MANEX ETA HABIAK

Udaberri aldean, Manexek, eskolara joan eta itzultzen zen bitartean, bere ibilbidea gauza ugari egiteko aprobetxatzen zuen. Haietako bat habiak bilatzea izaten zen. Joan-etorri haietan mota askotako habiak aurkitzen zituen gainera, konparazio batera, birigarro, karnaba, txepetx, hormatxori, zozo, galeper habiak eta abar. Baina, gure gaztetxoa ez zen horrekin konformatzen, ez, aurkitu eta ikusteaz gain oso gogoko izaten baitzuen topatutako habiaren jarraipen xehea egitea, hau da, esate baterako, habia nolakoa zen, arrautzak zein koloretakoak ziren, txorikumeek zer itxura zuten, zenbat ziren, zenbat denbora kostatzen zitzaien haztea eta hegaldatzea, eta bat eta beste; hori guztia jakitea gustatzen zitzaion.

Hala ere, ez dezagun pentsa lan hura oso erraza zela, ez, inola ere ez, zeren eta habiak oso leku ezberdinetan egon ahal baitziren, adibidez, batzuk, euntzeetako lurrean egon zitezkeen, belarren artean, beste batzuk, sasi txiki batzuen barruan, beste batzuk, ordea, hesien barnean, bestetzuk, zuhaitzetako adarretan, horma txikietan, handietan, teilatu-hegaletan eta abar, eta abar. Beraz, denek ez zuten erraztasun berbera behatuak gertatu ahal izateko; batzuk oso errazak ziren, baina, beste batzuk, ordea, arrunt zailak. Hortaz, bada, kuxkuxean aritzeko erraz samarrak ziren habia haiekin saiatu egin behar.

Gauzak horrela, udaberriko egun argi eta goxo batean, baserritar txikiak, eskolarako bidean, zozo habia bat topatu zuen; pozak txoratzen jarri zen. Ederra zen: ongi ehundua eta polit apaindua. Hesi baten adar batzuen artean zegoen, ikusteko erraz samarrekoa. Hurbildu zenean, zozoak izututa alde egin zuen, ziztu bizian, hegan eta garrasika; protestaka. Bertatik bertara begiratu eta lau arrautza eder ikusi zituen, elkarren ondoan, habia erdi-erdian; argiak. Manexek dar-dar egin zuen hartutako zirrara eta ilusioarekin. Bitartean, habiaren jabeak, emea eta arra, hantxe zebiltzan, inguruan, hegaka, urduri, beren arbuioa adierazten eta mutikoa uxatu nahian.

Azkenean, handik gutxira, Manexek herri aldera jo zuen, habia hantxe utzita, eskolara garaiz iristeko; pozik eta alai jo ere.

Hurrengo egun eta asteetan ere antzeko moduan aritu zen mutikoa, kuxkuxean, txorikumeak noiz jaiotzen ziren ikusteko. Baina, zozo amak eta aitak ere inguru haietan jarraitzen zuten Manex ikusiz, gogaituta, nazkaturik eta asper-asper eginak.

Denborak aurrera egin zuen, baina, mutikoak, ordea, ez zuen inolako aldaketarik sumatzen, ez zuen bilakaerarik aurkitzen; berantetsia zegoen. Etsitzen hasia. Ez zuen ulertzen zer gertatzen zen.

Azkenekoz, egun batean, gai hari susmo txarra hartu zion; hura ezin zela logikoa izan pentsatzen hasita zegoen, ezta normala ere. Egunak joan, egunak etorri, eta txorikumeak ez ziren jaiotzen; arrautzen oskolak ez ziren lehertzen. Beste alde batetik ere, ordurako Manex ohartuta zegoen, hantxe jadanik ez zituela topatzen zozo ama eta aita, hasieran bezalaxe. Oso harrituta zegoen.

Azkenik, jakin-minari gehiago ezin eutsi, eta arratsalde batean, eskolatik etxerako bidean, Manexek erabakimenez habiatik arrautza bat lapurtu eta ikertu nahi izan zuen, zer gertatzen zen zorioneko arrautza haiekin jakiteko. Azala kontu handiz kraskatu eta barruan zer zeukan arakatzen hasi zen; agian txorikumea jaiotzear egonen zen. Egia esateko, mutikoak ez zekien zehazki zozoek zenbat egun behar izaten zituzten arrautzak txitatzeko, baina, bere ustez, dagoeneko egun gehiegi zeramatzaten habian kumeak jaio gabe, gauza onerako. Segituan, sekulako kiratsa sumatu zuen. Zalantzarik gabe, arrautza hura zeharo ustelduta zegoen; hantxe ez zen dudarik txikiena ere. Geroxeago, gauza bera gertatu zitzaion bigarren, hirugarren eta laugarren arrautzarekin ere. Argi zegoen, hantxe zerbait ez zen joan normalean bezala.

Bere harridura eta kontraesan guztiekin, baserrira iritsi zenean, anaia zaharrenari gertatutakoa kontatu eta orduan ulertu zuen zer pasatu zen, anaiak dena zehaztasunez kontatu zionean, alegia, hegazti askok, kuxkuxean oso zirikatuak eta miatuak sentitzen baldin badira, orduan habia zapuztu egiten dutela, hau da, bertan behera utzi eta abandonatu betiko, eta, antza denez, huraxe izan zen Manexen habian ere gertatu zena.

Ordura arte ez zekien horren berririk, baina handik aurrera, gogoan oso ongi hartu zuen zirikatze haien arriskua. Beste ustekabe eta porrot txiki bat gehiago gure protagonista saiatuarentzat.