MANEX KATAKUMEEKIN

Manex bizi zen baserrian katu ugari izaten zituzten beti, sei edo zazpi gutxienez, etxe inguruko bazterrak animaliaz garbiak edukitzeko, izan ere, katuek saguak, satitsuak, satorrak, sugeak, ziraunak, muskerrak, sugandilak, matxinsaltoak, txoriak, tximeletak, arkanbeleak, kakalardoak eta abar jaten edo behintzat hiltzen baitituzte. Katu gehienak gainera emeak izaten ziren etxe hartan, eta, noski, horrek esan nahi du baserri hartan katakume asko jaiotzen zirela, urtean behin behetik jota, udaberri aldean, gehiagotan ez baldin bazen behintzat.

Gauzak horrela, baserri hartan, askotan, bat-batean topatzen ziren sei, zazpi edo zortzi katakumerekin, eta, jakina, denak aurrerako utziz gero, urte gutxitan etxean katuak pilatuko lirateke erruz. Eta, zein zen, ba, garai hartan arazo horri ematen zioten aterabidea? Ba, konponbidea, ona ala txarra, ankerra ala ez, animaliatxo txiki haiek gehienak akabatzea zen. Garai hartan Euskal Herrian ez zegoen animaliak babesteko elkarterik, giza talderik edota erakunderik, eta horrelaxe jokatzen zen; orduan guztiz normala zen eta halaxe jarduten zen. Beste alde batetik ere, ez zen batere erraza katakume haiek inori ematea, ia-ia mundu guztiak katuak zituelako bere etxean.

Hori horrela izanik, ba, baserriko mutikoa zain egoten zen ea amak edo aitak noiz esaten zion:

-Manex, katakume gehiegi ditiagu. Utzi kateme bakoitzari ume bana eta gainerakoak akaba itzak, bai, maitea!

Hori entzunda, mutikoa poz-pozik jarri eta berehala hasten zen bere jardunean. Ganbarara igo eta soberan zeuden katakumeak, inolako eskrupulurik gabe lapurtzen zizkion bere amari. Baina, lehenik eta behin, kumetxo guztiak aztertzen zituen, bere ustez, katutxorik egokiena salbatzeko.

Katakume haiek txiki-txikiak izaten ziren, jaioberriak, begiak oraindik ere ireki gabe izaten zituzten eta ilea motx-motxa. Hainbat koloretakoak izaten ziren: xuriak, beltzak, gorrixkak, arreak, ñabarrak eta abar. Eskuetan hartzerakoan, beren gorputz bero-beroak sumatzen zituen Manexek. Esan bezala, gorputzak ñimiñoak zeuzkaten, baina, hala ere, lodiak eta bete-beteak, alegia, beren amaren esneaz ongi elikatuak zeuden seinale.

Hala, bada, katu ama errukarriari aukeratutako ume bakarra utzita, ukuilura jaisten zen Manex gainerako kumeekin eta han porlanezko zoru puska on bat bilatzen zuen, edo, bestela, larrainean harlauza egoki bat. Erabaki ondoren non akabatuko zituen katakumeak, banaka-banaka bortizkeria handiz jaurtitzen zituen zoruaren aurka, bere indar guztiekin. Kask entzuten zen eta eskuarki une berean hiltzen ziren animaliatxo koitaduak. Eta behin ganbarako guztiak akabatu eta gero, gauza bera egiten zuen ukuiluan aurkitzen zituenekin; seko uzten zituen aida batean, modu berean, inolako arretarik gabe. Kontu jakina da: haurrek zer ikusi, hura ikasi.

Egun hartan behinik behin, baserritar txikiak gustura bukatu zuen bere jardunaldia; harro bere buruaz, lana ongi burutu izanaz asebeteta. Katakumeak behintzat ez zituen bota bizirik errekara, beste leku askotan egiten zuten bezalaxe. Zerbait bada.

Handik hiru-lau urtetara, baserrian karabina bat erosi zuten, nahi zuenak erabil zezan, eta, jakina, Manexek ere behin baino gehiagotan hartzen zuen. Perdigoiak eta balinak jaurtitzen zituen; oso gustukoa zeukan. Horrela, ba, egun batean, katakume batzuk akabatu behar zituenean, bururatu zitzaion ea zer moduz moldatuko ote zen karabinarekin tiroak emanda.

Gauzak horrela, animaliatxo errugabe bat hartu, larrainera eraman, karabina kargatu eta ordurako lurrean utzita zeukan katakume babesgabeari, tiro egin zion hurbiletik, ongi apuntatu ondoren. Katutxo gaixoak garrasi egin zuen, baina ez zen hil, nahiz eta oso gaizki zaurituta gelditu. Manex urduritzen hasi zen, ez baitzuen horrelakorik espero. Karabina berriro kargatu eta berriz ere jaurti zion beste balin bat keinatu ondoren, hurbilagotik. Katakumeak berriro ere egin zuen kexuren bat, baina bizirik zirauen. Mutikoari ez zitzaion batere gustatu han gertatzen ari zena. Egonezin eta urduriago jarri zen, argi eta garbi nabaritzen baitzuen katutxo koitadua nola ari zen sufritzen, eta horrelakorik ez zuen nahi inondik ere.

Etsipen eta larritasun haietan, karabinari beste balin bat sartu eta oraingo honetan bertatik bertara eman zion tiroa animalia txikitxoari, buruan. Hiru zauri zituen dagoeneko, odoleztatuta, baina oraino ez zekien seguru bizirik ala hilda ote zegoen katu urrikalgarria, horrexegatik, azkenean, badaezpada ere, eskuaz hartu eta harri baten aurka bota zuen bere indar guztiekin, bortizki.

Orduan, bai, azkenik ematen zuen katakumea erabat hilda zegoela. Manexi oso luzea eta mingarria gertatu zitzaion ekintza hura; arrunt gaizki pasatu zuen, asko sufrituta. Nekez ahaztuko zitzaion inoiz igarotako infernu hura. Gogotik damutu zitzaion, eta horrexegatik, bere buruari zin egin zion, sekula santan ez zuela berriz ere erabiliko halako metodoa, katakumeak akabatzeko.