ADIN TXIKIKOAK = ALKOHOLA 0

Gure etxeko ikasle nerabeek lehen hiruhilekoa akitu dute! Atseden eta opor egun batzuk dituzte urtarrilean berriz ere ikasketetara itzuli aintzin.

Egun hauetan gabonetako zenbait ospakizun familia artean edo lagun artean egingo ditugu eta dituzte. Gurasoei eta helduei adin txikikoen eta alkoholaren arteko harreman arriskutsuaz ohartarazi nahi zaituztegu hurrengo egun hauetan kontsumoa emango dela jakina baita, hortaz neurriak hartzea ezinbertzekoa da:

Gaur egun gure gazteen alkohol kontsumo modua:

  • Kontsumitzen hasteko adina jaitsi egin da. Honekin lotuta, egoeraren kontrola eta arriskuaren pertzepzioa txikiagoa dute eta garapen ebolutiboan eragin handiagoa izan dezakete.

  • Edateko modua: Bat-bateko kontsumoa eta graduazio altukoa egin ohi dute (denbora gutxian kantitate asko, graduazio altuarekin eta parrandaren hasieratik intentsitate altuko kontsumoa egin ohi dute berehalako efektua bilatze aldera).

  • Substantzien nahasketa, polikontsumoa.

Zer egin familia kontestutik PREBENTZIO arloan egin beharrekoa:

  • Denbora eskaini eta bere inguruneaz interesatu, bere errealitatera hurbildu: gurasoak seme-alabekin egotea funtsezkoa da. Antolatu, lehentasunak jarri eta indarrak neurtu seme-alabekin kalitatezko harremana eraikitzeko.

  • Maitasuna eta babesa eman arauak eta mugak jarriz: mugak eta arauak segurtasun eta kontrol sentimendua sorrarazten diete, beren jokabidea bideratzen eta porrotari aurre egiten laguntzen die, bai eta beren jokabideak beraiengan zein besteengan dituzten ondorioak aintzat hartzen ere.

  • Ordutegia eta dirua adinaren arabera egokitu.

  • Seme-alabei erabaki propioak hartzen erakutsi: lagun taldetik etor daitezkeen presioak gestionatzen lagundu.

  • Gurasoak eredu gara: Egiten dugun hori beraiek ikusi, naturaltzat jo eta ikasiko dute. Gurasook ze harreman mota dugu alkoholarekin? Gure egunerokotasunean dago? aisialdiaren parte dugu?

  • Seme-alabekin alkohola eta bestelako drogei buruz hitz egin, eraginkortasunez komunikatu: egunerokotasuneko momentuak aprobetxatu gaiaz hitz egiteko. Egoerak aurrez prestatu, ondotik gertaerei aurre egin. Gurasoen egin beharra da.

  • Aisialdi eta jai giro osasungarriak sustatu, elkarren arteko errespetua bermatuz. Ezetza beti da ez.

  • Zalantzak badituzu, Bortzirietan alor desberdinetako (hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak) profesionalak hemen gaudela ez atzendu!