INTSUSA

Intsusa, Sambucus nigra L. (Adoxaceae), herri-medikuntzan oso landare ezaguna da. Flota deitzen zaio Nafarroako erdi aldean. Saúco, sabuko, sabuquera ere leku askotan.

Nafarroako zenbait herritan, haurrek jolasean ibiltzeko, intsusarekin zerbatanak egiten zituzten, hau da, adar zati bati mamia kentzen zioten, eta zotz baten laguntzaz, amuko-bolatxo bat tutu barrura sartzen zuten, jarraian, beste bat. Putz eginez, lehenengo bolatxoa, tiro bailitzan, ateratzen zen. José María de Lacoizquetak erabilera hori bere liburuan aipatzen du (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas, 1888), eta esaten du Bertizaranan linsusa esaten zaiola, eta lapurteran sabuka. Manuel Larramendik ziorria (zia: erpin, hau da, hosto puntaluzea) deitzen dio bere hiztegian (Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín. Donostia, 1745). Halaber, zenbait lekutan, San Juan egunean, landarea bedeinkatzen zuten, eta beste lekutan, Gorputzi-eguneko prozesioan, intsusaren loreak botatzen zituzten.

Intsusa, 3-7 metro goierako zuhaixka da. Kaduzifolioa, hostogalkorra alegia. Adarrez beterik aurkezten da. Azal arre eta zimurtsua, muin zuria. Aurkako hostoak, 5-7 foliolokoak, imparipinatuak, lantza itxurakoak, zerradunak, berde ilunak, neguan galtzen ditu.

Lore txikiak eta zuriak, korinbotan multzokaturik, horren diametroa 20 zentimetrokoa izan daiteke. Udaberrian ateratzen dira. Urrutitik, nabarmen ikusten dira, eta intsusa beste zuhaitzekiko nahastezina egiten dute. Fruituak drupa, txikiak, beltz more ilunak, mamitsuak.

Erreka bazterretan, ezpondetan, baso-soilgunetan hazten da. Landare osoak, gutxi-asko, muzilagoa du, beraz, eragin emolientea.

Euskal Herrian oso ezaguna da eta sendabelar gisa, askotan erabilia. Dohain asko ditu. Loreek dituzten flabonoideek, olio esentzialek, muzilagoek eta gatz mineralek eragin diuretikoa eta izerdiarazlea ematen diote. Haien infusioak arnasketaren gaitzen aurka hartzen dira, baita gripearen eta erreumatismoaren aurka ere. Infusioak lore lehorrekin egiten dira.

Landarearen organo guztiek eragin libragarria dute, batzuek besteek baino eragin handiagoa. Hosto freskoak eta fruitu heldugabeak toxikoak dira. Azken horiek goragarriak eta purgarriak izan daitezke. Fruitu heldugabeak, eta sustraien eta zurtoinen egosketaren ura hartzea toxikapen gehienen sorburuak dira.

Barne erabilpenerako, loreen infusioak, estraktuak eta tinturak bakarrik aholkatzen dira. Hotzeria eta gripearen tratamendurako esnez egositako loreak erabiltzen dira, esne hori hartuz. Bestalde, loreen, azalaren eta hostoen infusioak, baita organo horien egosketaren ura ere, eztarriko gaitzak sendatzeko, gargarak eginez, eta begien hanturak tratatzeko erabiltzen dira, baita zauriak orbaintzeko ere.

Birrindutako hosto eta loreekin egindako kataplasmak hematomen zein hanturaren tratamenduan erabiltzen dira, eta giltzurrunetako minaren aurka ere bai.

Bada modu berezi bat zenbait gaitzi aurre egiteko. Hauxe da: hotzeria, gripea, flemoiak eta hagineko minari aurre egiteko, sutik txingar batzuk bereizten dira eta loreak txingar horien gainean botatzen dira. Eskuoihal bat buru gainean jarri eta txingarretara hurbildu, loreek eta txingarrek sorturiko lurrinak arnasteko. Loreen magia eta lilura! Modu berean, zenbait lekutan, intsusaren lore eta hostoen egosketaren lurrinaz baliatzen dira belarri eta haginetako minari aurre egiteko eta flemoiak sendatzeko, lurrin horren gainean burua jarrita, burua bera eskuoihal batekin estalita.

Erredurak arintzeko, adarren barruko aldea ondo txikitu ondoren, benda edo oihal batez estalita, mindutako tokian jartzen da.

Argizariz, oliba olioaz eta intsusaren adarren azalez egindako ukenduak oso erabiliak dira Euskal Herrian, hanturen eta kaskakoen aurka, zauriak eta erredurak desinfektatzeko eta orbaintzeko, baita intsektuen eta beste zomorroen ziztadak tratatzeko ere. Adarren azalaren ordez, kimu berrien hostoak ere erabiltzen dira. Intsusaz gain, zenbait lekutan, beste sendabelar batzuk gaineratzen zaizkie, hala nola, baratxuriak, tipula, berbena, pasmo belarra eta abar, eta ardo beltz pixka bat ere bai.

Pello Iturria Sarasibar