Gaur arratsaldean, emaztea eta biak kontzertu batera joan gara, Angelura, ezagutzen ez genuen eliza txiki batera. Han, musikari bikote batek jo du eta koru amatur batek kantatu.
Musikari bikoteak hamar bat zati klasiko labur jo du, biziki ederki. Musika pieza bat “Olatuan” deitzen zen. Baltsa leuna zen. Eserita nintzen lekutik, ezin nituen musikariak ongi ikusi, gizon handi bat nire aurrean zegoelako. Beraz, musika hobe sarrarazteko nire zahartzen diren belarrietan, begiak itxi nituen.
Berehala, hasi nintzen Cabo Ledoko olatuak ikusten, barneko begiez ikusten, olatu haietaz aspalditik pentsatu ez arren.
Baina non den Cabo Ledo hori galdetuko didazue, ezta?
Cabo Ledo, lurmutur txikia da, Angolan dagoena, Luanda hiriburuaren hegoaldean. Luandatik Cabo Ledora 120 kilometroko bidea da. Luandan bizi ginelarik, 2003tik 2005ra, sarritan, igandeetan, Cabo Ledora joaten ginen.
Egia erran, Luandatik ateratzeko aukerak gogotik hartzen genituen. Gerla zibila amaitua zen 2002an, bada ez aspalditik. Ondorioz, garai hartan herria egoera txarrean zegoen eta jende gehiena pobrezia handiaz bizi zen. Azpiegiturak gaizki mantenduak ziren eta herriaren berreraikitzen doi-doia hasiak ziren.
Hiriburuko auzo batzuetan, eraikinen hormetan gerlako pilota zuloak ikusten ziren oraindik. Karriketan, lekuka, hondarkin metek airea usain txarrez kutsatzen zuten. Horrez gain, oinez ibiltzea batzuetan desatsegina zen, eskaleak noizbehinka oldarkorrak zirelako. Haientzat, mendebaleko atzerritarrak oinezko diru-poltsak zirela biziki ulergarria da.
Eta zer lotura du horrek guztiak “Olatuan” baltsa leunarekin?
Hau da: izan ere, Luanda hiriburutik urruntzen ginenean, gure deserosotasuna edo kezka pixkanaka pixkanaka murrizten zen. Cabo Ledo hondartza lortu eta gero, desagertua ere zen. Hartara etortzen ziren familia batzuk, bai atzerritarrak, bai Angolako burgesiarenak. Hartara joaten ahal izateko, auto bat beharrezkoa zen. Hondartzara zeraman azken bidexka bukatzen zen beherako malda harritsu batean eta 4x4ez hobeki menperatzen zen. Guztiek jan-edan batzuk zeramaten.
Baina oraintxe lumaren azpian datozkidan xehetasun hauek guztiak, irudi orokorra pixka bat argitzeko, xehetasunak baizik ez dira. Gaia da olatuak!
Internet baduzue eta nik bezala sartzen baduzue Google bilatzailean “Cabo Ledo, Angola”, eta gero sateliteko irudia hautatuz, ulertuko duzue, are gehiago zuen bizitzan noizbait surfa egiten saiatu bazineten.
Hango kostaldea gutxi gorabehera iparretik hegora doa. Lurmuturra, sudur bat bezala, sartzen da Ozeano Atlantikoan, ipar-mendebalera. Eta hondartzak ilargi erdi baten itxura hartzen du haren ipar-ekialdean. Demagun Higer lurmuturrak eta Hendaiako hondartzak bat egiten dutela, arteko Bidasoa ibairik gabe.
Eta zer?
Hau da ametsa: difrakzioagatik, Hego Afrikatik datozen olatuak poliki itzultzen dira lurmuturraren inguruan, apalduz eta indargabetuz, eta gero 300 edo 400 metrotan segitzen dute lurmuturraren ekialdera, aitzinatuz hondartzarekin norabide paralelo batean, inon hautsi eta lehertu gabe!
Garai hartan sateliteko irudirik ez nuen, baina gaur, horren bidez biziki ongi ikusten da fenomenoa bista honetan. Horrez gain, hango itsas hondoa aski erregularra delako, olaturik leunenak dituzue! Ez hondoan atxikitzen zaituztenak! Eta egunik onenetan, 300 metroko lerradak ahalezkoak ziren!
Horrelako olatuetan, denbora aski duzue olatuaren ezpainean gora eta behera ibiltzeko, abiadura noiz handituz, noiz motelduz, arratsaldeko baltsa notak bezala…
Zuek ere, amets politak egin itzazue!
“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (65. zenbakian)