Jose Karlosek honela idatzi zidan:
“Kaixo Erlantz.
Orain ume guztiak Olentzeroren opariei buruz pentsatzen ari dira.
Ai gure Olentzero, ze jatorra.
Baina, Olentzero? Olentzaro? Orentzaro?
Buruhandia? Urde tripa handia???
Hau da gure Olentzero???
Lagundu, nor da gure Olentzero maitea?
Eskerrik asko“.
Esker mila zuri, Jose Karlos.
Eta, honatx, ene gogoeta:
Normalean aipatzen dugun “Olentzero” nafar pertsonaia mitologikoa da, ohitura bat, XX. mendean nafar herri batzuetan oraindik bizi-bizirik zegoena. Non? Nahikoa logikoa denez, oro har euskara bizirik zegoen eskualdeetan… Izan ere, Lesaka da, ziurrenik, gehien aipatu den herria, baita Leitza ere, bere “Orantzaroa” pertsonaia eta aroarekin (Barandiaran).
Jada 1950. hamarkadan, errate baterakotz, bere ospakizun herrikoia ezaguna zen Iruñean. Berantago, euskaltzaletasunari ongi loturik, han hemenka berreskuratu da, bai nafar Mendialdean bai Erriberan, bai Beran bai Kortesen, Izaban edo Bianan. Eta egun, Nafarroa Garaian ez ezik, Euskal Herri osoan ere naturaltasun osoz ospatzen ohi da, baita munduan barna zabaldurik dagoen euskal sakabanaketan ere, jakina, euskal etxeak, nafar etxeak… Europan, Ameriketan edota Australian!
Baina eta hemen, zuk errana, zer dakigu “Olentzero” hitzaz? Aspaldian Bittor Kapanaga ikerlaria zenak adierazi zidanez, “Olentzero” hitza euskarazko izenaren erdal era omen da. Hots, euskaldunok betidanik “Olentzaro”, “Orentzaro”, “Onentzaro”, “Orantzaroa” eta bertze erraten ohi bagenuen ere, erdararen eraginez “Olentzero” hitza nagusitu zaigu. Aldaketa hau ez da hagitz arraroa. Hor dugu, kasu, “gezurtero” arrunt-arrunta, “gezurti” jatorra erran beharrean…
Eta zer erran nahi du “Olentzaro” hitzak? Antza denez, Bittor Kapanagak ere eni kondaturik, “ole” izenekoak bertso batzuk ziren, abesten ohi ziren bertso batzuk, alegia. Berak, Otxandio herrian, Bizkaian, tikitan ezagutu zituen. Eta “aro” delakoak ere nahikoa garbi dirudi: urtaro, azaro,… Hots, Olentzaro, beharbada, “ole” bertsoak abestekotz aroa, garaia izaten ahal zen. Halaber, ohitura hau, bertso aroarena, Europako toki anitzetan jaso da, neguari dagokion solstizioari loturiko usadioetan, alegia.
Gauza hauetan, jakina, iritzi bat baino gehiago dago, baina erran berri dizudana iritzirik zabalduena delakoan nago.
“Olentzero” pertsonaiak, berez, zer nolako lotura zuen “ole” bertso horiekin, eta “aro” horrekin ez dakit. Izan ere, gurean, nafar Mendialdean, dirudienez nahikoa pertsonaia azkarra zen, argia, baina era berean beldurgarria zen, gaiztottoa, mozkortia, bortitza, mina egiten zuen horietakoa, umeak ikaratzekoa, auskalo… Halere, orain opariak ekartzen ohi ditu, eta horrela lehenagoko kondaira aldatu da. Zer erranik ez Mari Domingi, gutunak, ekitaldiak eta bertze…
Edonola ere, “Olentzero” pertsonaia, ekitaldia eta historiaren inguruan hamaika gauza idatzi dira. Hor da, kasu, informazio ugari duen www.olentzero.net, eta horrezaz landa bertze zenbait toki sarean: www.leitzakultura.net, www.olentzeropamplona.com, www.olentzero.info, wikipedia.org/wiki/Olentzero, www.Olentzaro.net, www.jalgi.com/olentzero/aukerak, www.olentzeroa.org…
Agur beroa jaso, Jose Karlos, eta laster arte!