Neguko solstizioa edo neguburua hurbil daukagu. Eguzki zaharra akiturik eta indargabeturik dago, laster, 25ean, eguzki berria sortuko da, Eguberri izeneko jai solstizialaren tenorea izanen da. Bezperan, hau da, 24ko gauean, Olentzero Euskal Herriko herri guztietan barrena ibiliko da eguzki berriaren jaiotza iragarriz. Sutondoetan olentzero-enborra piztuko dugu eta subilaroa hasiko da. Hauxe da, festa honen oinarrian dagoena. Gaur egun, sinesmen horretatik deus gutti gelditzen zaigu, tamalez. Kontsumismoa eta materialismoa dira nagusi. Hori dela eta, honako gogoeta egin dut. Piztu ditzagun gure bihotzak eta berreskura ditzagun naturalismoan eta animismoan oinarrituriko arbaso zaharren sinesmenak!
1.- Argaintxabaleta aldean,
Aralarko mendietan,
izar bat ikusi zuten
hango gailurretan.
2.- Ekialdetik zetorren
Kixmi horren berria,
Olentzero zekarkigun,
gure ikazkin zikina.
3.- Jentilak izutu ziren
izarra mintzatzean,
Kixmi bazetorkiela
azaldu zienean.
4.- Olentzero han zegoen,
ikatz txondorra utzita,
aro baten amaiera
zela hura azalduta.
5.- Jentilen azti haundiek,
hori ez ikusi nahian,
trikuharrietan gordetzeko
eman zuten agindua.
6.- Olentzero buru haundia
eta begi gorriak,
zahatoa esku artean
eta pipa ahoan.
7.- Ez zaitezte ikaratu!
-esan zien amultsu-
Ortzi-Mariren aroa
da betiko amaitu.
8.- Bizitza honetan badira
gurpil eta aroak,
garai zaharra da bukatu
berria zaigu agertu.
9.- Euskaldunak oso erne
izan zaitezte beti!
Siniste zaharrak hil dira
ta berriak ageri.
10.- Zeruetako izarrak
mintzo dira goxoki,
Mikelats eta Atarrabi
lurpean dira bizi.
11.- Sorgin zaharrak dira kantuz
bilduta akelarreetan,
Olentzero mozkortia
irrintzika bideetan.
12.- Urtero itzuliko naiz
-dio gure Olentzerok-
horretarako beharko dut
ardo on ta otordu bero.
13.- Euskal Herriko umeak
ditut nik alaituko,
urrak ta intxaurrak banatuz
ta Gabon gaua piztuz.
14.- Ez nauzue aberatsa
ta ez opari-egile,
osasuna ta zoriona
banatzeko naiz zale.
15.- Horra, horra! kanta ezazue
Horra, horra Olentzero!
Atxiki ezazue euskara,
Bizi zaitezte euskaldun!
16.- Agur modura badoa
Olentzeroren mezua
Bizi dadin gure euskara
ta gure Euskal Herria!