut eta fedea izan. Maitasuna zegoen tokian maitasuna dago ene ustez. Hiru urteren ondoren Montebideorako bide bera egin dut, nigan indartsu taupaka sentitzen du ene maiteak, eta bihotzak harengana joateko esaten dit.
IRAGANA ETA GEROAREN artean harrapatuta, GAUR Benedettiren “yesterday y mañana” liburuko poema zenbait irakurri ditut:
DENBORA GUZTIA UZTEN DIZUT,
zurekin uzten ene bihotza Montebideon,
egin ezazu behar duzuna, errespetatzen dizut,
DENBORA GUZTIA.
ITXAROTEN ARI NAIZ.
AGIAN INORK EZ NAU ITXAROTEN,
INORK EZ DITU ENE MEZUAK JASOTZEN.
BEHARBADA NORBAITEK EZIN DU LO EGIN,
ETA BIDAI-KAIERA HONETAN LEHERTZEN DEN OLERKI HAU
AIRERA DOA ZUGANA.
AGIAN, HARTUKO DUZU.
AGIAN, NORK DAKI!
Gauzak konpontzera joan naiz Montebideora, hala nola gutarteko zubia.
Bukatu da aurtengoz hegoalderako bidaia, bukatu euskal astea, seguraski katalanen karietarat, aurtengoa inoiz baino politikoagoa eta sozialagoa izan den euskal astea bukatu da, baina euskal astearen mezuarekin gelditzen naiz: elkarturik ez bada, ez dugu zereginik. Beraz, batu gaitezen eta elkar maita!
ENARAK EZ DU BEHIN EGINDAKO KABIRIK INOIZ ALDATZEN, baina banoa hegan, hegan ez bada ez noa
enara bainaiz
hegoalderantz udaberriaren eta epel bila doan enara airosa
behin egin baitzuen kabia
eta kabi horretara nahi du berriz.
Baina ez dakit.
Banoa hegan
ilargi bete lagun
lagun bete ilargi
aita zena ondoan
duela urtebete hil zen lagun bat keinuka
hilargitik
irribarrez
eta aitzina segitzeko kuraia eman nahian
mundu berrian arnas berritu eta lasaitu.
Negarrez ari naiz idazten hitz magiko hauek
negarrez itzuli nintzen
duela hiru urte zoriontsu eta maitemindurik Euskal Herrira
negarrez itzuliko naiz bihar
Montebideotik triste eta maiteminez
lagun zaituztet lagunok, familia,
duela 15 urte juxtu joan zitzaidan aita.
Aita zenaren hutsuneak eragotzi dit bikote-harreman iraunkor bat izaten.
Izan ere, aita baten maitasun inkondizionala
ezin da bete bikotekide kondizional batekin.
Hori izan da ene akatsa:
aitaren hutsuneak
bikote batekin betetzea.
Aitak baldintzarik gabe maite ninduen;
bikoteak, baldintzekin.
Hala ere, orain ere,
lagun ditut nerekin
maite galduarekiko oroitzapen ederrak
aitzinarazten nautenak.
Lagun dut Gofi tabernarien gidaria
eta lagun dut bidaia honetan
aita.